Maite Urzain: "Gabonetan, tentsioa kentzeko espazioak eskaini nahi dizkiogu dolua egiten dagoenari"

Leire Kortabarria 2013ko abe. 18a, 00:00

Maite Urzain erizaina.
Erizain geriatrikoa eta osasun mentalean formazioa jasotakoa da Maite Urzain arrasatearra. Bartzelonan, Alba Payas adituaren eskutik, dolu prozesuan laguntzeko formazioa jaso zuen eta horretan dihardu Bergarako Mizpirualde egoitzan. Bihar, martitzena, Gabonak… eta etxean aulki bat hutsik berbaldia egingo du Mizpirualden (17:00).

Zelan landu daiteke dolu prozesu bat ahalik eta ondoen?

Ez dago formula magikorik. Dolua oso prozesu indibiduala eta intimoa da. Guk erabiltzen dugun eredutik, sintonia bat sortzen dugu pertsona hori dagoen momentuarekin, pentsamenduekin, sentimenduekin eta bizipenekin. Denbora eta lana behar da dolu bat aurrera eramateko: sentitzen dena adierazteko, pentsamendu horiek ulertzeko…

Doluan, hasieran zailena minarekin konektatzea da. Gure mekanismo naturala mina blokeatzea da. Hori naturala da, gorputza oso argia delako eta ez lukeelako jasango mina bat-batean jasotzea. Aurrera egiteko eta hori dena transformatzeko, norberak momentuak topatu behar ditu min horretatik deskonektatzeko, bakoitzaren baliabideekin; baina egon behar dira ere min horrekin konektatzeko eta ausentzia hori sentitzeko momentuak, esanahiak topatzeko momentuak; izan ere, ez da bakarrik pertsona hori galtzea, baita berarekin norberak zuen harremana ere. Harreman hori galtzerakoan, norberaren identitatearen zati bat ere galdu egiten da, eta horrek desoreka handia ematen digu.

Zuk, zure lanean, lagundu egiten diezu.

Gu bidelagunak gara, ez dugu gomendiorik ematen, eta ez dugu esaten zer egin behar duen eta zer ez. Poliki-poliki, bere erritmoan, pertsona horri laguntzen badiozu bere bizitzan sentimendu, pentsamendu eta joerak integratzen, aurrera egin dezake, transformatu eta esperientzia horri esanahiak topatu, izan ere, esperientzia gogorra da, baina bizitzako esperientzia, hori ere.

Aulki Hutsak dokumentala estreinatu berri da.

Neuk dokumentalean ez dut parte hartu, baina aurrekoan, hileta elizkizun baten egon nintzen eta abadeak Gabonez eta aulki hutsez hitz egin zuen. Horrek asko harritu ninduen eta pentsarazi ninduen bagoazela lan bat egiten. 

Baina aulki hutsen kontzeptua ez da berria, ezta? 

Doluaz ari gara, eta Gabonak datoz. Jende guztia ospakizun giroan dago, topaguneak, bazkariak, opariak; herria argiz eta soinuz beteta dago… eta dolua egiten ari den pertsona hori guztiz alienatuta eta tentsioz betea senti zaitezke. Alba Payasek eraiki zituen Aulki hutsak izeneko hitzaldi hauek, eta orain, beste pauso bat eman da eta dokumentala egin dute sentsibilizatuta dauden pertsona askok. Gabonen inguruan, alienatuta egotetik normaltasuna senti dezakezun espazio bat sortzea eta eskaintzea da helburua: Gabonak datoz, tentsioz beteta gaude… bada, zatoz, jesarri egingo gara eta ordu eta erdi hartuko dugu hitz egiteko, sentitzeko, eta egin ditzakegun gauzekin pentsatzeko. Hortik dator aulki hutsen kontzeptua. Egunotan landu da edo landuko da Arrasaten, Arantzazun, Mizpirualden…

Hitzaldi horietara joaterik ez duenari eman diezaiokezu gomendioren bat, Gabonetan dolua nola egin? 

Ahal badu, hitzaldira etor dadila, beste doludun batzuekin espazio hori konpartitzeko eta bakardadea apur bat leuntzen da. Baina egia da, gure bizitza oso agudo doa eta beti ez dago tarte hori edo gogo hori. Gomendio txiki batzuk hauek izango lirateke: bilera bat egitea gertuko familiarekin, eta umeak, zaharrak eta, kasuan kasu, gertuko lagunen bat gonbidatzea, eta bakoitzari hitz egiteko espazio bat ematea, moztu barik, eta emozioak eta sentimenduak adierazteko baimena ematea. Gabonak heldu baino lehen egin dezatela hori. Bakarrik bileratxo hori kontsigna horiekin egiteak euren komunikatzeko modua aldatuko du. 

Etxean egiten diren erritualez hitz egiteko ere gomendatzen dugu: esatea norbera zelan sentitzen den Gabonetako zuhaitzaren aurrean, edo bazkari baten aurrean, edo oparien aurrean. Erritualak errepasa ditzatela eta familiako bakoitzak adieraz dezala zer sentitzen duen. Eta gero, euren artean negoziatu eta adostu dezatela, sortu behar dituzten Gabon berri hauetan, zerk egiten dien on eta zerk ez, eta on egiten ez diena kentzeko ados jar daitezela. Edo akaso gehienek gauza bat egin dezakete baina bat zaurgarri edo bulnerable senti daiteke; orduan, besteek babesa eman beharko diote.

Ona izan daiteke ere falta den pertsona hori modu sinbolikoan gogoratzea; eta hori, batzuendako, bazkari aurretik topa bat egitea izan daiteke; beste batzuendako, berezia zen elkarte bati dirua ematea, pertsona horri ohore egiteko.

Nola landu beharko genuke dolua umeekin?

Ez utzi umeak aparte. Umeak kreatiboak dira, eta ideia asko ematen dituzte. Hitz egin behar da ere ume txikiekin egingo ditugun gauzez. Umea urduritzen duena ez da heriotza, baizik eta heriotzaz hitz egiteak ematen digun beldurra. Dalai Lamak esaten zuen uste dugula umeek ez dutela gauza serioez pentsatzen, baina euren buruei egiten dizkieten galderak entzunda, hori horrela ez dela konturatzen gara. Hizkuntza euren adin ebolutibora egokituta, zer gertatzen ari den azaldu behar diegu. Heriotzaren beldurra senti dezakegu, mina, pertsona hori faltan igartzea. Baina baldin eta gai bagara gai hauetaz hitz egin dezakegula transmititzeko, orduan umeak jasotzen duten mina jasangarria da, eta hori oso inportantea da. Helduko zaie ere beste batzuekin konpartitzeko gai garela, eta ez garela bakartu edo ezkutatu behar malko bat jaisten zaigulako; alderantziz, maite dugun horri ohorea egitea dela.

Dolu perinatala ere lantzen duzu; luzaroan isilpean egon den dolua…

Umea jaiotzerakoan edo jaio aurreko hilabeteetan hiltzen denean gertatzen da. Hori bizi duten familiek euren guraso identitatea eta umearen identitatea aldarrikatzen dute. Gure gizartean, isildua eta gutxietsia izan da umearen galera hori. Ez da hitz egin behar, ez da ezer gertatzen, aurrera egin… horrela tratatu izan da. Dolu perinatala egoera traumatikoa izatez gain –ebakuntza-gela, medikazioa…– prozesua teknifikatu eta lapurtu egiten da, eta gaur egun oso profesional gutxi dira gai dolu perinatalari aurre egiteko. Norberaren umea, desioak, ametsak… ez daude; gurasoa minez beteta dago. Oraintxe hasi dira eskaintzen ekografiaren argazki bat gordetzea; batzuek izena emateko beharra dute, beste batzuek ez…baina ume hori existitu dela onartzeko eta espazio hori emateko beharra dute. Guraso horiek umezurtz gelditzen dira; euren umetxoa existitu egin da baina inork ez die beraz galdetzen. Askotan, euren guraso identitatea ere anulatu egiten zaie. Bi dolu gertatzen dira: umearen galera eta guraso identitatearena. 

Doluaren inguruan lan egitea zama bat da zuretzat, egunero etxera eroaten duzun zerbait?

Nik aurkitu dudana ez da inondik inora zama. Guk eredu integratibo eta erlazionala lantzen dugu, eta denbora osoan transformazioan gaude. Profesional gisa entzun eta bideratu egiten dugu, eta alderantziz. Prozesu bakoitzean, pertsona bakoitzarekin, nahiz eta une zailak izan, ni hazi egiten naiz, humanoago bihurtzen naiz; orduan, ez dago zamarik, alderantziz, bizi izateko gogo handiagoak dauzkat: bikotekidearekin egoteko, poztasunak intentsitate handiagoarekin bizi izateko, umeari errealitatearen kolore guztiak transmititzeko, oso kontziente naizelako nola geldi gaitezkeen ez aurrera, ez atzera egin gabe. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak