Amodioa bera mingarri bihurtzen denean...

Imanol Gallego 2013ko aza. 8a, 08:33

Indarkeria fisikoaz gain, hitzen bidezko indarkeria ere existitzen dela argi azaleratuko du Hika Teatroak. Hitzak antzezlanak horixe izango du oinarri, hitzen bidezko indarkeria, eta horrek sortutako mina eta ondorioak.

Domekan, 19:30ean, Amaia antzokian, "hitz mingarri eta iraingarriak" entzungo ditugu antzezlanean, zehaztu zuen Agurtzane Intxaurraga obraren egile, zuzendari eta aktoreak.

Intxaurragak berak duela urte gutxi bizi izandako gertaera baten harira sortu du antzezlana: "Gertuko bikote batean ikusi nuen gizonak hitz txarrak esan zizkiola emakumeari, eta emakumea isilik geratu zela. Isiltasun horrek pentsarazi egin zidan. Min batetik sortutako antzezlana da". Emakume horiek jasaten duten "epaia" baino haratago doa antzezlana, bertan ikuslea emakumearen azalean jarriko da-eta.

Istorio gordina

Familia baten istorioa da Hitzak, senar-emazteak eta haien haurra. Emakumea, Mari, hirutan banatuta egongo da, eta hiru aktorek interpretatuko dute, horietako bi donostiarrak. Iraganeko Mari Ane Pikaza izango da; orainaldikoa, Itziar Ituño; eta etorkizunekoa, Klara Badiola. Gizona beti aktore berak interpretatuko du, Jabi Barandiaranek.
Gizonak hitzen bidezko tratu txarrak jasoaraziko dizkio emazteari; eta denboran barrena, hitz horiek emakumearengan eragin handia izango dute. Emakumeak barne bidaia ausarta egingo du, menpe egotetik aske izatera pasako da, iluntasunetik argira egingo du. Hala ere, antzezlanean gizona ez da borrero soila izango, Intxaurragaren ustez: "Gizona bera ere gizarte matxistaren biktima da. Baina bikotekidearen ilusioak entzutea ahazten zaio".

Bikotearen haurra panpina batekin irudikatuko dute. Haur horrek ere sufritu egiten du, eta izar iheskorrei bere ametsak betetzeko eskatzen die. Menpekotasuna, iluntasuna, tratu txarrak... horren guztiorren gainetik, gainditze eta askatasunari buruzko istorioa da.

Obrak oso eszenografia zaindua dauka eta ia hutsik dagoen oholtzan argiteria zaindu eta melodia samur baten laguntzarekin ikusleak detaile guztiak ulertuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak