Jose Angel Achon: "Arrasate erre osteko krisi garaian, bizitza ikusteko modua erabat aldatu zen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 27a, 11:31

Arrasate Zientzia Elkarteak antolatutako 'Arrasateko Iragana Astintzen' zikloaren bigarren saioan Jose Angel Achon historialaria izan zen gonbidatua, atzo, martitzena. Arrasatearren artean jakin-min handia pizten duen garaia landu zuen Achonek, Arrasate bera erre zuteneko (1448) aroa, hain justu. Kulturateko areto nagusia txiki geratu zen; batzuk zutik jarraitu behar izan zuten hitzaldia eta berandu heldu zirenak, berriz, ezin izan ziren sartu. "Harrituta bezain txundituta nago asistentziarekin, eskerrik asko. Era berean, liluratuta nago aspaldi urte asko pasa nituen lekura itzuli naizelako", esan zuen hizlariak berak saioa hasi baino lehen.

Izan ere, Achonek duela 20 bat urte defendatu zuen doktore-tesia Arrasateko erreketaren eta osteko garaiaren gainekoa izan zen, hau da, Ertarotik Errenazimendura arteko trantsizioa: "Erdi Aroaren zale amorratua naiz, gure garaiarekiko erabat ezberdina zelako. Ertarotik Errenazimendura igarotzeko garaia izugarri gustatzen zait; horrek, Euskal Herrian, bandoen arteko borroka esan gura zuen. Garai batetik besterako trantsizioak, krisia esan nahi zuen, eta beraz, biolentzia eta liskarrak. Liskar horiek nola hasi eta bukatu ziren azaltzea ez da erraza, baina Arrasaten, beste herri batzuekin alderatuz, gozamena da garai horren gainean dagoen dokumentazioa".

Arrasatek erreketaren krisia gainditu zuenekoa

Hitzaldia Arrasateko erreketatik abiatu zuen Achonek. Erreketara nola heldu zen azaldu zuen eta baita krisi hartatik nola irten zen ere: "Arrasate erre osteko krisi garaian, erabat aldatu zen bizitza ikusteko modua. Bandoak abolitu ziren 1490an eta 20 bat urtetan Amerika deskubritu zen, erreforma luteranoa heldu zen eta beranduago, Errenazimendua. Hainbat fenomeno bizi izan ziren bizitza ikusteko modua erabat aldatu zutenak. Beraz, ikertzeko eta ikasteko zinez interesgarria izan zen garai hura".

(Argazkia: Jose Angel Achon hitzaldia hasi aurretik)

Norena izatetik, nongoa izatera

Bizitzeko modu aldaketa horien artean jatorriaren kontzeptuaren aldaketa aurreratu zigun Achonek hitzaldia hasi baino lehen: "Senidetasuna, leinuak eta bandoak nagusi izatetik, hiribildua osatzera pasa zen. Hiribildu hori hazten hasten da, sozializatzeko moduak aldatu egiten dira... Herritarrak familia batetik datozela esan beharrean herri batetik datozela barneratzen dute. Ideia aldaketa horretatik hasten dira sortzen gure historian horren garrantzitsuak diren lurralde historikoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak