Arrasate Euskaldun Dezagun, zorionak!

Imanol Gallego 2013ko aza. 29a, 12:34

Gaur ospatuko du AEDk bere urtemuga. 1983 hartan zaila izan zen euskararen aldeko apustua. Akaso, ikuspegi edo testuinguru ezkor hark eman zion AED elkarteari lan egiteko beti izan duen grina. Apurka-apurka euskarak kalean berea zuen tokia bereganatu zuen.

Atzera begiratuz gero, 30 urteko ibilbidearen ostean, harro egoteko moduko mugarri asko lortu dituela ikusten da. "Elkartea martxan jarri zenean euskarak kalean %14ko erabilpena zuen; orain (2011ko datua) %34ra iritsi gara", aipatu du Itxaro Artola AEDko kideak.

Hala ere, Artolak ez dio ikuspuntu edo datu positibo horri bakarrik erreparatzen. Hark argi dauka euskarak oraindik ibilbide luzea duela. "Norbanakoak sinistu beharra du euskararen esparruan garrantzi handia duela", dio Artolak. AEDko kidearen ustez, "administrazio eta erakundeek lan handia egin arren, herritarrek indar handia dute". Horregatik, hasiera-hasieratik, AEDk bere arreta kalean jarri zuen. Bide horretatik sortu zuen Arrasate Press astekaria.

Euskal hedabideak

AED elkarteak baino hiru egun geroago, abenduaren 2an, astelehenean hain zuzen ere, Arrasate Press astekariak 25 urte beteko ditu. Apustu ausarta izan zen hura, eta Joxe Arantzabalek gidatutako lantaldeak erronka eta konplexu askori aurre egin behar izan zien. 25 urte geroago, eta Goiena paperaren barruan, Arrasate Press-en aztarna oso agerikoa da.

Zabaldu eta gaztetu

Kontrakoa pentsatzea logikoena izango balitz ere, AED elkartea 30 urte hauetan heltzeaz gainera, gaztetu ere egin da. "2010. urtean lehentasun bezala jarri genuen eta hortik sortu zen TTak taldea", dio Artolak. Talde berri honekin AEDk bere lan esparrua handitzeaz gainera, erakundea eta bere eragina ere gaztetu egin zen. "Askotan entzuten da gazteak ez direla inplikatzen eta guk estereotipo hori gezurtatu egin dugu", aipatzen du Artolak.

Jone Miren Hernandez gizarte antropologiako irakasleak ere antzerako iritzia dauka: "Gazteekin loturiko arazo edo kezkak gizarte oso baten sintomak edo metaforak dira". Argi dago AED elkarteari erronkak gustatzen zaizkiola eta testuinguru ezkorren aurrean hazi egiten dela. Euskararen erabilerarekin egin zuen moduan, herriko zenbait gazte ere xaxatu ditu, eta egun, TTak taldea bere ekimen egutegi propioa izatera iritsi da.

Euskararen giltza

Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, dei egin diete herritarrei urte osoa euskararen egun bihurtzeko. Arrasaten, bihar, 12:00etan euskararen aldeko aldarria egingo dute Herriko Plazan. Bertan batuko diren euskaltzaleek giltza handi bat sortuko dute ondoren, argazki bat ateratzeko. Artolak zehaztu duenez: "Gure baitan dago urtean 365 egunez euskaraz bizitzeko nahia, borondatea eta gakoa". Izan ere, lehen ere aipatu duenez: "Euskaraz bizi izateko baldintzak sortu ditugu, sortzen ari gara eta gehiago sortu nahi ditugu; horretarako, euskaltzaleon ekarpena behar-beharrezkoa da".

Aldi berean, Euskarak 365 egun leloa daukan kartela banatuko da egubakoitzeko GOIENA paperarekin batera. Kartel horiek ikusteko moduko lekuetan itsatsiko dituzte zapatu eguerdia baino lehen. Kartelak honako tokietan jartzea proposatu dute: etxeko atarietan, balkoietan, etxeko leihoren batean, tabernetan... Euskarak bere tokia izan dezan, edozein toki da baliagarria.

Abenduaren 3rako antolatutako ekintza nagusiak

GOI ESKOLA POLITEKNIKOA
Gozatu euskara ahoan kanpainaren amaiera, sorpresa "erraldoi eta gozo" batekin.

ERDU-AEK EUSKALTEGIA
Txisteak eta kontakizunak euskaraz nola egin ari dira ikasten. Merienda egingo dute, eta euskaltegia apaintzeko asmoa ere badute.

UDAL EUSKALTEGIA
Txokolate-jana egun osoan. Arratsaldean euskaltegiko umeekin giltza bat osatuko dute Arimazubin. Nerabeekin eta helduekin Berbagunea egingo dute, hainbat gai jorratuta talde txikietan. 20 minutuan behin mahaiz aldatu eta beste partaide batzuekin elkartuko dira berriketarako.

ARRASATE HERRI ESKOLA
Musakolan eta Bedoñaben Buztantxo euskararen maskotaren bisita izango dute. Erguinen giltzaren erreplika egingo dute, eta baita beste hainbat ekintza ere: ipuinak, jolasak, bertsoak, kantuak...
 

ARIZMENDI IKASTOLA
Gune bakoitzean ekintzak. LHko 5. mailatik batxilergoraino bideo bat ari dira prestatzen ikasle, ikasle ohi eta langileekin.

ARRASATEKO INSTITUTUA
Lelo lehiaketa, urtero moduan. Azken zortzi urteetako leloak jarriko dituzte bi eraikinen kanpoaldean, 80 bat lelo. Euskara Batzordeak 450 ikaslerendako txokolatea prestatuko du eta irakasleek kafe-tertulia egingo dute. Bideo barregarriak ere jarriko dituzte.

EKIN EMAKUMEAK
Kustomizazio tailerrean ari diren neskek argazki bereziak aterako dituzte Euskararen Eguna dela-eta. Hilaren 5ean, euskararen jatorriaren gaineko saioa egingo dute etorkinekin.

 

Urtemugaren bertsoa

Bi urtemugak gaur eta astelehenean ospatuko dituztenez, AEDko Unai Bergaretxek bertso hau sortu zuen.

DOINUA: NORTEKO TRENBIDEARI

Atzo goizean izan zela ta
Pasa dira hogeitamar urte
Arrasate Euskaldun Dezagunek be
Egin dituenak oin arte
Euskalgintzan lanean eta
Arrasateko herrian parte
Asko egin da, lana badago,
Hau euskaldundu bitarte.

Garai berean arrotza guztiz
Genuen guk euskaraz prentsa
Egoera zen hutsala eta
Kioskoan erabat beltza
Arrasate Press sortu zen eta
Hazi zen bai esperantza
Hogeitabost bat urte hauetan
Zenbat aldatu den pentsa.

AEDren lanak eragin dute
Euskeraz jarduteko hazia
Traba, oztopo asko izan da
Kontzientzi eza nagusia
Norbanakoan konpromisoaz
Euskeraz egiteko jauzia
Etxean ere zer ikasia
Izan ohi da zer ikusia.

Idatzizkoan badago orain
Mila eta bat aukera,
horri gehituaz, irratia ta
internet, TB, papera,
euskaraz kontsumitzen ote
daukat orain nik galdera,
baiezkoan naiz, goraka doa,
apurka-apurka gainera.

Zorionak eman behar ta
Jarraitu bakoitzak jarduna
Gertuan dugu abenduak hiru
Izenez euskararen eguna,
Euskaldunok euskaraz mintzoz
Ospatu behar duguna
Ta gogoratu urte osoan
Egunero egin, laguna!

Unai Bergaretxe

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak