Arrasateko Landaluze harategia saritu dute bailarako merkatariek

Leire Kortabarria 2013ko aza. 29a, 22:00

Arrasateko Landaluze harategiak Debagoieneko eskualdeko merkatariek emandako sari bat jaso du gaur, Gipuzkoako Bazkundeak sortu dituen 10 bitxiak delako kategorian, Gipuzkoar Merkataritza Enpresa Sarien 21. edizioan. Laboral Kutxak eta Euskaltelek patrozinatu dute sari banaketa ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Dinamizaziorako Bulegoen laguntza izan du.

Edizio honetan Gipuzkoako Bazkundeak Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Dinamizaziorako Bulegoekin egin du lan, sariak Gipuzkoa osora gerturatzeko eta sariak parte-hartzailegoak eta gertugokoak bihurtzeko: Gipuzkoako sariak. Horrela, 10 bitxiak deituriko kategoriak Gipuzkoako hamar merkataritza enpresa nabarmenenak saritzen ditu, hamar merkataritza bitxien mapa bat osatuz lurralde guztian zehar. Aurten saria elikadura sektorean zentratua egon da.

Eskualde bakoitzeko merkatariek aukeratu dituzte saridunak. Debagoienean Arrasateko Landaluze harategia saritu duten bezala, beste eskualde guztietan ere saridun bana izan da: Urola Garaiakoek Zumarragako Rueda Frutadenda saritu dute: Debabarrena eskualdekoek Eibarko Oberena Harategia; Bidasoaldekoek Irungo Solbes Gourmet; Donostian, BretxaOliva; Donostialdean, berriz, Astigarragako Mamen Janaridenda; Goierrin, Segurako Ondarre harategia; Oarsoaldea eskualdean, Pasai Antxoko June Etxea; Tolosaldekoek, Tolosako Super Eko; eta Urola eskualdekoek, azkenik, Zaratzko Lukas Delicatessen saritu dute.

Eskualdeko merkataritzaren ezaugarri diren balore, irudi eta prestigioa adierazten dutelako saritu dituzte merkatari hauek guztiak"10 bitxiak" sariekin.

Sari nagusia, Tolosara

Bestalde, sari nagusia Gipuzkoar Merkataritza Enpresa saria da, eta Tolosako GKo enpresa komertzialak irabazi du.

GKo, artearen sormenerako eta produkziorako enpresa komertziala da, Show Room bat eta Euskal Herrian eta Txilen hainbat proiektu garatzen ari den enpresa. GKok 2008an hasi zuen bere lana. Proiektua Hiri-Arte galeria bat irekitzearekin batera abiatu zen, Euskal Herriko lehenengotakoa, eta bost urtetan zehar formatu askotako hainbat proiektu egin ditu eta artearen eta kulturaren hedapena sustatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak