Iñigo Aranburu: "Akrobaziak kirol honen gehigarriak dira; ezaugarri nagusia gorputza entrenatzea da"

Jokin Mujika 2013ko abe. 17a, 10:33

Iñigo Aranburu, Arrasaten barrak dauden parkean.
'Street Workout' (kaleko entrenamendua). Hala ezagutzen da mundua zehar kirol mota hau. Euskal Herrian jende gutxik praktikatzen du, baina Arrasaten bada leku bat barretan ibiltzea gustatzen zaienentzat moldatua. Bertan entrenatzen da ia egunero Iñigo Aranburu (Arrasate, 1993) beste lagun batzuekin, eta gero eta jende gehiago joaten da bertara entrenatzera.

Zergatik hasi zineten barretan entrenatzen?

Egia esan, Youtuben bideoak ikusten hasi ginen. Ikusten genuen gimnasiora joan barik sasoiari eusten ziola jendeak. Kirola praktikatzeko gogoarekin geunden, eta, halako batean, Arrasaten barrak zituen parke berri bat egin zutela konturatu ginen. Gainera, sorbalda lau aldiz hautsi nuen, eta indartzeko beharra neukan.

Nola definituko zenuke Street Workout-a?

Gorputzeko parte guztiak lantzean datza. Berez, gimnasiora joanda ere egin daiteke hori, baina bada diferentzia handi bat. Kalean barretan entrenatzen, barrak eta norberaren pisua bakarrik erabiltzen dira giharrak indartzeko, ez da makinarik behar, ezta pesarik ere.

Baina gorputza eta giharrak lantzeaz gain, akrobaziatik ere xurgatzen du kirol honek, ez?

Bai, baina akrobaziak egiten hasteko lan handia egin behar da aurretik. Ia ezinezkoa da akrobaziak egitea hasieran. Denborarekin eta egunerokotasunarekin indarra hartzen da, eta pisua hobeto kontrolatzen has daiteke. Horren ondoren has daiteke barretan trukuak egiten. Hala ere, akrobazien kontua kirol honen gehigarri bat da. Berezko ezaugarri nagusia gorputza entrenatzea da, hala definitzen du izenak, Street Workout delakoa (kaleko entrenamendua). Egia da lehiaketak egoten direla, eta hauek akrobazien ingurukoak izaten dira, baina argi daukat lehiaketetan parte hartzeko beharrezkoa dela entrenamendu ordu asko izatea.

Zeintzuk izan dira honetan hasteko eragin edo influentziak zuentzat?

Lehen aipatu dudan moduan, Youtuben ezagutu genuen kirol hau. Futbolean jokatzen dutenentzako Bartzelona, Manchester United edo Milan izan daitezkeenak guretzat Bar Brothers (Barretako Anaiak) edota Bar Stars (Barretako izarrak) izan daitezke. Haiek dira gure ereduak, mundu mailan onenetakoak dira, eta, gainera, bideoak igotzen dituzte sarera, egiten dutena erakutsita. Horrekin batera, praktikatzen hasi nahi dutenentzako tutorial bezalakoak ere igotzen dituzte; giharretan indarra hartzen joateko ariketak nola egin erakusten dute bideoen bitartez, eta hasieran asko laguntzen du.

Arrasaten zuek izan zineten kirol hau praktikatzen hasi zineten lehenengoak. Igartzen duzue hasieran baino jende gehiago hurbiltzen dela?

Bai. Gu ia egunero entrenatzen gara, eta, gutxika, igartzen da jende gehiago etortzen dela, batez ere, gu baino gaztetxoagoak. Azken batean, honek asko pozten gaitu. Gainera, batzuekin entrenatzaile lanak egiten ditugula esan daiteke, hasten direnean.

Ze abantaila ikusten dizkiozu barretan entrenatzeari, eta ez gimnasiora joateari?

Lehenik eta behin, abantaila ekonomiko garbia. Gimnasio pribatuak oso garestiak dira, eta denok dakigu ze garai pasatzen ari garen. Parke hau publikoa da, denona, ez da ordaindu behar eta gimnasioan lortzen diren besteko emaitzak edo hobeak lortzen ditugu. Gainera, parke batean entrenatzen da, eta gimnasio batean baino askoz ere askatasun handiagoa dago. Kalera irteten gara, eta lagunekin gauden bitartean barretara igo eta entrenatzen, trukuak egiten... hasten gara. Egia da hainbat gimnasiotan entrenatzaileak daudela, eta eurek gidatzen dute, esaterako, lesiorik ez edukitzeko. Hala ere, nik argi eta garbi daukat ikusiz asko ikasten dela, eta guk beste batzuen bideoak ikusiz ikasten dugu. Azken batean, auto-diziplinatzen ikasten da. Barrutik irten behar da entrenatzeko nahi hori.

Noiztik praktikatzen duzue Street Workout-a?

Orain dela urte bat hasi ginen joaten, gutxi gorabehera.

Hasieran, gogorra?

Bai. Ohitu arte gogorra egiten da. Oso ahul hasieran, baina azkar hartzen da gorputza barretara igotzeko beharrezkoa den indarra. Guk uste baino arinago ohitu ginen ariketetara, nahiz eta kanpotik oso zaila ematen duen.

Esan daiteke Street Workout-ean zuen artean ez duzuela lehiatzen, ez?

Lehen esan bezala, badaude munduan zehar lehiaketak, baina ez da kontuan hartzen, esaterako, batak besteak baino gorputz gogorrago edo ederragoa izatea. Lehiaketak akrobazien ingurukoak izaten dira, baina parte hartzen dutenen artean ez da haserrerik egoten. Honen helburua kirol hau ezagutaraztea izaten da, normalean, eta akrobazien bidez adierazi nahi da ez dela gimnasioan bezala entrenatzera joan eta sasoian egotea bakarrik, kirol honek ondo pasatzeko aukera ere ematen duela.

Gizartean modan dago gorputz estetika bat, hau da, definituta egotea. Hori ere lortu gura duzue kirol honen bidez?

Garbi daukagu estetikagatik ez dugula egiten. Noski, badago hori bilatzen duen jendea, baina gure helburua bakoitzaren buruarekin gustura sentitzea da, kirola egitea eta sasoiari eustea. Niri, adibidez, asko gustatzen zait kirola egitea, egin osteko sentsazio horrek asko betetzen nau, eta kirol honekin lortzen dut hori. Gorputz gihartsua edukitzeagatik etortzen direnak ez dira inoiz konformatzen. Beti itxura hori hobetzea daukate helburu, eta horrekin obsesionatzea arriskutsua izan daiteke, nire ustetan.

Zergatik animatuko zenuke jendea kirol hau praktikatzera?

Batetik, gimnasio pribatu bat ordaintzeko dirurik ez dutenak etortzera gonbidatuko nituzke, debalde praktikatzen dugulako. Kirola egiteko gogoa daukatenak baina kirol aproposa aurkitzen ez dutenak ere animatuko nituzke, probatzera, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak