On Egin, Berlin, Maritxu eta pintxoekin

Leire Kortabarria 2013ko urr. 12a, 02:00

Berlin inguruan euskaraz entzuteko eta pintxo-poteoa egiteko aukera dago azkenaldian; taberna batean bai, gutxienez. Arrasaten sei urtez bizi izan zen Josu Outeiral 27 urteko gaztea da bertako jabeetako bat: "Orain dela urtebete beste lagun batekin hitz egiten erabaki genuen taberna edo jatetxe bat irekitzea". Neukölln auzoan dago taberna hori, On Egin.

Josuk dioenez, "hasieratik nahiko ondo" doa taberna; izan ere, "Berlinen kalean afaltzeko ohitura dago" eta jabeek jendea erakartzeko gauzak antolatzen dituzte.

Hemendik eroandako ohituretako bat pintxo-poteoa da. Martitzenero egiten dute. "Askotariko pintxoak prestatzen ditugu: aste baten kroketak, beste baten piper berdeak patata frijituekin…".

Euskaraz entzuten da

Outeiralek dioenez, "On Eginera bai alemanak, bai euskaldunak" joaten dira, eta herri-mina duenak hara joan besterik ez dauka, "oso arrunta" da-eta "mahaietan euskara entzutea". 

Hizkuntza bakarrik ez du eraman Outeiralek Berlinera: "Aurten Maritxutan Berlinen egon naiz. On Eginen lan egiten duen Bergarako lagun baten eta bion artean Maritxu Kajoi antolatu genuen tabernan; biok dotore-dotore jantzita jendea animatzea lortu genuen", esan digu.

Beti dago martxa Berlinen 

Atzerrira joatea pentsatzen hasi zen Outeiral 2009an. Berlinen astebeteko oporrak pasatu ondoren erabaki zuen han bizi izatea. Berlin asko gustatzen zaio: "Hiriko zerbitzuak dauzka, baina herriko bizimodua; bizikleta da garraiobide nagusia, auto gutxi eta bizimodu lasaia ditu", eta han bere "tokitxoa" egitea lortu du. Gainera, hirian "beti martxa" dagoela dio –"eguazten baten ere irten zaitezke parranda egitera eta toki guztiak beti beteta daude"–, gauza ona ostalaritzan lan egiten dutenendako.

Dena ez da zoragarria, ordea: "Berlinen, bizitza gero eta zailagoa da; minijob gehiegi eta alokairu garestiak daude. Gero eta atzerritar gehiago etortzen dira pentsatzen Berlinen aukerak daudela, baina ez da horrenbesterako".

Outeiralek oraindik "lotura" dauka Arrasaterekin, eta, Euskal Herrira etortzen denean, "derrigorrez" Arrasatera etorri behar izaten du, lagunak ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak