Jian Chen Yin: "Batez ere, euskaraz edo gaztelaniaz esaten zena txinerara itzuli behar izaten nuen"

Jokin Mujika 2013ko urr. 20a, 02:00

Jian Chen Yin (Madril, 1993)Administrazioa ikasten ari da Donostian. Astean zehar ikasten, eta asteburuetan familiak Arrasaten duen jatetxean dihardu lanean. 7 urterekin etorri zen Chen Yin Txinatik, eta 13 urte daramatza Debagoienean bizi izaten. Joan den uztailean, Fagorrera etorri ziren bezero txinatar batzuen bisita zela eta, itzultzaile lana egiteko deitu zioten. Bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman zien, eta hilabete ibili zen bertan lanean.

Nola hasi zinen itzultzaile Fagorren?

Uztail bukaeran deitu zidaten. Berez, Txinara joatekoa nintzen familia bisitatzera, baina Fagorren itzultzaile lanetan ibiltzeko inor ez zuten aurkitzen. Niri deitu eta ea prest egongo nintzatekeen galdetu zidaten. Baietz esan nien, eta, hasieran, ezer kobratu gabe izango zela pentsatu nuen. Egia esan, ez ninduen askorik arduratzen, esperientzia berri eta aberasgarria izango zelako.

Nola heldu ziren zuregana?

Goihata itzultzaile enpresaren bidez. Haiek Fagorrekin eta nire gurasoekin harremana daukate. Izan ere, lehenengo, haiei eskaini zieten, baina aita eta ama kanpora joatekoak ziren; beraz, niregana jo zuten. Bi hizkuntzak menderatzen nituen, baina esperientzia falta neukan eta horrek pixka bat beldurtzen ninduen, hori egiten nuen lehenengo aldia baitzen. Kasualitatea izan zela esan dezaket.

Zein izan da esperientzia berri horren alderik positiboena?

Jendearekin oso gustura ibili nintzen lanean. Lankideen artean zeukaten giro ona azpimarratzekoa da, eta, azken batean, eskertzekoa. Gazte sartu nintzen, inongo jakintzarik gabe, inor ezagutu gabe… eta bertakoak  ondo portatu ziren, oso jende jatorra egokitu zitzaidan. Hasieran, beldur nintzen, txinatarrez hiztegi teknikoa menderatzen ez nuelako, baina, gutxika-gutxika, ikasten joan nintzen.

Eta alde negatiboena?

Goiz osoa ematen nuen Fagorren. Gainera, ama kanpoan zegoen, eta jatetxean jardun behar nuen gauero lanean. Lo gutxi egiten nuen, eta hilabete neketsua izan zen. Bestela, ez zait ezer negatiborik gelditu buruan. Nire hiztegia aberasteko aukera ederra izan zen eta gustura egin nuen lan.

Zein zen gehien itzultzen zenuen hizkuntza?

Batez ere, euskaraz edo gaztelaniaz esaten zena txinerara itzuli behar izaten nuen. Ia beti Fagorreko langileek hitz egiten zuten, bertan dituzten hainbat proiekturen berri emateko. Baina txinatarren batek dudaren bat bazeukan,  hori ere itzultzen nuen. 

Nola moldatzen zara hemengo hizkuntzekin?

Ondo moldatzen naiz. 7 urterekin etorri nintzen Arrasatera eta euskara eta gaztelania ikasi ditut. Txiki-txikitatik Arizmendi Ikastolan ibili naiz ikasten. Etorri nintzenean, ikaskideek etxean ikasita zeuzkaten euskara eta gaztelania. Nik, ordea, ikastolan, laguntza berezi baten bidez, nahiko azkar ikasi nituen. Egia esan, askoz zailagoa iruditu zitzaidan euskara menperatzea; aditzekin oraindik arazoak dauzkat. Baina nahi bezala komunikatzeko, nahikoa eta soberan. Gainera, hemen integratzeko asko lagundu dit euskara ikasteak, Euskal Herria ulertzeko identitate bat baita.

Kontratua luzatzeko aukerarik eman zizuten?

Hasiera baten, otsailera arteko kontratua egitea eskaini zidaten, txinatarrek otsailera arte hemen egon behar zutelako. Baina horrek nire ikasketak alde batera uztea zekarren. Astelehenetik egubakoitzera Donostian egoten naiz ikasten, eta, egun, garrantzi handiagoa daukan zerbait da. Etorkizunean gustura egingo nuke lan hori, eta hurrengo udari begira errepikatzeko prest egongo nintzatekeela esan nien. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak