Aizkorrikoa da, zalantzarik gabe, jende gehien hartzen duen tontorra. Urtezahar egunean –bada Urteberrri egunez joaten denik ere– hamaika lekutatik etorritako mendizalez betetzen da: oñatiarrak izaten dira, noski; bailarako beste herrietakoak ere asko; baina Gipuzkoako makina bat txokotako eta baita beste
herrialdeetako jendea ere batzen da Aizkorrin, Arantzazutik, Zalduondotik edo Zegama aldetik
igota: "Azpeitia-Azkoitia ingurukoak asko etortzen dira", diosku Oñatiko bere lagun taldearekin
joan ohi den Jesus Laskurainek; "2.000 lagun ere joan izango dira urte batzuetan Aizkorrira",
Arrasateko Alvaro Arregik. Bailaran, herri guztiek ez bada gehienek dute bertako
mendi edo muinoren bat Gabonetako ospakizun-igoerarako, baina lekuan lekuko mendizaleek
eurenarekiko osagarri egiten dute Aizkorrikoa.
Oñatitik, Aizkorrira
1990 urte aldera edo hasi omen zen Jesus Laskurain Urtezahar egunez lagunekin Aizkorrira
joaten: "Hiru hasi ginen eta gero jendea gehitzen joan zen, eta orain kuadrillatxoa elkartzen
gara, zortzi bat".
"Aizkorrin ohitura dugu xanpain botila bat irekitzeko. Han denbora luzean ez da egoterik
izaten, hotz handia egiten duelako, eta Oltzara jaisten gara. Eta Oltzako txaboletan mokadua,
ardoa, xanpaina, pastak, turroia... Koadrilan egoten gara, baina beste jende bat ere egoten da han
inguruan, eta elkar gonbidatzen dugu. Urteetan juntatzen gara berdinak, bergarar batzuk ere
bai eta...", dio Laskurainek.
Aurrena Aizkorrira eta gero Oltzara, beraz; izan da urterik, ordea, gora igo gabe geratu behar izan dutenik: "Behin hasi ginen Arbelarretik gora igotzen baina buelta hartu behar izan genuen; oso txarra zegoen, eta min hartu aurretik... Eguraldi txarrarekin ere joan egiten gara normalean, baina urte hartan izotz handia zegoen; goitik behera zetorren bati galdetu genion eta esan zigun
kranpoirik eduki ezean bera ez litzatekeela igoko".
50 urte Udalatxera
igotzen Aizkorrira Urtezaharrean bezala, Udalatxera Urteberri egunez da igotzeko ohitura, "ofizialki" 1964tik, Alvaro Arregiren arabera: "Banakaren bat lehenago hasiko zen agian. Baina Besaide hasi zen antolatzen Venus Uranga presidente zela".
Orduan oinez joaten ziren Arrasatetik, "ez zegoelako Udalarako errepiderik". Eta goian ez omen zuten egiten gauza berezirik, hasieran: "Hasieran Udalan egiten zen hamarretakoa, bueltan", argitzen du Arregi bezala Udalatxen hutsik egiten ez duen Juanjo Saenzek –biak Besaideko presidente izanak, gainera, besteak beste–. Orain, ordea, denetik izaten da; 1971n koba egokitu zuten eta aukera eman zuen denbora gehiagoan goian geratzeko: "Xanpaina, patata tortilla...".
Eta behera edanak eragindako poztasunez agian: "Igo gehiago; egon dira urteak jendeak txarolezko zapatekin igo izan duena. Zuzenean, aldatu gabe", dio Arregik.
Herriko jendea izaten da Udalatxen batu ohi dena, "ingurukoak gutxi": "150 pertsonatik ez zen pasako sekula; azken urteetan 50-60 izaten gara", azaltzen du.
Arregi eta Saenz 1969tik urte batean ere hutsik egin gabe joan dira Udalatxera Urteberri egunez –Saenz oraindik ere Arrasatetik oinez–, eta barrez dio lehenengoak: "Han elkartzen garen bitartean esan nahi du oraindik bizi garela". Eta zergatik joaten diren galdetuta: "Diziplinagatik. Egun horretan hara igo nahi izanez gero ezin zaitezke asko despistatu, eta urtean zehar ibili egiten gara horrela".
Hainbeste urtean askotariko giroak ezagutu izan dituzte Urteberri egunez, baina igotzea eragozteko adinako txarrik ez: "Hotzak bai, baina elur askoko urteak... Elur gehien 1972an, eta hogei zentimetro, gehiago ez", gogoratzen du Alvaro Arregik.
Orkatzategi eta Kurtzebarri
Azken hamar urteetan Udalatxera joan bezperan Aizkorrira ere kuadrilla majoa joan izan direla azaldu digu bikote arrasatearrak, eta beste horrenbeste gertatzen da, adibidez, Aretxabaletako jendearekin. Aizkorrira bai, baina gertuagoko mendietara ere bai. Hala, 24 urte daramatzate Zaraia Mendi Elkartekoek Orkatzategira –aurten abenduaren 22an– eta Murura joaten: "Jan, barre, Gabon kantak abestu... egiten dugu", dio Martin Garai presidenteak; hogei bat lagun joaten omen dira, baina 99 ere izan ei ziren urteren baten. Aurtengo hitzordua ere, 08:00etan Iralabarri plazan. Eta Murura, urte berriarekin; salda eta txorizoa izaten da gero, Galartzan.
Murrukixo elkartearen bueltan biltzen diren hainbat lagun, ostera, Kurtzebarrira igotzen dira, Eguberri egunez –hitzordurik gabe–: "Gaztetan ajea izaten genuen 1ean, eta ez ginen mendira joaten; horregatik hasi ginen 25ean joaten", dio Murrukixoko Iñaki San Migelek.
Aretxabaletan, 22an eta 25ean
Urtezahar eta Urteberri egunak dira ohikoenak Gabonetako irteeretarako; Aretxabaletan, ordea,
Zaraia Mendi Elkartekoak Eguberri aurreko domekan –aurten, abenduaren 22an– eta Murrukixokoak Eguberri egunez joaten dira mendira, Orkatzategira eta Kurtzebarrira, hurrenez hurren. Zaraiakoek Turroi Eguna deitzen dute egun hori –Murura ere egiten dute irteera, urteko lehen egunean–. Murrukixokoak parrandarekin uztartu ahal izateko hasi ziren irteera hilaren 25ean egiten.
Lehenengo argazkian:Laskurain eta lagunak, Oltzan, ospakizun giroan.
Bigarren argazkian: Jesus Laskurainen kuadrilla, Aizkorrin.