Leire Zabala: "Entrenatzen segitzea erabaki nuen eta Arrasateko mutilen taldearekin hasi nintzen"

Jokin Mujika 2013ko aza. 26a, 01:00

Leire Zabalari (Arrasate, 1984) asko gustatzen zaio errugbia. Baina, zoritxarrez, jende falta dela eta, ez dago emakumezko talderik bailaran, eta ARTn (Arrasateko Rugby Taldea) dabil entrenatzen, bertako mutilekin. Ez du partiduak jokatzeko aukerarik, baina oso gustura dabil. Astean birritan joaten da Mojategiko zelaira entrenatzera, eta taldearen parte da.

Nola hasi zinen ARTn?

Orain dela zortzi urte, emakumezkoen talde bat sortu zen Arrasaten. Hamabost neska inguruk osatzen zuten taldea, eta ea animatuko nintzen galdetu zidaten. Ikasten eta lanean ari nintzen momentu hartan; beraz, ia ezinezkoa egin zitzaidan baiezkoa ematea. Hala ere, probatzeko gogoz geratu nintzen, eta ikasketak amaitu nituenean bertan hastea pentsatu nuen. Gutxika-gutxika, aurtengoa nire bosgarren urtea da errugbian. 

Hasi zinenean, entrenatu bakarrik ala partiduak ere jokatzen zenituzten?

Hasi nintzenerako zazpi edo zortzi neska geratzen ziren Arrasateko taldean. Ez genuen talde oso bat egiten denon artean, eta aurreneko bi urteetan Durangoko taldean zeuden neskekin batera ibili ginen lehiatzen, haiek ere gutxi zirelako. Hala ere, hirugarren urterako lau jokalari soilik geratu ginen, eta, denboraldi erdirako, lesioak eta kanpo konpromisoak zirela-eta, bi bakarrik. Ni eta beste neska bat geratu ginen, eta, azkenean, beste neskak futbolean ere egiten zuenez, errugbia utzi zuen. Lehiatu ez, baina entrenatzen segitzea erabaki nuen nik, eta Arrasateko mutilen taldearekin hasi nintzen.

Hasieran, zaila egin zitzaizun?

Egia esan, hasieran arraro samarra egiten zitzaidan, baina berehala ohitu nintzen. Taldeko partaide sentitzen nintzen, eta hasierako lotsa puntu hori pentsatu baino lehenago baztertu nuen. Oso harreman ona dut taldekideekin.

Ez zaizu partiduak jokatzeko gogorik pizten?

Egia esan, bai, baina mutilekin ez dut federatuta egoteko aukerarik. Eibarren eta Durangon badaude emakumezko taldeak, eta behin baino gehiagotan galdetu izan didate ea prest egongo nintzatekeen haiekin jokatzeko. Ezetz esan nien, alde batetik bestera bakarrik ibiltzeko gogorik ez dudalako. Arrasateko beste neskaren bat animatuko balitz, bai, egin beharreko bidaiak harekin egingo nituzkeelako.

Gustura zabiltza ARTko mutilekin?

Bai. Bailarako hainbat herritako jendea dago, eta oso ondo konpontzen gara.

Arazo edo oztoporen bat izaten duzu?

Ez. Aurrez esan bezala, oso ondo konpontzen naiz. Gainera, egia da mutilek ia beti neskek baino indar eta pisu handiagoa izaten dutela, baina, hala ere, plakatzeko orduan, seniorrek beti daukate kontuan zein duten aurrean, eta nirekin kontu handiagoarekin ibiltzen dira. Hortaz, ez dut arazorik izaten.

Gonbidatuko zenituzke neska gehiago errugbia praktikatzera?

Dudarik gabe, bai neskak, bai mutilak ere. 

Zergatik?

Asko hutsetik hasten dira. Ez dakit zer duen kirol honek, baina probatu eta zeharo harrapatzen zaitu. Gainera, ezaugarri fisiko ezberdinak dituen jendea behar da. Jende pisutsua, jende azkarra, jende altua, baxua... eta nire ustez, gauza ederrena taldekideen arteko giroa da. Oso garrantzitsua da taldekideen arteko harreman ona, eta hori beste talde-kirol batzuetan baino adierazgarriagoa da errugbian.

Ikusten duzu aukerarik etorkizunean bailaran emakumezkoen talde bat sortzeko?

Oso zaila da hori. Izan ere, talde bat sortzeko 18-20 pertsona inguru behar dira, eta neska gehienek futbolean edo atletismoan ematen dute izena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak