Fagor Etxetresnek bost lantoki dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta beste 13 nazioartean. Debagoienean: Arrasateko San Andresen eta Garagartzan; Bergaran, Geyser, eta Eskoriatzan. Horiez gain, Basauriko Edesa. Kanpoan zortzi: Frantzian (Orleans, Vendome, Aizenay y La Roche, Polonian (Wroclaw), Marokon (Mohammedia) eta Txinan (Shangai eta Hangzou).
Orotara, hortaz, 13 lantoki dituzte. Horretaz gain, filialak dituzte kontinente guztietan.
5.642 langile dituzte mundu osoan. Horietatik, 2.127 euskal lantokietako lan bazkideak dira.
Fagor Taldearen zati bat
Fagor Etxetresnek zortzi produktu mota dituzte: Hotza (San Andresen), Arropa –garbigailuak eta garbigailu-lehorgailuak– (Garagartzan), Baxera –ontzi-garbigailuak– (Garagartzan), Egosketa (Garagartzan), Minietxetresnak –lapikoak– (Eskoriatzan), Sukaldeko tresneria profesionala (Eskoriatzan), Berogailu Elektrikoak (Bergaran) eta Confort –galdarak– (Basaurin).
Agerian geratu da negozio-lerro batzuk ez zirela errentagarriak, baina beste batzuk badira. Esaterako, sukaldeek balio erantsi handirako aukera ematen dute oraindik Europako merkatuetan saltzeko. Lapikoen eta galdaren lerroak ere ondo zihoazen. Aurre-lehiaketa prozesuan eta Etxetresnek prestatu beharko duten plan industrialean argi daiteke ze negozio-lerro diren bideragarriak eta zeintzuk ez.
Bestalde, eskualdetik kanpo ez dituzte beti bereizten Fagor Taldea eta Fagor Etxetresnak. Fagor taldeko kooperatibetako bat dira Fagor Etxetresnak, eta taldea beste honako kooperatibek osatzen dute: Copreci (etxetresnetarako osagaiak), Fagor Arrasate (produktu metaliko lauetarako ingeniaritza), Fagor Automation (makina-erremintarako automatizazio-sistemak), Fagor Ederlan (suspentsio, balazta, motor eta transmisiorako automobilgintzarako osagaiak), Fagor Elektronika (ekoizpen elektrikoetarako erdieroaleak, seinale-tratamendua eta ekoizpen-zerbitzuak), Onnera Group (joan den astera arte, Fagor Industrial; ostalaritzarako eta garbiketa industrialerako ekipamendu-soluzioak egiten ditu), Fagor Assembly (muntaia-prozesuetarako automatizazioa) eta Fagor Koop. E.
Edukien marketinean eta branding-ean aditu Juan Luis Azkaratek honela aztertzen du Fagor markak igar dezakeen eragina: "Nahiz eta marka batzuk B2B izan, hau da, ez dira azken kontsumitzailearengana zuzentzen, denak Fagor aterpean egonda, denak kalte daitezke bat txarto dabilenean, marka orokorraren balioaren pertzepzioa ere jaisten delako. Eta egoera honi nola erantzuten zaio? Beste gauza batzuen artean, komunikazioarekin".
Gogoeta hau egiten du: "Interneten eta sare sozialen eraginarekin, oso arriskutsua izan daiteke profil oso baxuko komunikazio estrategia bat aurrera eramatea, nahiz eta zaila izan momentu kritiko hauetan asmatzea". Gaineratzen duenez, "orain jendeak konfiantza berreskuratu behar du eta Korporazioak tentuz jokatu beharko du hala izan dadin".