'Emakumeen begiradak plazara!': poesia musikarekin uztartutako emanaldi goxoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 30a, 15:17

Miren Agur Meabe, Castillo Suarez eta Arantxa Santesteban idazleek, Arantxa Vicedo musikariak lagunduta, emozioz beteriko askotariko gaien gaineko poesia irakurketa xamurra egin zuten atzo, egubakoitza, Arrasateko gaztetxean. Ordubete pasatxoan, 30 poesia inguru errezitatu zituzten, hiru poetek elkarrekin egindako seina poesiatako bost txandatan, Vicedoren kantuekin tartekatuz.

Emakume Txokoak, Udala eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Plataformak antolatutako azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Nazioarteko egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan zegoen atzoko ekitaldia.

Positiboki baloratu zuen, Amets Beltran de Gebarak, Emakume Txoko teknikariak, atzoko ekitaldia: "Oso emanaldi polita izan zen, hunkigarria, txalo eta barreekin ere jantzitakoa. Ez genuen aretoa bete, hogeitabost bat lagun bildu ginen gutxi gora behera, baina kontuan hartzekoa da, Arrasaten ordu berean, beste bi kultura emanaldi ere bazirela. Taularen gaineko protagonistak ere gustura egindako lanaz, saioan zehar bestelakoa ematen bazuen ere, ez zuten euren artean elkar ezagutzen, estreinekoz egin baitzuten emanaldi hori".

Askotariko egoera eta emoziodun poesiak

Emakumeen begiradak plazara lelopean irakurritako poesia bildumak, askotariko gaiari buruzkoak izan ziren,  egoera eta sentimendu ezberdinak bilduz; errezitatutako poesia batzuen azalpenak ere eman zituzten, ikuslea kokatze aldera.

Miren Agur Meabek, haren Bitsa eskuetan liburukoak aukeratu zituen nagusiki, frantsesez ere errezitatu zuen arren. Arantza Santestebanek, berriz, berak idatzitakoez gainera, itzuli dituen beste autore batzuen poesiak ekarri zituen agertokira; gehienak euskaraz baziren ere, katalanez ere errezitatu zituen Bartzelonan bizi izandako garaiak gogora ekarriaz horrela. Castillo Suarezek, ordea, berak sortutakoak aukeratu zituen, argitartutako dituen liburuetatik ekarriak.

Lanpara txiki eta aulkiekin atondutako agertokiaren goxotasunaren zati handi bat Arantza Vicedoren ahots eta gitarraren doinek osotu zuten. Poesia bilduma tarte bakoitza kantu batekin lotu zituen Vicedok eta gitarra doinuekin gorpuztu zituen poesia batzuk. Anari abeslariaren kantu batekin borobildu zuen emanaldia.

Abenduaren 4ean, Alardearen gaineko dokumentala

Azaroaren 25aren inguruan antolatutako egitaraua borobiltzeko, Eneko Olagastik egindako Alardearen seme-alabak dokumentala erakutsiko dute, eguaztenean, Kulturateko areto nagusian, 18:30etan. Olasagasti eta Jaizkibel Konpainiako ordezkariak izango dira Kulturaten, dokumentalaren proiekzioaren ostean, solasaldia egingo dute-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak