Igor Isasi: "Helburuak zehazteko, jokalarien konpromiso maila jakin behar dut"

Mireia Bikuña 2013ko urr. 22a, 02:00

Hasi du denboraldia Arrasate Rugby Taldeak (ART). Senior mailako taldeak Hernanin hasi du aurtengo bidea, berrikuntza bakarrarekin: hainbat urtean Ordiziako jokalari izan den Iker Elortza arrasatearra etxera itzuli da. "Laguntzeko eta jokatzeko gogoz" heldu da. Dena dela, asko sufritu beharko dute aurten ere. Igor Isasi entrenatzailea gogotsu dago. "Partiduz partidu" antolatuko dute urtea.

ARTk espero zitekeen fitxaketarik onena egin du: Iker Elortza. Gustura zaudete?

Bai, horixe. Pozik gaude debalde datorrelako, eta, batez ere, laguntzeko gertu. Orain min hartuta dago, baina, sendatzen denean, askorako balioko digu.

Zeelanda Berrian eta Ordizian entrenatzaile oso onen aginduetara lan egin du, eta asko ikasi du. Hark ikasitakoaren laurden bat erakusteko gai bada, asko aurreratuko dugu.

Elortzaz gain, beste hainbat aurpegi berri dituzue.

Hiru jokalari berri ditugu: Bergara, Oñati eta Ollauritik datoz. Azken hori Mondragon Unibertsitateko ikaslea da.

Dena den, ate asko jo behar izan ditugu behar besteko jokalari kopurua lortzeko. 26 fitxa egiteko aukera dugu, eta aurten ere, larri samar ibiliko gara taldea osatzeko. Jokalari berriak ditugu, baina bajak ere izan ditugu. Gainera, etorri diren jokalarietako batzuk hasiberriak dira. Ilusioarekin etorri dira, baina hutsetik hasi beharko dugu eurekin. Baina, eskerrak horiei.

26 jokalarietatik sei min hartuta daude. Ez daukagu panorama ona denboraldia hasteko. [Barre]

Denboraldi-aurrea antolatzeko arazorik izan duzue?

Ez. Denboraldi-aurre ona egin dugu. Irail hasieran hasi ginen lanean, liga txapelketa Maritxuren bueltan hasiko zela uste genuelako. Hamabost egun atzeratu da, eta horrek entrenatzeko aukera handiagoa eman digu.

Egia esan, taldea fisikoki ondo dagoela esango nuke. Lan handia egin dugu. Denboraldi-aurrea urteko sasoirik gogorrena izaten da. Oporren ondoren txapelketari neurria hartzea ez da erraza, baina liga aurreko lana behar-beharrezkoa da txapelketa ona egiteko; ezinbestekoa.

Aurten ere sufritu egin beharko duzue?

Zalantza barik, bai. [Barre] Gure helburua disfrutatzea eta ondo pasatzea izan da beti. Taldean gaudenok errugbia maite dugu, eta horrek bultzatzen gaitu urtero. Azken urteetan egindako antzera, %100 baino askoz gehiago eman beharko dugu.

Jokalari batzuek lesionatuta jokatu izan dute. Askotan, ordezko jokalari barik egon gara.

Orduan, ez da erraza izango astero-astero talde lehiakorra zelairatzea.

Oso zaila da. Gure jokalari batzuek errelebotan egiten dute lan eta beste batzuk kanpoan dauden ikasketak egiten. Hori horrela, entrenamenduetan ez gara guztiok egoten. Estrategia jokaldiak ezin ditugu landu. Askotan, partidua hasi baino lehenago elkartzen gara egin ahal ditugun jokaldiak errepasatzeko. Entrenamenduetan teknika lantzen dugu, baina taktika arloa ezin dugu sakondu. 

Halako tentsioarekin egonda, ez zaudete erreta egoera horrekin?

Buelta asko ematen diogu buruari, baina gehiegi gustatzen zaigu errugbia.

Duela gutxira arte, asko haserretzen nintzen entrenamenduetan eta partiduetan. Orain, beste jarrera bat daukat: entrenamendura datozenei ahalik eta zuku handiena ateratzea. Orain arte 15 entremanendu on egin ditugu. Mamitsuak. Eta horrekin geratzen naiz. Gauza positiboekin.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, ze helburu zehaztu duzue denboraldirako?

Kirol emaitzei begira egon barik, disfrutatzea da gure asmoa. Helburu zehatzak ipini aurretik, jokalariekin banan-banan egin behar dut berba, euren konpromiso maila norainokoa den jakiteko. Horren arabera eta emaitzen arabera antolatuko dugu denboraldia: zelaietan arrastaka ibili, etxeko partiduak irabazi, itxura ona eman... Jokalarien konpromisoa %100 bada, emaitza onak errazago lortuko ditugu.

Oraingoz, partiduz partidu joango gara. Helburuak partiduka zehaztuko ditugu: taldekako helburuak eta jokalari bakoitzak bete beharreko helburu teknikoak. Hori guztiori ondo egiten badugu, lehia asko irabaziko ditugu.

Askotan egin izan dituzue errugbi talderako jokalariak lortzeko deialdiak. Mojategi bezalako zelaia izanda, ez dira askorik animatzen.

Arrasaten guztiok dakite Mojategin errugbian jokatzeko zelai ikaragarria daukagula. Baina partiduetara animatzera ohikoak joaten dira: jokalari ohiak, etxekoak, lagunak, senitartekoak... Eta eskerrak haiei, harmailetan giro apur bat ipintzen dute-eta. ARTko ateak beti daude zabalik, errugbia ezagutu gura duten guztiendako.

Euskadiko txapelketan jokatuko duzue. Guztira, 17 talde.

Bi multzotan banatu gaituzte Euskadiko txapelketan: zortzi talde baten eta bederatzi bestean. Gu azken horretan gaude. Lehen fasea itzuli batekoa izango da. Bigarrenean, bi multzoetako onenek jokatuko dute alde batetik eta txarrenek bestetik. Azken horiekin egongo gara gu: gure maila bereko taldeekin. Lehen fasean sufritu egingo dugu, talde indartsuagoen kontrako partiduetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak