Euskarak 365 egun izan ditzan aldarrikatu dute Arrasaten

Leire Kortabarria 2013ko aza. 30a, 14:22

Euskararen Eguneko ekitaldien barruan, Arrasateko hainbat euskaltzalek elkarretaratzea egin dute Herriko plazan, 'Gu gara giltza' lelopean. Hain zuzen, hauxe aldarrikatu nahi izan dute: "Geu gara giltza euskarak 365 egun izateko".

Umore eta jai giroan egin dute ekitaldia, baita euripean ere. Giltza bat irudikatu dute herritarrek plazan, udaletxeko balkoitik jasotzen zituzten argibideei jarraituta. Goiena aldizkariak atzo banatutako kartelak eta AEDk banatutako pegatinak erakutsi dituzte eta egunero euskaraz bizi izateko nahia adierazi dute. Adin guztietako herritarrak, udal ordezkariak, herriko elkarteetako arduradunak eta euskalgintzako ordezkari eta eragileak izan dira parte-hartzaileak.

Gaurko ekitaldian Arrasaten euskaraz bizi gura duten eragile guztiak batu badira ere, datozen egunotan bakoitzak antolatutako ekintzak izango dira abenduaren 3a ospatzeko:

  • MGEPn (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) Gozatu euskara ahoan kanpaina ari dira egiten egunotan. Kanpainari sorpresa "erraldoi eta gozo" batekin emango diote bukaera abenduaren 3an bertan.
  • ERDU-AEK euskaltegian pasadizoak, txisteak zein kontakizunak euskaraz nola egin ikasi ari dira praktikatzen. Gero Euskararen egunean edo bezperan, hori burutu eta merienda egingo dute ordutegi bereko taldeak elkartuta. Euskaltegia apaintzeko asmoa ere badute.
  • Udal Euskaltegian ere txokolatadak eigngo dituzte abenduaren 3an, goiz eta arratsaldez, taldearen arabera. Arratsaldez, euskaltegian dabiltzan umeekin giltza bat osatuko dute Arimazubi plazan. Helduekin eta nerabeekin Berbagunea antolatuko dute. Ekimen horretan ikasleek hainbat gai jorratuko dituzte talde txikitan.
  • Arizmendi Ikastolan bideo batzuk ari dira prestatzen LH5. mailatik hasi eta batxilergoraino gela guztietan emateko. Gaur egungo ikasleek, ikasle ohiek eta langileek parte hartuko dute bideo horietan. Horrez gainera, gune bakoitzak ekintza desberdinak egingo ditu abenduaren 3an bertan.
  • Arrasate Herri Eskolan, Musakola eta Bedoñabeko guneetan, Buztantxo Euskararen maskotaren bisita izango dute umeek abenduaren 3an eta ongi-etorri polita egiteko lanean dabiltza honezkero: eskutitzak, dominak, leloak, banderak… egiten eta eskola apaintzen. Erguinen zapatuko giltzaren erreplika egingo dute ziklo guztietan. Horrez gainera, ziklo bakoitzean bestelako ekintza batzuk ere egongo dira: lehenengo zikloan, bertso, kantu, marrazki eta leloekin ospatuko dute Euskararen eguna. Bigarren zikloan, Giltza erraldoi batean ikasle bakoitzak bere giltza pertsonalizatua eskegiko du, berarentzat hitz esanguratsu edo politena dena. Hau egin ostean pasabidean eskegiko da. Nagusienek eskola ingurua apainduko dute marrazki eta leloekin eta Berba-pasa jolasean ariko dira. Gainera, bigarren ziklokoekin batera, lau ipuin sortuko dituzte elkarlanean, ondoren zentroko txikienei kontatzeko.
  • Ekin Emakumeak elkartean kustomizazio tailerrean dabiltzan neskek ospatuko dute Euskararen eguna, argazki berezi batzuk aterata. Bi egun beranduago, euskararen jatorriaren inguruko saioa egingo dute etorkinekin.
  • Arrasateko Institutuan, urtetako ohiturari eutsiz, lelo lehiaketa egingo dute. Hamar onenak aukeratu eta hortik aterako da txapelduna, Santamasetako jaian saritzen dutena. Aste osoan zehar azken zortzi urteetan asmaturiko leloen erakusketa paratuko dute, bi eraikinen kanpoaldean. Euskara Batzordeak 450 ikaslerentzako txokolatea prestatuko du eta irakasleek kafe-tertulia egingo dute. Aretoan bideo barregarriak izango dituzte jarrita, nahi duenak hurbildu eta ikus ditzan.
  • Txatxilipurdi elkarteak ludotekatan, Gaztetxokoetan eta Gaztegunean egingo ditu ekintzak. Ludotekatan, Euskara Irabazle! Jolasa egingo da. Jolas kooperatibo honetan haur eta gurasoz osatutako talde desberdinak egingo dira eta proba desberdinak egin beharko dituzte: mimika, abestiak, frogak eta marraztu. Probak gaindituz gero, puzzle bateko pieza bat emango zaio taldeari. Jolasaren helburua puzzlea osatu eta bertan dagoen euskarari buruzko leloa aurkitzea izango da. Jolasa 3 ludotekatan egingo da eta eguraldi ona egingo balu ludoteken auzoko plazaren batean.
  • Gazte txokoetan ekintza bereziak egingo dituzte abenduaren 3an bertan. Erdiguneko Gaztegunean, berriz, abenduaren 6tik 8rako asteburuan ospatuko dute Euskararen Eguna. Photocall-a egingo dute, Euskaraz bizi nahi dut! Banderolakin, herriko koadrilentzat. Irratsaio bat ere egingo dute, Gazte tentsioa, Gazteek euskara zertarako? gaiaren inguruan. Azkaiter Pelox-en kontzertua ere egongo da eta esketxak grabatuko dituzte Zergatik ez? tailerraren egoeren bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak