Txema Gisasola: "Mondragon kapaz izango da Fagorren itxieragatik galdutako lanpostuak bizpahiru urtean errekuperatzeko"

Goiena 2013ko aza. 10a, 11:26

Txema Gisasola, Mondragon korporazioko presidentea, elkarrizketatu dute gaur, domeka, Vocento eta Grupo Noticias taldeek. Elkarrizketa zabalean, Gisasolak hainbat gairen gainean egiten du berba, eta nagusienak batu ditugu hemen. Dio ez dela bidezkoa Korporazioari aurpegiratzea Fagor Etxetresnen itxieraren aurrean ezer egin ez izana, ezinezkoa zela esfortzu handiagoa egitea, gainontzeko kooperatibek euren proiektuetarako dirua behar dutelako, eta merkatua bera izan dela Fagor hondoratu duena. Eta, gaineratu du modelo kooperatiboa ez dagoela zalantzan, bertako baloreak oraindik bizirik daudelako. Argazkia, TU Lankide. 

Elkarrizketa zabala eskaini die Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidenteak hainbat komunikabideri. Onartzen du ez direla egun errazak izan, erabaki gogorrak hartu behar izan dituztelako, baina gogora ekartzen du berak ez zuela zerikusirik izan Fagor Etxetresnek izandako zabalkuntza politikarekin, eta dio ez dela egia Fagorreko krisiaren aurrean neurrik hartu ez dutenik: horren adibide jartzen du azken urteotan langile kopurua %44 jaitsi dela. 

Gaineratzen du presente dauden herrialdeetan merkatu kota mantendu arren, merkatua erori egin dela; horrek "bere lekutik atera" duela Fagor; eta ez zutela aukera hori aurreikusten. "Merkatua etengabe erortzen ari bada… Egoerarik txarrenera iristen da", dio Korporazioko presidenteak. 

Iaz, bizi zuen egoera ikusita, Fagor Etxertesnek lau urtetarako plan bat landu zutela azaltzen du Txema Gisasolak, baina plan hori aurrera ezingo zela eraman ikustean, negozioa mantentzeko kooperatibak 50 milioi euro eskatu zizkiola Korporazioari. "Proiektu berria askoz irmoagoa zen arren, Kontseilu Orokorrak ikusi zuen bideragarritasuna ez zegoela bermatuta", dio Gisasolak, eta ordura arte kooperatibarekin egindako esfortzuak (300 milioi euro krisi garaian, horietatik 145 azken hamalau hilabeteetan) bide horretatik jarraitzea eragozten zuela: "Diru funtsak ez dira amaigabeak, eta gainerako kooperatibek baliabide horiek behar dituzte euren proiektuetarako eta beharrei aurre egiteko".

Hartzekodunen konkurtsoa eta enplegua

Hartzekodunen konkurtsoaren inguruan galdetuta, Txema Gisasolak dio oraindik ere aztertu egin behar dutela zein izango den Korporazioaren jokabidea, baina azpimarratzen du konkurtsoaren bilakaeraren inguruan Fagorrek edo Mondragonek baino zeresan handiagoa dutela epaileek eta administratzaileek.

Enpleguari dagokionez, Txema Gisasolak azaltzen du 2013-2016 urteetarako plan korporatibo bat dagoela, eta dibisio guztiak negozio lerro berriak aztertzen eta sortzen  edo hazkunde prozesuan dabiltzala: "Enpresa eta enplegu sortzaile moduan badugu ibilbidea. Horri esker, bizpahiru urtetan Fagor Etxetresnen itxierak suntsituko duen enplegu garbia berreskuratuko dugula uste dut".

Fagor Etxetresnetako kooperatibisten egoerari buruz, Korporazioko presidentearen esanetan bizpahiru hilabetetan 1.000-1.200 langileri irtenbidea bilatzea aurreikusten dute: "Beste kooperatibetan 700 pertsona birkokatzeko lekua dago, eta beste 300 aurre-erretiroa hartzeko moduan daude. Horrek lehenengo txanda honi erantzun azkarra emateko aukera ematen digu". Korporazioan urtero 500 pertsonak erretiroa hartzen dutela gaineratzen du.

Aldi baterako langileen kasuan, Txema Gisasolak dio kooperatibaren bokazio eta konpromisoak langile guztiekiko diren arren,  guztiaren gainetik Lagun Aron kotizatzen duten bazkideekin duten konpromiso legala dagoela : "Legeak horrela eskatzen du".

Errentagarriak diren negozioekin, zer?

Fagor Etxetresnen barruan hainbat negozio errentagarriak dira, eta horien gaineran zera esaten du Gisasolak: "Sakonean aztertu beharko dugun kontu bat da. Fagor Etxetresnak azterketa hori egiten dabil, eta guk Mondragon Taldetik lan horretan lagundu egingo diegu, izan ere, beti esan izan dugu minidomesticos, encastre eta konfort lineak bideragarriak izan daitezkeela. Baina, gai delikatua da, izan ere, orain arte merkatu orokorrean aktore izan gara, eta hortik espezializazioaren merkatura egingo genuke salto, eta hor ere zailtasunak izan genitzake. Edozein kasutan, aztertu beharrekoa da". Noski, hartzekodunen konkurtso egoeran sartuz gero, epailea da erabakiak hartzen dituena, baina Gisasolak berak onartzen du halako kasuetan epaileek eurek sentsibilizazio handia izaten dutela; euren arduretako bat izaten dela hartzekodunen interesak defendatzea, baina baita ere salba daitezkeen lanpostuak salbatzea.

Bazkideen ardurak zorraren aurrean

Batere argitu gabe dagoen beste gaietako bat da bazkideek Fagorrek duen zorraren aurrean zenbaterainoko ardura duten, ea bazkideen ondare pertsonala arriskuan dagoen, eta Gisasolak esaten duenaren arabera, egin diren analisi juridikoek, eta maila gorenean egin diren hainbat kontsultek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, diote bazkideen ardura enpresan duten kapitalera mugatzen dela: "Baina instituzioekin lanean dihardugu gai honen gainean egon daitezkeen zalantza guztiak uxatzeko", eta gogorarazten du Euskadiko Kooperatiben legea erreformatzeko aurreikuspenak daudela, hain zuzen, halako gaiak zehazteko: "Antza artikulo batzuk nahasmena sortzen dute, baina uste dut gai honetan lasai egon behar dugula". 

Amaitzeko, Fagorren krisiak gainontzeko kooperatibak arrastaka eramango dituenaren beldur norbaitek pentsatuko du azken horiek Mondragon Taldetik irteteko tentaldia izan dutela, baina Gisasolak erabat baztertu du egoera hori: "Taldeko 110 kooperatiben fideltasunean sinesten dut, eta inork ez du Mondragonetik irteteko asmorik erakutsi". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak