Iñaki Mayor: "Haurrentzako sortua bada ere, helduek ere oso ondo hartu dute"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 11a, 15:19

Bilboko A-Teatral antzerki taldeak Sutondoan lana egingo du zapatuan, hilak 12, Amaia antzokian, 17:00etan. Taula gainean, besteak beste, Iñaki Mayor  Arrasateko aktorea izango da. Harekin izan gara jaioterrian erakutsiko duten lanaren eta aktore moduan duen ibilbidearen gainean berbetan.

Zer da Sutondoan?

3 eta 9 urte bitarteko haurrentzako antzerkia da. Diziplina asko nahasten dituen lana da: batez ere, itzalen bitartez egindakoa, ezberdina eta erakargarria;  baina hezur-haragizko aktoreak ere badaude, eta baita txotxongiloak ere. Muntaia borobila atera zaigu.

Haurrentzako pentsatua bada, bizia behar du izan.

Oso koloretsua da. Musikak ere pisu handia du antzezlan horretan; abestu ere egiten dugu. 

Zer kontatzen du istorioak?

Euskal mitologiari buruzko ikuskizuna da. Abiapuntua zera da: gaua heldu orduko, amona bat ipuin bat kontatzen hasiko da. Kontakizunean zehar, ipuin horietako pertsonaiak itzalean agertzen joango dira: ama lurra, erraldoiak, sorginak, laminak, galtzagorriak, marinelak... denetik ikusiko duzue. 

Haurrentzako ikuskizun moduan estreinatu zenuten, baina helduek ere ondo hartu dute.

Horrela da, bai; hasieran, haurrentzako antzerki moduan prestatu genuen, eta horrela estreinatu, baina gero, ikusi dugu helduen artean ere harrera ona izan duela; beraz, orain, adin guztietarako aproposa dela esan daiteke.

Taula gainean ikusiko zaitugu, beste bi aktorerekin batera.

Maria Ramirez eta Maria Guimarey eta hirurok gaude, nolabait esanda, ikusleen begietan. Aipagarria da, baina, ikusten ez badugu ere, Patricia Francoren ahotsa ere entzungo dugula; harena da-eta amonaren ahotsa. 

Iñaki, zer dela-eta, baina, aktore lanetan?

Lan kontuak zirela-eta, Bilbora joan nintzen orain urte batzuk. Han, antzerki eskola batean eman nuen izena; egia esan, ez dakit zergatik, zerbait izango nuen barruan, batek daki! Kontua da gustatu egin zitzaidala, eta Arte Dramatiko ikasketak egin nituen gero. Gero eta gustukoagoa nuenez, post-graduatua egin nuen azkenik. Eta handik aurrera bizimodua aldatu nuen; aurreko lana utzi egin nuen eta harrezkero, aktore lanetan nabil. Antzerkiaz gainera, zineman ere egin ditut lantxo batzuk. 

A-Teatral antzerki taldeko kide zara; zelako taldea da?

A-Teatral ikerketa-gune bat dela esango nuke, proposamen berriak garatu eta antzerki lengoaiaren mugak esploratzen saiatzen dena. Hamar antzerkigilek osatzen dugu, askotariko formazio eta ibilbideetakoak. Areto barruko antzerkia egiten dugu, baina kalean ere bai. 

Kuriositatez, zein zen zure lehengo ogibidea? 

[Barre]. Diseinu teknikoarekin erlazionatutako lanak egin nituen eta zortzi urte egin nituen hainbat lantegitan lanean; azkeneko lauretan, antzerkiarekin bateratu nituen. Orain lau urte konturatu nintzen ez zela nik nahi nuen bizimodua; orain, berriz, oso gustura nabil.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak