Arkada Social: "Kontzertuetako indarra islatzeko, soinu zuzenagoa lortzen saiatu gara"

Jagoba Domingo 2013ko abe. 3a, 01:00

Beste istorio bat-ekin hasi zirenetik urte eta erdi pasatu ondoren, Arkada Social laukoteak Hil orduko Bizi kaleratuko du egubakoitzean. Street-punk musikaren bueltan dauden 11 kantu berri grabatu dituzte Usurbilgo Higain estudioan; melodia, baxu eta gitarra sendo eta biribilekin. Formazio berria guztiz finkatuta dagoela antzematen da; Arkada Social klasikoen usaina duten kantuak, doinu makarragoekin nahasten dituen diskoan. Oraindik Hil orduko Bizi kalean egoteko egun batzuk falta diren arren, Hodei Mandi-rekin egon gara diskoaren zirrikitu eta sekretuak ezagutzeko.

Azken urtean ez duzue denborarik galdu.

Ez, egia esan, ez. Kontzertuak jotzen eta disko berria prestatzen denbora dezente eman dugu. Lan berria prestatzeari otsailean ekin genion, orduan hasi ginen kantuak, erritmoak, ideiak... sortuz horiei forma ematen joateko. Oraingoan, denbora luzeagoarekin egin dugu lan; izan ere, Beste istorio bat diskoa azkarregi egin genuen, Arri gitarra jolea estudiora jo baino bi aste lehenago sartu zen taldean! Oraingoan, ezberdina izan da, urtebete pasa doa taldean eta kantu berrien sorkuntzaren parte izan da.

Diskoa prestatzeaz gain, kontzertu asko eman dituzue.

Uda amaitu arte ez gara gelditu; hala ere, diskoa kaleratzeko beharrezkoa zen horrenbeste kontzertu ematea, gastu handia dakarrelako lan berri bat kaleratzeak. Hori bai, irailetik aurrera lokalean sartu eta bertan egin dugu bizitza, urrian estudioan sartu ginen arte.

Higain estudiora jo duzue berriz ere.

Haritz Harreguyrekin oso gustura egiten dugu lan, hiru aste eman ditugu bertan, bi grabatzen eta beste bat nahasketak egiten. Etxeko lanak ondo eginda joan gara estudiora, lokalean kantu guztiak aurretik grabatuta genituen, koruak, gitarra punteatzeak eta bestelakoak moldatzeko. Diskoan 11 kantu dauden arren, lokalean 13 grabatu genituen, eta estudioan 12; baina azkenean kanpoan geratu dira biak, diskoan ez zutelako lekurik pentsatu genuelako.

Oraingoan, soinu zuzenagoa lortzen saiatu zarete, ezta?

Bai, aurreko diskoko soinutik aldendu nahi izan dugu, soinu zuzenagoa lortu; nolabait, kontzertuetako indar eta naturaltasun hori jaso nahi izan dugu. Bateria, adibidez, ez dugu prozesatu, eta Brianek eta Arri-k lan handia hartu dute gitarren soinua lortzen; baxua bera, normalean, lineatik grabatzen dugu, eta, oraingoan, anplifikadorearekin grabatu dugu soinu hori lortzeko asmoz.

Diskoa definitzekotan...

Zaila da, baina aurrekoarekin alderatuz askoz ere hobea da. Beste istorio bat-ekin ez ginen batere gustura geratu. Honek potentzia du, indarra du, eta, garrantzitsuena, kantu onak dauzka. Hitzei dagokienez, adibidez, egunerokotasuneko arazoak, bizi izandakoak eta presoen egoeraren ingurukoak daude. Gure arbasoak kantuak, adibidez, gerra zibilaren garaiko istorio bat kontatzen du; Arrasaten gertatutako istorio bat da, bi amonak kontatutakoa. Eta Escupiré al cristal, adibidez, heriotza-zigorraren ingurukoa da.

Durangoko Azokarako, zergatik?

Gaur egun Euskal Herri mailan dagoen erakusleiho handiena da. Gainera, disko gutxi saltzen diren garai honetan, aukera aproposena diskoa Azokarako argitaratzea da. Jende asko pasatzen da bertatik eta diskoa erosteko eta kontzertuak lortzeko aukera paregabea da.

Gainera, aurkezpen kontzertua ere bertan egingo duzue.

Bai, Plateruenan aurkeztuko dugu, egubakoitzean, Iheskide taldearekin batera. Joan den urtean hitz egin genuen eurekin egun horretan disko berriaren aurkezpen kontzertua egiteko.

Dena ondo planifikatu duzue!

Bai, oraingo honetan, bai.

Binilo formatuan ere kaleratuko duzue, ezta?

Bai, baina geroago izango da, datorren urte hasierarako espero dugu. Egia esan, fetitxismo puntu bat du biniloak guretzako; gure laugarren diskoa da eta biniloan egiteko ordua heldu da! Gainera, berpizten ari den formatu bat da, geroz eta jende gehiagok entzuten du biniloa.

Zer gehiago duzue esku artean?

Eguna argitu da kantuaren bideoklip bat egiten gabiltza orain, Kalera Rock jaialdirako izango da. Hala ere, oraindik lan dezente geratzen da; beraz, ikusi ahal izateko itxaron egin beharko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak