Adrian Zelaia: "Hartzekodunekin lortzen den akordioaren araberakoa izango da langileen etorkizuna"

Ubane Madera 2013ko urr. 17a, 14:58

Ekai Centerreko Adrian Zelaiari atzo iluntzean 'Magazinea'n egindako elkarrizketa:

Nola baloratzen duzu Fagor Etxetresnen jakinarazpen ofiziala?

Oso formala da. Fagorren jakinarazpenak bakarrik komunikatzen du zer egin den: hartzekodunen lehiaketarako porzesua zabaltzeko lehen pausoa, edo aurre-lehiaketa fasea. Horren bidez zabaltzen da hiru-lau hilabeteko epea zuzenki hartzekodunekin negoziatzeko, eta hori ez bada arrakastatsua epe hori pasata, zabaltzen da prozedura judiziala bera, hartzekodunen lehiaketarako prozedura judiziala.

Aldea da lehiaketa bera dela prozesu judiziala, nolabait epailearen esku geratzen dela zela bideratu eta abar; eta oso araututa dago. Aurre-lehiaketan ez, hemen epea zabaltzen da, modu guztiz librean, eta kasu horretan Fagor Etxetresnen eta hartzekodunen artean zabal daiteke negoziazio prozesua, eurek nahi duten moduan eta nahi duten epean.

Negoziazioa zertarako?

Bi motako erabakiak har daitezke: enpresa ixtea eta enpresari jarraipena ematea. Eta hori da, hain zuzen, komunikatuan argi eta garbi esaten dena. Hori dela helburua: jarduera egonkortzea.

Horretarako helburu funtsezkoena da hartzekodunekin akordiora ailegatzea, euren zorretatik kitapena egiteko. Hori oinarritzen da enpresak aurkezten duen plangintza estrategiko baten. Eta hor bi faktore daude: hartzekodunek sinistu behar dute plangintza hori bideragarria dela eta aldi berean ikusi behar dute plangintza edo akordio hori ez bada lortzen ondorioak askoz txarragoak izango direla eurentzat. Eta horrelako prozeduretan sartuz gero, taktika oso inportantea da, nolabait, beldurra sorrarazteko hartzekodunei; joko psikologikoa, komunikabideak… oso inportanteak izan daitezke.

Diote helburua dela jarraitzea, egonkortasun finantzarioa lortzea. Posible ikusten duzu?

Oso lotuta dago barne-barneko informazioarekin. Kontua da Fagorren negozioa zatitzea eta jarduera batzuk bideragarriak egitea. Egin diren planteamendu eta azterketetan esan da baietz: negozio batzuk bideragarriak direla. Hori horrela bada objektiboki, bigarren erronka da hartzekodunak konbentzitzea hobe dela negozio horien bideragarritasuna ailegatzea, akordio on batera ailegatuz, ezer ere ez lortu baino.

Nola ikusten duzu langile/bazkideen etorkizuna?

Oso lotuta dago orain komentatutakoarekin. Inportantea da ikustea ze motako akordioa lortzen den hartzekodunekin; horren arabera ikusiko da, alde batetik bideragarritasun finantzarioa lortu den eta zertarako. Negozio horien garrantziaren arabera, eta langileen kopuruaren arabera egongo da lotuta langileen etorkizuna.

Birkokapenak bideragarriak dira?

1.700 badira oso zaila izango da, 200 badira oso erraza, eta tarteko aukera guztiak egongo dira. Klabea da akordio horretan zer lortzen den eta ze enpresa eredu ateratzen den negoziazio horretatik.

Nola heldu da egoera honetara?

Faktore eta bertsio oso desberdinak egon daitezke. Zuhurrak izan behar gara. Enpresa bat gestionatzea beti da zaila eta enpresa industrial bat gestionatzea oraindik ere zailagoa. Errespetuz begiratu behar dira gauzak. Bakoitzak bere teoriak izango ditu eta oso erraza da gauza bati edo beste bati leporatzea.

Argi dago Fagor Etxetresnen arazoak aspalditik datozela. Batzuek esango dute 20 urte, beste batzuk 25… Horrenbeste denbora pasata gauzak bideratu ez izanak zerbait ez dela ondo egin erakusten du?

Nik uste dut operazio konkretu bat kritikatu aurretik eta modu positiboan planteatuta, eta ikusita oro har Euskal Herriko egitura industrialean gertatutakoa, badagoela arazo bat behar den baino gutxiago baloratzeagatik prestakuntza eta teknologia.

Gaur entzun dut: Batzuk pentsatzen zuten Poloniari esker, edo Frantziari esker, ez dakit zer. Halakoak lagungarriak izan daitezke momentu konkretu baten. Baina muina ez bada zaintzen, horrek ez du inolako zentzurik. Barne egituran langileek ez badute behar den prestakuntza lehen mailan egoteko, eta behar den teknologia, ez dituzu konponduko arazo horiek, ez inbertsio estrategikoekin ez erosketekin ez operazio finantzarioekin.

Funtsezko helburu hori ahaztu egin dugu neurri handi batean azken 10-15 urtetako hazkunde finantzarioa dela-eta, estrategia guztiak zirelako onargarriak, merkatua zegoelako guztiendako. Horrek erraztu du estrategia guztiek jarraipena izatea. Baina epe ertain-luzera ez baditugu gauzak horrela fokalizatzen, arazoak izango ditugu edozein enpresatan.

Fagor Etxetresnen kasua ezaguna da urtetatik. Arazo estruktural batzuk zeudela argi dago. Gero larriagotu egin dira arazoak, eta Fagor Etxetresnek ere zorte txarra izan dute euren funtsezko merkatuak (eraikuntza sektorea) behea jo duelako. Baina ez da faktore bakarra. Batez ere azken hilabeteotan ikusi da filialen galerak ere oso inportanteak izan zirela.

Zein ondorio izan ditzake Fagorreko gainerako alorretan eta Mondragon Korporazioan?

Esan ahal dudana da ikuspegi oso kontzeptualetik: oso inportantea da gauza batzuk azpimarratzea; ze gauzak ez dira berdin ikusten bailara barruan edo bailaratik kanpo. Bailaratik kanpo galdetzen dutena da: Talde berdinean egonda, bata jausten bada, bestea ere jausiko da?

Oso inportantea da gogoratzea talde honen egituran kooperatibak independenteak direla, bakoitzak bere arriskuak asumitzen dituela eta kontratuak egiten direla arrisku batzuk, baliabide batzuk eta fondo batzuk amankomunean jartzeko. Printzipioz, hartzen diren arrisku zuzenak horiek dira.

Beste gauza bat da kooperatiba bat arriskuan dagoenean, batzuetan hartzen diren arrisku gehiago, pentsatuz horrela kooperatiba hori atera ahalko dela. Baina printzipioz arrisku horiek neurtuak dira. Hori oso inportantea da, zalantza estruktural horiek uxatzeko, erantzukizun aldetik…

Ze punturaino suposatzen du soziologikoki mehatxua proiektuarendako?

Sinbolikoki oso inportantea da, lehen kooperatiba sortzailea izan zen taldean, oso gauza gogorra izan behar da sortzaileentzat: Ormaetxea, Gorroñogoitia… baina egia da denborarekin Fagor Etxetresnak joan dela galtzen pisu proportzionala taldean. Bestalde, krisia ez dago lotuta eredu kooperatiboarekin. Hori oso inportantea da aurrera begira, eredua bera krisian ez jartzeko.

Zalantzan ikusten duzu elkartasuna?

Argi dago hemen erabiltzen diren elkartasun tresnak ez direla erabiltzen beste lekuetan. Hori ez du inork zalantzan jartzen. Pertsona zein kooperatiben arteko elkartasun maila handiagoa da hemen. Denok dakigu elkartasuna tresna bat dela elkarrekin proiektu batzuk aurrera eramateko, baina ez da ezer magikoa. Hau da, elkartasuna tresna organizatibo bat da, baina bere mugak ditu. Elkartasun maila handiegia txarra da. Zer da handiegia? Kasu konkretuetan aztertu behar da, numeroen arabera. Konkretuki orain hartu diren edo hartu ez diren erabakietan kontuz ibili behar da. Ezin da esan laguntza bideratu ez delako ez dagoela elkartasunik eta alderantziz.

Kontestualizatzerik bai?

Fagor Etxetresnak nahiz eta oso inportantea izan sinbolikoki, nahiz eta jende askorendako tragedia bat izan, ikusi behar da ze proportzioan ordezkatzen duen Talde osoa, zeintzuk diren hartu diren konpromiso ekonomikoak… horren arabera, pentsatu behar da Taldearen bideragarritasun ekonomikoa ez dela zalantzan jartzen. Maila kontzeptualean ere ez. Printzipioz izan dituen arazoek ez dutelako loturarik bere izaera kooperatiboarekin, baizik eta beste bariable estrategikoekin. Egin dira gauza asko orain 20 urte ia-ia ezinezkoak zirenak gure sistema kooperatiboan; adibidez, filialak erostea eta atzerrian izatea hemen baino langile gehiago…

Soziologikoki eta ekonomikoki oso garrantzitsua da Euskal Herri osoarendako.

Laguntzekin ere oso zuhur jokatu behar da, Korporazioak jokatu behar duen moduan. Hartzekodunen lehiaketan sartzekotan kontu handiz ibili behar da taktikekin: tontokeria handi bat izango litzateke laguntzak bideratzea justu prozesu hori hasteko dagoenean. Litzateke diru hori hartzekodunen eskuetan uzta.

Laguntzak etorri behar dira akordioarekin batera. Hartzekodunekin negoziatu bideragarritasun plana, hori sinesgarria izatea, horren arabera, kitapenen bat negoziatzea hartzekodunekin eta testuinguru horretan integratzea behar diren laguntzak, eta horiek baldintzatu akordioren bat lortzearekin.

Domino efektua izan dezake?

Izan daiteke, baina beste puntu bat da ze punturaino eta zeinekin. Argi eta garbi dagoena da hornitzaile batzuk ukituta geratuko direla.

Talde barruan?

Arazoa urrundik etorrita, seguru aski eman diren laguntzak oso neurtutakoak izan dira. Jakinekoak ziren ze arrisku zeuden horren atzean. Beraz, elkartasun erabakiak neurtutakoak izan badira, domino efektu hori taldean bertan gertatzeko nahiko mugatua izan behar dela uste dut.

Nola uste duzu amaituko dela kontua?

Inportanteena da ondo egituratzea, ondo egindako plan batean hartzekodunak konbentzitzeko, eta hartzekodunen lehiaketa hori ondo kudeatzea. Eta ez da batere erraza. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak