Mikromatxismoak jomuga Arrasaten, indarkeria sexistaren aurka egiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 22a, 13:00

Emakume Txokoak, Udalak eta Arrasateko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Plataformak egitarau oparoa antolatu dute azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta. Kontrolatzea, gutxiestea eta barregarri uztea ere biolentzia matxista da esaldia jaso dute aurtengo kartelean eta Emakume Txokoko Amets Beltran de Gebarak azaldu digunez, aurten mikromatxismoak salatu gura izan dituzte bereziki: "Oharkabean pasatzen diren jarrera matxista horietan zentratu gara. Horretara dator egitarauko irudia bera".

Whatsapp bidez ematen den elkarrizketa bat jasotzen du irudiak, emakume askok "zoritxarrez" jasaten duten jazarpena islatzen duena: "Iruditzen zaigu matxismoak bere bideak eta zirrikituak bilatzen dituela garai bakoitzean gizartean egoteko. XXI. mendean Whatsapp-a eta sare sozialak baliatzen ditu matxismoak bere mezua indartzeko", uste du Beltran De Gebarak.

Erremintak emateko gida

Egitarauaz gain, Emakume Txokotik gida bat ere atera dute Egiozu aurre eta izan libre! leloarekin. Indarkeria matxista zer den eta horren aurrean nola jokatu jakiteko hainbat gako ematen ditu gidak. Horren harira, Beltran de Gebarak uste du ideia nahasketak ematen direla, batez ere gazteen artean: "Adibidez, jeloskortasuna eta kontrola maitasunarekin lotzen da eta hori ez da batere sanoa. Lotura horiek detektatzeak pistak eman ditzake aurrera begira izan daitezkeen harremanetan. Bada, gida honek hainbat erreminta ematen ditu tankera horietako jarreren atzean zer dagoen ulertzeko. Hau da, kontrolaren atzean ez dagoela maitasuna, hots, maite zaituenak ez zaituela kontrolatuko. Mezu hori argi geratzea gura dugu".

Argazki tailer bat baino gehiago

Egitaraua gaur bertan jarriko dute martxan Zein da zure erantzuna? argazki erakusketarekin. Zortzi aste iraun duen argazki tailer baten emaitza da erakusketa. Ez da beste edozein argazkilaritza ikastaro bat izan: "Ez da izan kamera nola erabili jakiteko tailerra, baizik eta ideia baten inguruan espresio bat edo barruan daukagun hori ateratzeko ekimen  bat. Hasieratik argi geratu zen emakumeen aurkako biolentzia izango zela gaia eta horren bueltan azkenean argazki erakusketa bat irten da", esan digu Itziar Bastarrika irakasleak.
Zortzi emakumek hartu dute parte eta 50 bat argazki erakutsiko dituzte gaur bertan inauguratuko duten erakusketan. Tailerrarekin "oso pozik" dago Bastarrika: "Argazkiak hobeto egiten ikasteko tailer batera zetozela uste zuten eta hasieratik argi utzi nien beste zerbaiten bila joango ginela. Oso gustura egon naiz eurekin eta emaitza oso polita izan dela esango nuke".

Nerea Gangoiti emakume arrasatearrak tailerra "oso aberasgarria" izan dela esan digu: "Argazkilaritzaz gain emakume bezala hausnarketa egitera bultzatu gaitu. Emakume bezala bizi ditugun kale erasoei nola aurre egin ikasten lagundu digu". Eraso horiek identifikatzeaz haratago, erantzun bat ematen saiatu dira, Gangoitiren esanetan: "Jasaten dugun indarkeriari erantzun indartsu bat eman gura izan diogu. Emakume moduan indartu eta erasoei erantzun indartsu bat eman; ikuspuntu aldaketa izan da". Emaitzarekin "oso pozik" amaitu dute: "Argazkilaritza aitzakia bat izan da emakume talde bat elkartu eta gure sentimenduez zein bizipenez berba egiteko".  

Egitaraua

Azaroaren 25etik urtarrilaren 31ra arte:
Zein da zure erantzuna? argazki erakusketa Emakume Txokoan.

Azaroaren 25ean:
17:00: Mural margotzea. Parte hartzeko deitu Emakume Txokora: 943 79 41 39.
19:00: Elkarretaratzea plazan.

Azaroaren 29an, 22:00etan:
Emakumeen begiradak plazara poesia errezitaldia gaztetxean.

Abenduaren 4an, 18:30ean:
Alardearen seme alabak dokumentalaren proiekzioa Kulturateko areto nagusian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak