Umeak protagonista bihar Arrasateko baserritarren azokan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 18a, 10:30

Baserritarren azoka egingo dute bihar Seber Altube plazan, 09:00etatik 14:00etara. Udaleko Enplegua eta Garapen Ekonomikoa Saileko Marga Garmendiak asteon Arrasate Irratian iragarri duenez, 18 postu egongo dira biharko azokan. Postuez gain, umeek protagonismo berezia izango dute. Amaia Diez de Monasterioguren dietista oñatiarrak bisita gidatua egingo du haurrekin, baserritarren azoka eurei ere gerturatzeko.

Horietatik lau Arrasatekoak izango dira, eta beste sei Debagoienekoak: "Horiek sasoiko produktuak eta produktu eraldatuak ekarriko dituzte". Beste eskualde batzuetako postuak ere egongo dira, bost hain justu, eta horietan produktu bereziagoak egongo dira salgai. Gainera, beste hiru postu berezi ere egongo dira: "Ez dira baserriko produktuak baina dagoeneko ohikoak dira gure azokan; janaria prestatzeko tresnak, baserrirako eta orturako makinaria eta ukenduetarako belarrekin prestatutako produktuen postua, adibidez".

Biharko azokan udako produktuak egongo direla aurreratu du Garmendiak: "Gutxi dira, baina uda berandu heldu zenez oraindik badaude. Hori bai, udazkeneko produktuak izango dira nagusi. Izan ere, udazkena urtaro ona izaten da baserriko produktuendako". 

'Goazen merkatura' ekimena

Baserritarren azokan hilero egoten da berrikuntza bat eta biharkoa ez da salbuespena izango. Jakion enpresak Goazen merkatura izeneko ekimena aurkeztuko du. Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarra dago ekimenaren atzean eta honakoa esan digu biharko aurkezpenaren gainean: "Umeak azokara gerturatzea gura dugu, gure baserritarrekin eta garaiko produktuekin harremanetan jartzeko".

Aukera ona familia osoarentzat

6 eta 12 urte arteko umeendako ekimena da eta azokan bisita gidatua egingo dute, postuz postu: "Udako zein udazkeneko produktuen uzta nola joan den galdetuko diegu baserritarrei eta haurrek euren lana nolakoa den ezagutuko dute bertatik bertara". Jakion enpresako produktuekin tailer txiki bat ere egingo dute: "Besteak beste, gosariaren garrantziaz egingo dugu berba eta Jakionen produktuekin gosari bat prestatuko dugu".

Bi bisita egingo dituzte. Lehena 10:30ean hasiko da eta bigarrena 12:30ean. Bisiten artean, 11:00etan, ipuin kontaketa saioa ere egongo da: "Gurasoei dei egiten diet haurrekin agertzeko. Zapatua da, elkarrekin egoteko eguna, eta aste osorako menua zehaztu dezakegu", dio Diaz de Monasteriogurenek. Haurrak erosketa unetik inplikatzea ona dela uste du dietistak: "Elikadura erosketa unetik hasten da. Haurrak elikagaiak aukeratzerakoan protagonista badira samurrago jaten dute. Biharko azoka aukera ona da jatorria ulertzeko, eta baita ohiturak aldatzeko zein produktu berri bat probatzen hasteko ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak