Naiara Mimentza: "Iktusa gaixotasun larria da; sintomak izanez gero, lehenbailehen jo behar da larrialdietara"

Irati Goitia 2013ko aza. 6a, 01:00

Urriaren 29a Iktusaren Nazioarteko Eguna izan zen. Naiara Mimentza Aita Menniko neuropsikologoak eman dizkigu gaixotasunaren gaineko xehetasunak.

Zer da iktusa edo zein ondorio ditu gaixoarengan?

Iktusa gaixotasun larria dela esan behar da, lehenik eta behin. Garuneko odol fluxua mozten denean gertatzen da. Bi mota daude: batetik, iktus iskemikoa (tronbosia edo enbolia izaten da, eta kasu honetan odol fluxua mozten da); eta bestetik, iktus hemorragikoa (arteria puskatzen denean). Bigarren horren ondorioak hainbat arlotan gertatzen dira. Batetik, arlo fisikoan, esaterako, koordinazio falta edo desoreka jasan ditzakete gaixoek. Gure paziente asko ezin dira eserita edo zutik egon, adibidez. Bestetik, ulermenean ere zailtasunak agertzen dira hitz egiterakoan edo beste pertsona bati ulertzeko orduan. Ondorioak jasan ditzake baita gure ikusmenak ere: ikusmen eremua murriztu daiteke edo ikusmen bikoitza sortu. Kognitiboki ere azaltzen dira zailtasunak. Adibidez, paziente askok orientaziorik eza, ze datatan dauden ez jakitea, memoria falta edo erabakiak hartzeko gaitasuna galtzen dute. Beste batzuek esfinterraren kontrola galdu egiten dute eta dutxatzeko eta janzteko laguntza behar izaten dute. Ondorioz, 24 orduko laguntza behar izaten dute. Lehen fasean, oso menpekotasun handia izaten dute.

Zerk eragin dezake iktusa?

Arrisku faktoreak daude eta bi motatan bereizten dira. Batetik, arrisku faktoreak izan daitezke: adina, sexua eta arraza. Badakigu 60 urtetik aurrera iktusa jasateko aukerak asko handitzen direla, gizonezkoek gehiagotan pairatzen dutela eta arraza beltzetan zurietan baino gehiago gertatzen dela. Horiek ezin dira aldatu, baina gero badira kontrola ditzakegun beste arrisku faktore batzuk: hipertentsioa, loditasuna, diabetesa, kolesterola eta tabakoa.

Bihotzekoa bezala, bat-bateko gaixotasuna da?

Bai, aurretiaz ez da sintomarik nabaritzen, bat-batekoa da. Beraz, hasieran izaten dugun erreakzioa oso-oso garrantzitsua da. Normalean, pertsonak igartzen duena izango da ikusmena galtzen duela, gorputzeko atalen baten sentikortasuna edo mugikortasuna galtzen duela edo hitz egiteko orduan zailtasuna izango duela, adibidez. Norbaitek sintoma horiek baditu, lehenbailehen jo behar du larrialdietara.

Garrantzitsua da, beraz, ahalik eta azkarren artatzea?

Bai, oso garrantzitsua da. Azken hamar urteotan tratamendu berria erabiltzen gabiltza: tronbolisia. Hori erabiltzeko, baina, lehenengo hiru-sei orduetan sartu behar du pazienteak ospitalean.

Lehen orduak garrantzitsuak izateaz gain, errehabilitazioak ere berebiziko garrantzia du, ezta?

Lehenengo fasean, egonkortasuna lortzea da helburua. Gero errehabilitazioko medikuak aztertzen du kasu bakoitza. Tratamendu ezberdinak daude pertsonak dituen sintomen arabera. Gure gaixoek orokorrean gorputz erdia ezin izaten dute mugitu. Kasu horietan fisioterapia oso garrantzitsua da. Horrekin lor daitekeena da pertsona mugimenduak egiten hastea poliki-poliki: eskua mugitzen hastea, eserita mantentzea, zutik mantentzea, bi-hiru pauso ematea, eta, azkenik, oinez hastea. Beraz, gurpildun aulki baten egotetik oinez ibiltzera pasa gaitezke. Hori fisioterapia tratamenduarekin lortzen da. Hitz egiteko zailtasunak edo ulermeneko zailtasunak logopeda tratamendua behar dute. Kasu horretan berriz hitz egiten edo hitzak esaten erakusten da. Hori ez bada lortzen, pazienteak komunikatzeko ze tresna elektroniko erabil ditzakeen aztertzen da. Beste alde batetik, terapia okupazionala ere badago: gaixoak bere kaxaz janzten (esku bakarra erabil badezake, beso bakarraz janzten ikasi beharko du) edo dutxatzen ikasteko. Bestalde, bere menpekotasunak aldaketa batzuk egin beharra sortzen du etxera bueltatzean. Beraz, terapia okupazionalean erakusten zaie familiei noraino lagun diezaioketen pazienteari. Eta azkenik, neuropsikologia egongo litzateke memoria eta orientazioa lantzeko, besteak beste. Kontuan izan behar dugu iktusa jasaten duten gaixoek askotan euren jarreran aldaketak izaten dituztela: asko haserretzen dira edo depresioa izaten dute. Arlo horretan ere neuropsikologia erabili behar da.

Gaixoak berreskura al ditzake bere gaitasunak ehuneko ehunean? 

Normalean, ez da lortzen ehuneko ehunean berreskuratzea aurreko gaitasunak, baina helburua izaten da ahalik eta gehien berreskuratzea. Lehen fasean ingresatuta egoten dira; gero, tratamendua etortzen da. Badago etxeko tratamendua ere, eta hor familiak egiten duena oso garrantzitsua da. Askotan, gure terapeutak etxeetara joaten dira, bai pazienteekin eta baita familiekin egoera lantzeko. Konstantzia eskatzen duen errehabilitazioa da, eta luze jotzen duena. Gutxienez, sei hilabete.

Familiakoen eta ingurukoen jarrera ere garrantzitsua izango da errekuperazioan. 

Bai, batetik, gaixoari nola lagundu jakin behar dutelako; eta bestetik, familiakoek euren senitartekoaren gaixotasuna nola hartzen edo ulertzen duten ere kontuan hartu behar da. Esan dugu bat-bateko gaixotasuna dela eta askotan gertukoentzako gaixotasunak suposatzen dituen aldaketa guztiak onartzea ez da erreza izaten. Horrenbestez, guk familiakoei ere eskaintzen diegu laguntza arlo horretan.

Jendeak gaixotasuna bera ezagutzen duela esango zenuke? 

Nik uste dut gaur egun gizartea hasi dela iktusa zer den entzuten eta gaixotasun larria dela barneratzen. Hala ere, gaixotasunak berak dakartzan ondorioak oraindik ere ez direla ondo ezagutzen esango nuke. Tratamendurako zein motatako errehabilitazio programak dauden ere ez da ezagutzen. Guk askotan nabaritzen  dugu familiek ez dutela jakiten nondik nora jo behar duten.

Zein da emango zenukeen gomendio orokorra? 

Ohitura onuragarriak izatea. Elikadura zaintzea eta kirola egitea, eta diabetesa, hipertentsioa edo kolesterola badago, anbulatorioko medikuaz kontrolatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak