Urko Lopez: "Orain ikusiko da Fagor Etxetresnen benetako egoera; orain da kalkuluak egiteko unea"

Leire Kortabarria 2013ko aza. 20a, 01:00

Mondragon Unibertsitateko Ekonomia irakasle eta MIKeko ikertzaile Urko Lopezen esanetan, konkurtsoa hasi den honetan eman ahal izango dira Fagor Etxetresnen gaineko benetako zifrak.

Kalkulu ekonomikorik egin duzue, Arrasaten eta eskualdean ze eragin izango duen Fagor ixteak?

Zaila da horrelako kalkuluak egitea, egunero berri desberdinak dituzunean. Denetarik entzun dugu: erabat likidatuko dela; Edesa bere kabuz joan zitekeela, eta azkenean ikusi dugu ez dela horrela izango; osorik ez bada, zati batzuk salba daitezkeela… Balorazioak hemendik aurrera has daitezke, jakinda Fagor Etxetresnak osorik dagoela konkurtsoan. 

Bestetik, ikusi behar da euren hornitzaileetatik zeintzuk diren nahikoa indartsuak Fagor gabe jarraitzeko, eta zeintzuk ez. 

Beraz, aurrerantzean ikusiko da zein den Fagor Etxetresnen benetako egoera. Kalkuluak egiteko momentua da orain, eta ez orain arte. Oraindik izango duguna jakin gabe kalkuluak egitea paniko egoeran sartzea izango litzateke. Errespetuagatik ere, izan ditzakegun zifra asko ezin ditzakegu esan, jakin gabe zein den behin betiko egoera.

Zor handiak utzi dituzte, baita erakunde publikoekin ere, Ogasunarekin, adibidez. Zer gertatuko da zulo horiekin?

Hartzekodun nagusia beti sektore publikoa izaten da. Esaten da oso gutxi dela Gizarte Segurantzarekin dagoen zorra; gehiago dela BEZaren zorra. Lehenik eta behin, ikusiko da zer gertatzen den Ogasunarekin. Kopuruak oso altuak izan arren, zati nahiko txikiak dira aipatzen diren 800 milioi horien barruan.

Hartzekodunen artean, denetarik egoten da: Ogasuna bera; bestetik, hornitzaileak; kreditu erakundeak… Eta bazkideak langileak dira, baina, aldi berean, enpresaren kudeatzaileak eta hartzekodunak dira; azkenak zerrendan, aukera gutxirekin, baina hartzekodunak hala ere, enpresaren jabe izan arren. Bestetik, ekarpen subordinatuak hor dauzkagu eta ezin ditugu ahaztu. Ikusi beharko da zelan konposatzen den hartzekodunen multzo hori. 

Konkurtsoak luzeak izaten dira, eta gogoan izan behar dugu pertsonak daudela tartean: Fagorreko bazkideak direnak, aldi baterako langileak, hornitzaileak eta euren lanpostuak Fagorren etorkizunaren mende dituztenak. Eta familiak ere hor daude. Konkurtsoa luzea izateak oso eragin negatiboa du, batez ere itxaron behar izate horretan. Berez txarra da enpresa bat konkurtsoan sartzea, baina alde ekonomiko horri giza faktorea gehitzen badugu, oso koktel garratza sortzen da.

Hartzekodunen lehiaketak beti enpresa ixtea dakar?

Ez du zertan. Hori bai: helburua likidazioa baldin bada, seguruenik itxiera gertatuko da. 

Orduan, Fagorren kasuan, zer? Ni ez naiz gai horri erantzuteko. Hemendik aurrera hasiko gara jakiten, pixkana-pixkana. Orain arte, lehenengo, kolpe ekonomikoa etorri da: ez da bakarrik Fagor Etxetresnak erortzen, baizik eta Euskal Herriko etxetresnen enpresa garrantzitsua, estatukoa ere bai. Bigarren: zer gertatuko da bazkideekin? Birkokatzeak, kapitala, zeren erantzule diren eta zerena ez… eta horri giza-faktorea gehitu behar zaio. Oraintxe jakingo dugu hori dena, behin kartak mahai gainean egonda eta jakinda zerekin egiten den lehia hori eta zerekin ez den egiten.

Ekonomia ikuspegitik, zure ustez, soluziorik onena zen hartu dena?

Oso zaila da ikustea non zegoen arazoa edo non egon zen; akaso ez da kopuru baten arazoa, joera batena baizik: eraikuntza behera badoa, etxetresnak ere bai; bestetik, barne-joera bat, komentatu da-eta kudeaketa ez dela izan behar zena izan. Orain jakingo dugu ea benetan neurri onena zen, ekonomia ikuspegitik. Kasu batzuetan, konkurtsoan sartzea da eraginkortasun ekonomiko aldetik erabaki onena. Baina kontuan hartzen badugu jendeak lanpostua gal dezakeela, ez dakit ze puntura arte den positiboa. Erabaki beharrezkoa bat izan daiteke; hartu beharreko erabakia, beste bat; eta positiboa, beste bat, eta guztien artean talka egiten dute.

Ezinbestean, Txinan edo Europako ekialdean egin behar du ekoizpena euskal enpresa batek? 

Zergatik goaz atzerrira? Joan behar dugu merkatua izan dezakegulako; bestetik, hemen produzitzea eta hara eroatea erabat bideragarria ez delako; bestetik, akaso hornitzaile on batzuk dauzkagulako kokatzen garen lekuan; edo hemen zaharkituta dauden baina beste leku askotan oraindik merkatua duten produktuak ditugulako. Lehenik eta behin, zergatik goazen ikusi behar dugu. 

Bigarrenik, hainbat enpresa hemen daude eta atzerrian ere bai, aldi berean. Doktore-tesi batek esaten du atzerrira joateak bertako lanpostuei eusten laguntzen duela.

Eta azken faktore bat dago, oso garrantzitsua: akaso, bertan beste gauza bat egitera ohitu behar gara. Orain arte, sektore tradizionaletan oso enfokatutako ekonomia izan dugu. Etxetresnak ere oso tradizionalak dira. Beharbada hemen gama altuena egin behar dugu; beharbada lan-txanda bakarra izan behar dugu. Beharbada, atzerrian produzitu beharrekoa balio erantsi txikiena duena da, eta bertan balio erantsi handia duena, teknologia maila handikoa; baina horrek urteak behar ditu. Hasi gara aspaldi, baina oso poliki joan gara, eta orain ikusi dugu akaso azeleratu egin behar dugula aldaketa hori. 

Beste gai batzuetara joanda, Europako Banku Zentralak %0,25era jaitsi ditu interes tipoak, deflazio beldurra zegoelako.

Orain arte, EBZk interes tasak beti eduki ditu altu samar, inflazioa kontrolatzeko; bere lehenengo helburua inflazioa kontrolatzea da. Inflazioaren arazoa konponduta dago, oraingoz. Orain justu kontrakoa gertatzen da; prezioak txikitu egiten dira, eta produktore gisa arazoa daukagu, gure marjinak ere txikiagoak direlako eta, konparatiboki, beste herrialde batzuetako ondasunak guretako ez dira hain eskuragarriak. Gainera, ikusi beharko genuke deflazioak nola eragingo lukeen euroan. Eragin hori ikusten badugu eta euroa oraindik kaltetuago irteten bada, oso erraz gal dezakegu lehiakortasuna. Inflazioa ez da behar, baina deflazioa ere ez. 

Lehiakortasuna Europa gisa, besteekiko, edo Europako beste herrialdeekiko galduko genuke?

Biak. Europa barruan herrialde bakoitzari deflazioak nola eragiten dion ikusi beharko litzateke. Agian, herrialde batek oso ondo aguantatu dezake deflazio egoera hori, baina beste batzuek egundoko arazoak izan ditzakete, eta Europak orokorrean ere bai. 

Euskadin bikoiztu egin da, lau urtean, Diru-sarreren Berme Errenta jasotzen duten herritarren kopurua. 

DBE ez du inork bizioagatik kobratzen, beharrizanarengatik baizik. Jende askok diru hori behar du. Gero, denetarik entzuten dugu: hark mutur gogorra duela, lurpeko ekonomia asko dagoela… Elkarbizitzen ari diren bi gauza dira, baina hala ere, DBE agertzeak eta jasotzaileak laukoizteak esan nahi du gure ekonomia gaizki doala, eta gizarte aldetik degradazio bat gertatzen ari dela. Jendea pobretzen ari da, eta gero eta geruza pobreago bat daukagu. 

Egia da krisi teknikotik irten garela?

Euskal Herrian, orain komentatu dugun egoera kontuan hartuta, ezin dezakegu esan oso ondo gaudenik. Moralki ukituta geratu gara. Fagor, tamalez, erori den beste enpresa bat da, eta Euskal Herrian hainbat enpresa erori dira azken hiruzpalau urteetan. Estatu espainolaren kasuan, oraindik asko falta zaio krisi tekniko horretatik irteteko. Ez dakit orain benetako geldialdi baten dagoen, estatistikak baten alde edo aurka egiten dutelako irakurketaren arabera. Ikusi behar da ze enplegu sortzen den, eta sortze garbi hori ikusi beharko dugu. Estatuari asko falta zaio, Euskal Herriari baino askoz gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak