Ricardo Sixto: "Lehentasuna zen guretzat Arrasatera etorri eta Fagorreko langileen kezkak ezagutzea"

Irati Goitia 2013ko abe. 3a, 01:00

Ricardo Sixto valentziarra Izquierda Pluraleko diputatua da Espainiako Kongresuan. Aurreko astean, eguaztenean, Arrasaten izan zen. Fagorreko hainbat langilerekin batu zen euren kezkak lehen pertsonan ezagutzeko. Ondoren, gurekin ere izan zen.

Bilbon duzuen batzar baterako etorri zarela uste dut, baina Arrasatetik pasa nahi izan duzu lehenik. Zergatik?

Lehentasuna zen guretzat Arrasatera etortzea eta Fagorreko langileez batzea. Eta hain zuzen, horregatik aurkeztu ditugu gaur hainbat galdera Diputatuen Kongresuan Gobernuarentzat.

Zer da galera horietan eskatzen duzuena?

Gobernuari ea zerbait egin duen edo egingo duen galdetzen diogu, eta batez ere, zeintzuk izango diren langileek jasan behar izango dituzten ondorioak. Izan ere, langileentzako arazo anitz aurkezten dira, esaterako: lanpostuei dagozkienak, langabezia ordaintzearen gainekoak eta kooperatibako bazkideen kapitala itzultzearena.

Eusko Jaurlaritzatik eta Diputaziotik eginiko kudeaketa egokia izan dela uste duzu?

Ez gara hori baloratzen hasiko orain. Guk nahi duguna da administrazio guztiek, eta hala eskatuko dugu ordezkaritza dugun guztietan, kontuan izan dezatela Euskadiko ekimen sozial indartsu eta garrantzitsua dela. Eta horretaz gain, eredu ere badela estatuan. Horregatik, defendatuko dugu administrazioek ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren alde egin behar dutela lan. Fagorren une jakin baten egin den kudeaketa albo batera utzita, Izquiera Unidarentzat apustu politiko bat da produzitzeko eta elkarbizitzako modu hori.

Eredu kooperatibista gainbeheran dagoela esango zenuke?

Ez, inolaz ere ez. Krisian dagoena da Fagor hartzekodunen konkurtsora eraman duten erabakien kudeaketa. Kooperatibismoa ez dago krisian. Langileek batzeko duten gaitasuna, lan koordinatuaren aldeko apustua, norberaren aurrezkiak proiektu batean jartzearen esfortzua –ez eurek lana izan dezaten soilik, baita euren seme-alabek ere–... Hori eta gehiago da kooperatibismoa, krisi honen gainetik dago.

Norekin batu zarete gaur?

Langile talde batekin, oso arduratuta dauden kooperatibako kide batzuekin. Informazio jakin bat helarazi nahi izan diote Izquierda Unidari eta niri pertsonalki Kongresuko kide bezala. Guk ardura, kolaboraziorako prestutasuna eta euren ahotsa (bazkideena eta bazkide ez direnena) instituzioetara eramateko konpromisoa adierazi dizkiegu.

Zer da eurengan sumatu duzuna?

Ardura eta ziurgabetasuna. Azken batean, informaziorik ez egoteak asko kaltetzen du kooperatibaren ingurune soziala erabakiak hartzerako orduan. Beraz, oinarrizkoa da jendeak informazioa izatea erabakiak kontzientzia osoz hartzeko, izan ere, euren etorkizuna da kolokan dagoena. 

Orokorrean krisitik irteten gabiltzala esango zenuke?

Krisitik irteten ari garen ikuskera Gobernu Espainiarrarena da, Raxoiren Gobernuarena. Ez dator bat, ordea, Gobernuak berak Bruselara bidali duen legealdi osorako aurreikuspen ekonomikoaz. Langabezia tasa ikaragarriak ditugu eta Bruselara bidali diren aurreikuspenek diote Mariano Raxoik Gobernuko presidente izateari uzten dionean (hemendik bi urtera), sartu zenean baino milioi bat langabetu gehiago izango direla. Beraz, ez daitezela iruzurrekin etorri. %25etik gorako langabezia tasarekin ezin da krisitik atera.

Zer da Izquierda Pluraletik proposatzen duzuena krisitik irteteko?

Paradigma aldaketa. Konstituzioko 135. artikuluaren erreformaren harira, alderdi popularrak eta sozialistak guztia sakrifikatu dute zorraren eta espekulatzaileei ordainketak egitera. Guk paradigma aldaketa beharrezkoa ikusten dugu. Ezinbestekoa da zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea; ekonomia soziala bultzatzea; eta soldatak eta lanpostuak ziurtatzea langileei. Horretarako ezinbestekoa da administrazio publikoan inbertitzea. Badakigu horretarako dirua behar dela, baina alderdi popularrarekin eta sozialistarekin dugun aldea da gu ez goazela diruaren bila merkatuetara, izan ere, hori eginez gero merkatuek eurek ezartzen dituzte baldintza ekonomikoak ostean. Diruaren bila, dagoen tokira joan behar da. Hainbat sektore, enpresa eta entitatek diru asko dute batuta bai Espainian eta baita paradisu fiskaletan. Horietara jo behar da diruaren bila. Horretaz gain, beharrezkoa da politika fiskal bidezkoagoa.

Etorkizuna beltza da?

Mariano Raxoik Gobernuko presidente izaten jarraitzen duen bitartean bai. Ez dakigu batzuek ikusten duten argia tunelaren amaierako den edo aurka datorkigun trenarena. Aurrera daramatzaten politikekin (murrizketak, pentsioen erreforma, Lomce...) ez goaz inora. Jendeak jakin behar du, baina, alderdi sozialistak ildo politiko hori partekatzen duela orokorrean. Hala erakutsi zuen 135. artikulua aldatzean eta estatuak lehenik ordaindu beharrekoa espekulatzaileen zorra izan behar duela zehaztean; ez mediku edo irakasleen soldatak.

Langileek bat egitea edo eredu kooperatibista izan daiteke bidea?

Guk behintzat horrela ikusten dugu. Guretzako eredu kooperatibista eredugarria da, langileak direlako ezinbesteko pieza. 

Hori al da gaur goizean Fagorreko langileei helarazi diezun mezua eta debagoiendarri bidali beharrekoa zure alderditik?

Bai, horixe da gaurko bileran esan dieguna langileei. Guretzako lana da garrantzitsuena, kapitala eta gainerako gainditu daiteke. Horregatik uste dugu honek irtenbidea izan dezan administrazioek euren babesa erakutsi behar dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak