Governors: "Morphinapolis'-ek egungo egoera isla dezakeela uste dut"

Jagoba Domingo 2013ko aza. 6a, 01:00

Governors taldeak ez du aurkezpenik behar. Bailarako eta, zergatik ez, Euskal Herriko talde indartsuenetakoak Morphinapolis diskoa kaleratuko du bihar. Horren inguruan hitz egiteko Juan Sangre-rekin egon gara; beraz, eman diezaiogun hitza.

Morphinapolis... zer da?

Morfinaren eta polis-en edo hiriaren arteko hitz-jokoa da. Garai latzak bizi ditugu, ez bakarrik egiten digutenagatik, baizik eta egiten uzten diegunagatik. Gure ustez, Morphinapolis, agintzen dutenek agintean jarraituz gero, etorkizuneko hiria izan daiteke. Diskoarekin, gure maila xumetik erantzunerako dei egiten dugu

Eta, zelan ez, izenburuak izena ematen dio diskoaren abesti multzoari; daukagun panorama latz eta negatiboa islatu nahi izan duten abestiak, alegia. Izan ere, ez da jendeari kontatu behar diogula gertatzen dena, soberan dakite-eta, baina  bizi dugun egoeraren aurrean sentitzen dugun amorruari irtenbidea emateko modua da.

Diskoaren azalak, gainera, ideia hori indartzen du.

Bai; nik neuk Orwell-en 1984 filmaren azala eta V de vendetta-rena oso gustuko ditut; eta Morphinapolis-en azalak bietatik duela uste dut. Nestor Urdainpileta izan da arduraduna. Berdin jantzitako jende multzo bat dago, eta atzean suntsitutako hiri bat ikusten da. Gure kasuan, hiri horrek gizartearen balioak irudikatzen ditu. Eskubide politikoak zapaldu dira, salbuespen legeak sortu eta borroka sozialari esker hamarkadatan lortutako eskubideak urte gutxi batzuetan galdu ditugu; munduaren ikuspegi kaotikoa da portada; hala ere, errealitatetik gertuegi egon daiteke. Oraindik, baina, jende askok borrokan jarraitzen du; beraz, ez da itxaropenik galdu behar.

Zelan planteatu duzue disko hau? Presio handia izan duzue?

Hirugarrenarekin (Collage) presio handiagoa izan nuen. Frenetikodrome diskoarekin nolabaiteko boom-a izan genuen, Hatortxuko abestia tarteko, eta disko ona egin genuen. Hirugarren diskoan, gainera, Aitor Antruejok taldea utzi eta trantsizio batean geunden; eta kontzertuak eman bitartean konposatu genuen diskoa. Oraingoan, denbora luzeagoa hartu dugu kantuak konposatzeko. 

Pasa den urteko abenduan hasi nintzen kantuak konposatzen. Orduan bigarren eta hirugarren diskoen arteko nahasketa egitea jarri nuen helburu moduan. Frenetikodrome-n alde kañero, ilun eta metaleroa, Collage-n melodiarekin uztartzea. Ez dakit helburua lortu dudan, hori Governors-zaleek esan beharko dute, baina gaur, diskoaren emaitza asko gustatu zaidala esan dezaket.

11 kantu grabatu bai, baina zenbatetik? 

26 proiektu izan nituen esku artean. Oraingoan, etxeko estudioan lan egiteko aukera izan dut eta sekulako erraztasuna eman dit. Aurrerago, 26 proiektuekin Arantzan dagoen baserri batean eman genuen asteburu bat, eta bertatik diskoaren armazoia irten zela esan genezake.

Eta diskoa Higain estudioan grabatu duzue berriz ere.

Bai; Haritz Harreguy teknikaria aspalditik ezagutzen dut, Ekon-en lehenengo diskoa grabatu genuenetik. Oso erraza da harekin lan egitea, taldea oso ondo ezagutzen baitu; izan ere, gutaz aparte Governors norbaitek ezagutzen badu, hura da. Zuzenekoetara ere gurekin etortzen da; beraz, badaki zein den taldearen soinua, zeintzuk diren gure ahulguneak... konfiantza osoa dugu ondo edo txarto dagoena esateko. Gainera, ondo lan egiten duen pertsona bat aurkituz gero, dena errazagoa da.

Disko berrian sekuentziek eta pianoak garrantzi handia dute.

Bai; Koldo Uriarte izan da arduraduna. Hasieran, beldur puntu bat genuen; hala ere, argi eta garbi utzi du sekulako profesionala dela. Gustuko talde batzuen erreferentziak eman genizkion eta lan ezin hobea egin du. Hasieran, pare bat kantutan sartu behar genituen, baina diskoaren parte garrantzitsu bihurtu da, Aitor Antruejorekin batera kolaborazio garrantzitsuena izan da.

Izan ere, Antruejok diskoa grabatu du, baina egun ez dago taldean.

Ez; lan kontuak direla-eta Madrilera joan behar izan du. Orain, Urtzi Intza da Governorseko gitarrista berria; Antruejok berak aholkatutakoa da. Hala ere, Antruejo Morphinapolis-en parte garrantzitsua izan da. Hasiera batean, diskoa eta bira egin behar zituen; hala ere, ez da posible izan. 

Bihar kaleratuko duzue diskoa, baina kontzertuak noizko?

Birako lehenengo kontzertua azaroaren 30ean izango da Donostian. Ondoren, abenduaren 21ean Plateruenan egongo gara eta 28an, Hatortxu Rock jaialdian. Oraindik datak zehazten ari gara, baina poliki-poliki aurrera goaz. Arrasateko gaztetxekoekin ere lanean gabiltza Morphinapolis etxean aurkezteko.

Betidanik zuzeneko taldea izan zarete; berrikuntzarik bai?

Bai, ikuskizun bat prestatzen gabiltza Jon Mentxakaren laguntzarekin; argiak eta su-efektuak, adibidez, alde bisualak ere garrantzia duelako zuzenekoetan. Hala ere, argi daukagu musika indartzeko elementu moduan erabili behar dugula; betidanik gustatu izan zaizkit Alice Cooper eta Kiss taldeen ikuskizunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak