Azaro Musikala antolatu du Ibai-Artek, hileko zapatuak musikatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 7a, 09:30

"Merkataritza dinamizatzeko egiten dugu, herria bera ere dinamikoa izan dadin". Hitz horiekin azaldu digu Ibai-Arte elkarteko Angel Alonsok zapatuan martxan jarriko duten Azaro Musikala. Musika aukeratu dute azaroko zapatuak girotzeko: "Zapatu iluntzean hutsune bat dagoela uste dugu, zerbait falta dela jendea gustura egon dadin. Merkataritza erakargarria dugunez, herria bera ere erakargarria egitea gura dugu". Arrasate Musikaleko Big Bandak eta hari-instrumentuen taldeak, eta Txorbela otxoteak musikatuko dituzte azaroko zapatuak, 18:00etatik 20:00etara.

Aitziber Lasarguren Mankomunitateko merkataritza-dinamizazio arduradunaren arabera, "giroa sortzea" da asmoa: "Bertako musikarien bidez kaleak alaitzea da helburua, aldi berean bertako kontsumoa bultzatzeko".
Arrasate Musikal izango da protagonista nagusia, lau emanaldietatik eurenak izango dira-eta hiru. Hasierako asmoa zen Arrasate Musikalek bakarrik parte hartzea baina hileko azken bi aste bukaeretan zarzuela dagoenez, azken saiorako Txorbela otxotea gonbidatu dute. Ez dira guztiak egongo, otxoteko kide batzuk ere zarzuelan daudelako.

"Eguraldiak laguntzen badu polita izan daiteke guztiondako"

Arrasate Musikaleko Edorta Aiastuik aurreratu digu Big Bandak lehenengoz joko duela kalejiran:  "Berez geldi jotzen dugu, baina oraingoan mugitu egingo gara jotzen dugun bitartean. Musikariendako erronka bat izango da". Era berean, Aiastuiren arabera, alde zaharreko txoko ezberdinetan geldialdia egingo dute hiru edo lau piezako saioak eskaintzeko. Hilaren 16an, berriz, hari-instrumentuak jotzen dituzte ikasleak aterako dira kalera: "Bospasei musikariz osatutako hiru talde egingo ditugu eta alde zaharreko hiru lekutan egongo gara. Ordu erdi inguruko emanaldia eskaini ostean lekuak txandakatzen joango gara".

Oraindik ez dute alde zaharreko zein txokotan joko duten zehaztu; eguraldiaren arabera aukeratuko dituzte leku horiek. Arrasate Musikalekoendako ere "interesgarria" da ekimena: "Musika kalera ateratzea ederra da guretako. Eguraldiak laguntzen badu polita izan daiteke guztiondako", gaineratu du Aiastuik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak