Antzerkia eta umorea erabilita, euskal literatura zipriztintzen

Imanol Gallego 2013ko urr. 14a, 14:00

Lainoek ez zuten ipuin konturako gogorik eta eguen arratsaldea ilundu zuten. Hala ere, AED elkartekoek tinko eutsi zioten, eta aurtengo Literaturjauziei behar bezalako amaiera ematera irten ziren. Musika, konfetia, algara... ez zen ezer falta izan. Herriko Maider Altzelai, Josu Zugasti, Eneko Barberena eta Itziar Rosado antzezleak ezkondu aurreko agur-festa berezia ospatzera irten ziren.

Erdiguneko kaleetan jende gutxi zegoenez, tabernetara jo zuten. Antolatzaileak urduri zeuden. "Urte askoan tabernetan zerbait egiteko proiektua izan dugu", zioen Maite Agirrek. Eguraldi petralak proiektua aurreratu egin zuen.

Urduritasunik ez

Lau antzezle arrasatearren hitz jario eta etorriak goibel zegoen arratsaldea alaitzea lortu zuen.
Ekaitz taberna izan zen ezkondu aurreko festa probatu zuen lehen taberna. Jendeak aldarte onarekin hartu zituen, eta haien txantxekin gogotik egin zuen barre. Literaturjauzien ekintza bat zenez, antzezleek euskal idazleen pasarteak ere tartekatu zituzten.

Garcia Marquez idazleak Crónica de una muerte anunciada eleberria idatzi bazuen ere, atzoko ekimen literarioa Arrakastaren kronika izan zen.

Bukatzeko, lehiaketa

Izaskun Normalagak ez zuen bere kuadrillarengan itxaropen handirik, eta azken aukera bat ematea bururatu zitzaion. Taupa tabernako arkupeetan zegoen jendearen aurrean imintzio eta potokume jolasa.

Barre eta algara artean, jendeak ez zuen zorte handirik izan, baina Normalaga andereñoa bigundu, eta bere lagunen akats ugariak eta bertute urriak onartu behar izan zituen.

Euskal Herrian egin ohi den moduan, kuadrilla xelebre horren adiskidetzea eta Literaturjauzien arrakasta topa eginez ospatu zituzten.

Eguneneko pintxo-poteoa literatura-poteoa izatea lortu zuen AED elkarteak. Zorionez, Literaturjauziek jendearengan literatura gehiago kontsumitzeko aje positiboa besterik ez zuten utzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak