Arrasateren nazioarteko enbaxadore bihurtu da akordeoia beste behin, Arrasate Hiria Akordeoi Lehiaketa –aurtengoa 21. edizioa– erreferente da-eta han eta hemen. Hauspoz elkarteak antolatzen dituen lehiaketek eta jaialdiak babes handia dute erakundeen partetik; Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Arrasateko Udalak diruz laguntzen dute. Eta maila apalago baten bada ere, SUDC elkartea ere laguntzaile leiala da urtero.
Mundu osoko akordeoilariendako eta bertakoendako ere erakusleiho garrantzitsua dira Arrasateko lehiaketak. Gipuzkoako Lehiaketaren 34. edizioa izan dute aurten: "Gipuzkoako izena izan arren Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako akordeoilariak etortzen dira. Aurten autobus bete bat etorri zaigu Galiziatik eta Ipar Euskal Herritik ere izan dugu bisita lehen aldiz", esan digu Hauspoz elkarteko presidente Aitor Furundarenak. Parte hartzea azken urteetako zabalena izan da aurtengoa, Furundarenaren arabera. Horri maila altua gehitu behar zaio, izan ere, mundu zabalean ospe handia duten akordeoilariak izan ditugu gurean; atzoko azken fasea ikustea besterik ez dago lehiaketa honek duen mailaz ohartzeko. Beraz, antolatzaileak "oso pozik" daude aurtengoak eman duenarekin.
Egubakoitzetik domekara Arizmendi Ikastola, Kulturate eta Amaia antzokia izan ziren saioen guneak, baina aurten, iazko esperientzia errepikatuz, kalejira ere egin zuten zapatu goizean, kaleak girotzeko.
Lehia bai, pedagogia ere bai
Lehiakortasuna bultzatzeaz gain, Hauspoz elkarteak badu helburu pedagogikoa ere: "Txapelketa hau oso handia da, jende askok hartzen du parte. Saiatzen gara guztia helburu pedagogikotik lantzen, baina jaialdia da erabat pedagogikoa dena. Ez dago lehen posturik; dominak ematen dira eta sailkapen txiki bat ere badago, baina saiatzen gara lehiakortasun guztia kentzen. Oso polita da, haurrek zein gurasoek ilusio handiz hartzen dute, eta oso giro polita egoten da", adierazi digu Furundarenak zapatuko jaialdiaren gainean. Atzo iluntzeko gala eta sari banaketarekin borobildu zuten aste bukaera. Datorren urtera arte!