Maialen Calderon: "Sentimenduak transmititzeko tresna ezin hobea da musika"

Jagoba Domingo 2013ko urr. 16a, 02:00

Maialen Calderon arrasatearraren Runaway diskoa heldu zaigu sorpresaz oraingo honetan. Sei kantuz osaturiko diskoa kaleratu edo egin zuen uda aurretik; egin diogu, lagunentzako eta, batez ere, bere buruarentzako egindako lana delako.

Donostian bizi da Calderon, eta txikitatik kirolean eta musikan murgilduta egon dela onartu digu. Esku artean dugun diskoa ez du inori ezer frogatzeko asmoarekin egin, bizitzan gogoz eta lan egiten gauzak lortzeko gai dela bere buruari frogatzeko baizik. Hala ere,  bakardadean entzuteko atsegina den kantu sorta konposatzea lortu du, entzulea giro intimistan murgildu eta istorioak belarrira errezitatuta.

Noiz eta zelan murgildu zinen musikan?

Betidanik gustatu izan zait musika eta 12 urte nituela hasi nintzen gitarra ikasten, batez ere, barruan nituen sentimenduei irteera emateko. Hasieran zaletasun bat izan arren, gaur egun denbora tarte bat izanez gero, gitarra esku artean hartzen dut. Hainbat musika mota gustatzen zaizkit, baina bat aukeratzekotan country-rock musika izango litzateke. Sabina bezalako bakarlariak ere gustuko ditut, kantuetan zerbait transmititzen dutenak. Hala ere, esan bezala, musika asko entzuten dut eta Guns and Roses, Extremoduro, Tracey Chapman, Bob Marley eta Russian Red taldeak oso gogoko ditut.

Nolatan sortu zenuen bakarlari proiektu hau?

Batez ere, nire kantuak direlako eta nik jotzen ditudalako. Duela lau bat urte, musika talde baten ibili nintzen, kontzertu pare bat eman genituen eta esperientzia zoragarria izan zen; batez ere, entsegu lokalean bizi izandako momentuak. Hala ere, talde baten parte izateak konpromiso handia dakar. Bakarlari izanda, barruan egindako lana erakusteko era apropos moduan ikusten dut.

Nola sortzen dituzu kantuak?

Abestiak bizipen eta esperientzietan oinarritzen ditut, gehienbat, garrantzi handia ematen dizkiet hitzen mezuei. Askotan, ideia bat etortzen zait burura eta orri solte batean edo mugikorrean apuntatzen dut. Ondoren, abestiari forma ematen saiatzen naiz melodia batekin. Esan bezala, kantuak ez nituen diskoan pentsatuz idatzi, niretzako baizik.

Hala ere, estudioan amaitu zenuen; zelako esperientzia izan zen?

Hasieran, Gasteizko estudio batean grabatu nituen kantu batzuk. Hala ere, geroago, Igor Salarekin bere estudio partikularrean sartu eta kantuak gehiago landu genituen. Gasteizen, gitarra eta ahotsa besterik ez nuen grabatu; Salarekin, ostera, 5 hilabetean kantuetan lan egin eta hark grabatu zituen perkusioa, pianoa eta beste instrumentu batzuk. Igor Herrartek, berriz, biola sartu zuen kantu batean. Egia esan, laguntza handia izan dut iritzi, letra eta doinuekin, eta benetan eskertzekoa da.

Pianoak presentzia handia du diskoan.

Hasieran ez nuen pianoa sartzerik pentsatu; hala ere, instrumentu suabea da. Kantuen erritmo lasaientzako, baina, aproposa iruditu zitzaidan geroago, eta emaitza polita izan da. 

Diskoa entzuterakoan giro intimistara eramaten duzu entzulea; apropos egindakoa da?

Bai, abestiak gertuko pertsonendako egindakoak dira; era horretan entzulearengana iristea errazagoa dela uste dut. Musika sentimenduak komunikatzeko tresna bat da, eta gogoetara bultzatzeko giro intimista sortu nahi izan dut. Hala ere, alde kañero bat dut eta laster alde hori askatzea espero dut. 

Kantuen inguruko bi hitz?

Irribarre horrekin: erlazio batzuen zailtasunak direla eta, gogoa eta esperantza galtzen ez dudanean, dena posible dela erakusten duen kantua da. Never Mind: batzuetan pertsonei aske uztearren garrantziaz hitz egiten du. Menpean: bakoitzaren jokabideak pertsona definitzen duela. Who you are: galdurik sentitzen zaren momentuetan ondoan dauden lagunen garrantziaz hitz egiten du. Último trago: une bakoitza azkena balitz bezala bizi beharrekoa da. Kantu hori diskoko kantu rockeroena da. Izan nahi dut: pianoa eta ahotsa besterik ez dago kantuan, nire bizitzako etapa bat amaitu eta berri bat hasteko ordua. 

Diskoa non dago salgai?

Oraingoz, nik neuk saltzen ditut lagunen artean; hala ere, tabernetan saltzea gustatuko litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak