Auzolana egingo dute Kurtzetxikin, lehen sektoreari "bultzadatxoa" emateko

Kurtzetxiki balioan jartzeko proiektuaren barruan, auzolana egingo dute azaroaren 30ean. Hiru lan egingo dira nagusiki: zuhaitzak babestu, itxituretan animaliendako pasoak zabaldu eta bide zaharrak txukundu. Bagara eta Udalak elkarlanean antolatu dute; GUreztatu ekimenetik irten zen ideia, lehen sektoreari "bultzadatxoa" emateko. Hilaren 30ean, zapatua, Arrasateko Bedoña auzoko aparkalekuan elkartuko dira, 09:00etan. Azaroaren 29ra arte eman daiteke izena; honako bi bide jarri dituzte Bagarakoek: 'gureztatu@bagara.net' helbide elektronikoa eta 943 79 68 48 telefono zenbakia.

Lehen sektorea "biziberritzeko" bidean, herritarren konpromisoa bilatzea da Bagarakoen helburuetako bat. Ildo horretan kokatzen da hilaren 30eko auzolanerako proposamena. Udalari "oso interesgarria" iruditu zitzazion Bagarako ordezkariek egindako proposamena: "Pentsatzen dugu auzolana modu ezin hobea dela arrasatearrak zenbait balio barneratzen joan daitezen", uste du Josu Pereda Ingurumen zinegotziak.

Gogora ekarri behar da Udalak hiru proiektu nagusi dituela Kurtzetxikirako:

  •     Lehen sektoreari ekarpena egitea, abeltzaintzarako bideratuz. Kurtzetxikiko lur publikoko 10 hektarea erabili dira horretarako.
  •     Basoa berreskuratzea.
  •     Kurtzetxiki herritarrengana gerturatzea. 

Ura aurkitzeko zundaketek, emaitzarik ez

Lan horiez gain, zundaketa bat egin zen 130 metrokoa, baina ez du emaitzarik eman. Orain Udalak erabaki beharko du zer egin: zundaketaz jarraitu -hori erabaki aurretik ikusi behar da behar den azpiegituraren kostua zein den– edo bertan behera uztea, eta beste alternatiba bat topatzea. Alternatiba horietako bat izan daiteke, Josu Pereda Ingurumen zinegotziak aurreratu duenez, hodi bat botatzea Bedoñatik zelairaino eta ur-biltegi bat jartzea goiko larrean. Edozein erabaki hartu aurretik, baina, aurrekontua "ondo" aztertu behar dela argitu du Peredak: "Uraren beharra bi hilabetekoa edo bi hilabete eta erdikoa da Kurtzetxikin eta horren arabera baloratu beharko da nola lortu ura han izatea".

25 bat lagun agertuko dira

Lana badago, eta horregatik GUreztatuko ekimeneko lantalde batek Arrasateko zenbait eragilekin harremanetan jarri da asistentzia minimo bat bermatzeko. Eragile horien artean daude Sustraibarri, Zero Zabor, Ekin, Besaide eta Bedoñako bertako baserritar batzuk, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.