Jokin Zaitegiren "ekarri aberatsa" laburtzen duen liburua aurkeztu zuten Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 11a, 11:12

"Jokin Zaitegiren lana eta lanarekin batera bere erbeste-ibilbide luzean emandako bizitza hobeto ulertzen lagunduko digula ziur nago. Batez ere zein testuinguru sozio-politikoan bizitzea eta lan egitea tokatu zitzaion ikasiko dugu, eta ez da gutxi". Hitz horiek izan zituen Paulo Iztueta (Berastegi, 1941) Utriusque Vasconiae argitaletxeko zuzendariak Jokin Zaitegiren inguruan egin den azken liburuaren aurkezpenan: Jokin Zaitegiren ekarpenak euskal curriculumean. Joan den eguenean aurkeztu zuten Jon Diazen (Legorreta, 1973) liburua; Jokin Zaitegiren bizitza eta "ekarri aberatsa" laburtzera datozen ia 300 orri. Ez zen jende larregi egon baina gerturatu zirenek adi jarraitu zituzten hizlarien azalpenak.

Iztuetak maila pertsonalean ezagutu zuen Arrasateko seme kuttuna: "Ezagutu nuenean 20 bat urteko mutiko bat baino ez nintzen eta esan dezaket berebiziko zirrara eragin zidala haren ezagutzak ondoko urteetan zehar". Besteak beste, Jokin Zaitegik euskaraz idazteko egindako ahalegina goraipatu zuen euskaltzale ezagunak: "Euskal gaiez erdaraz idazten zuten euskal intelektualak salatu zituen 1951eko idatzi baten".

Joan Diazen lana "hutsune handi bat" betetzera datorrela esan zuen: "Jon Diazen lan hau hutsune handi bat betetzera etorri da, izan ere, hari buruzko lan gehienek ez dute agerian jarri izan Zaitegiren bizitza intelektualean ardatz izan zen lanbide akademiko berria; ez da aipatu izan haren ekarria irakaskuntzaren alorrean, ikastetxe mailan zein maila unibertsitarioan".

(Argazkia: Jokin Zaitegi. Iturria: Utriusque Vasconiae).

Zaitegi, hezkuntza alorretik

Liburuaren egileak azaldu zizkigun liburuaren nondik norakoak: "Hezkuntzaren alorretik hartzen dugu Jokin Zaitegiren bizitza, obra eta ibilbidea. Zaitegiren bizitza aztertzen dugu sakonean, urratsez urrats. Profesionalki zer egin zuen aztertzen du liburuak". Tesi formatuan egina dago eta tesi horren muinetik sortzen da eguenean aurkeztu zen liburua.

Tesia 2011rako gertu zuen Diazek baina argitalpenerako arazoak direla-eta 2013ko maiatzera arte ez du argia ikusi: "Azkenean lortu dugu ateratzea eta horregatik oso pozik gaude. Argi genuen aurkezpena Arrasaten izan behar zela, Jokinek duen protagonismoa ikusita bere herrian aurkeztu beharrekoa zelako. Udalaren laguntzari esker lortu dugu Arrasaten aurkeztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak