Haurrasate egitasmoaren gogoeta faseak ondorio interesgarriak utzi ditu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 12a, 10:15

Txatxilipurdik, Bagarak eta Huheziko Heldu ikerketa taldeak sustatutako Haurrasate ekimena forma hartzen dabil. Haurrak ardatz hartuta, Arrasate hobe baterako oinarriak finkatu gura dute egitasmo horrekin. Egin dituzte lehen gogoeta faseko hiru saio irekiak: espazio publikoak eta pertsonen ongizatea, irisgarritasuna eta pertsonen autonomia, eta haurren saioetan irtendako ondorioak eta esperientzia ezberdinen ezagutza.

Lehen saioa Monterron parkean egin zuten: "Espazio publikoez hitz egin nahi genuenez, aproposa iruditu zitzaigun betiko eskemetatik atera eta bestelako saio bat egitea", esan digu Txatxilipurdiko Gari Iturbek. Arrasaten espazio publikoak nola erabili izan diren hausnartu zuten: haurrek non jolasten zuten, kalea nola erabiltzen zen... Era berean lehen saio horrek balio izan zuen ongizateaz berba egiterakoan lehentasunak zeintzuk diren identifikatzeko.

"Urteekin oinezkoek lehentasuna galdu dute autoen mesedetan"

Bigarren saioan mugikortasunaren eta irisgarritasunaren gainean gogoeta bat burutzea zuten helburu: "Urteekin oinezkoek lehentasuna galdu dute autoen mesedetan. Kaleak autoetan pentsatuta egin dira eta oinezkoek hainbat oztopo gainditu behar izaten dituzte mugitzeko". Iturberen arabera, irisgarritasunaren arloan ere bada zertan hobetu: "Zebra-bideen ikusgarritasuna, autoek espaloiak okupatzen dituztela... asko dago hobetzeko".

Ez da jolaserako herri aproposa

Joan den eguazteneko saioan ondorioztatu zuten, besteak beste, egun haurrek leku zehatz batzuetan bakarrik jolasten dutela, eta leku horiek ere hobetu behar direla. Ondorioztatu zutenez, Arrasate ez da jolaserako aproposa. Abenduan ezagutaraziko dituzte lehen fase honetako ondorioak, jaialdi batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak