Pello Urizar: "EAJk eta PSE-EEk haien premiak asetzeko egin dute ituna"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 11a, 10:00

Gasteizko Legebiltzarrean laster urtebete egingo du Pello Urizarrek (Arrasate, 1968). EH Bildu osatzen duten lau alderdietako bateko, EAko, idazkari nagusia da. Gaurkotasun politikoa errepasatu dugu.

EAJk eta PSE-EEk lortutako itun fiskalari lotu zaio PP. Zergatik ez EH Bildu?

Biren artean egositako ituna izan da; itun fiskala baino gehiago, EAJren eta PSE-EEren premiak asetzeko egindako ituna da. EAJ behartuta zegoen akordioa egiteko. Izan ere, aurrekontuak bigarren urtez luzatzera behartuta egonez gero, hauteskundeak deitu beharko lituzke-eta. Urkulluk, negoziazio hasieran, zergak ukitzerik nahi izan ez badu ere, sozialistek horretara behartu dute. Bestalde, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagokionez, Gipuzkoan indarrean dagoenera eta iaz Bilduk eta PSE-EEk adostu zutenera hurbiltzen da jeltzale eta sozialistek adostutakoa, baina kapitalari ezartzen zaion zergari dagokionez ez. Eta Fortuna Handien Gaineko Zerga ere ez dute ukitu nahi izan. Kapitalen Gaineko Zergaren inguruko proposamena egingo dugu guk aurten Gipuzkoako Batzarretan, baina susmoa daukat atzera botako digutela jeltzale, sozialista eta popularrek.

Itun fiskala "adi irakurtzeko" eskatu dio Ortuzarrek EH Bilduri…

Ondo irakurrita daukagu eta kasu batzuetan gure planteamenduetara hurbilketarik badago ere, beste kontu batzuetan ez. Sozialistek beren kartak jokatu dituzte eta hasieran nahi ez zutenak sinarazi egin diote EAJri. Baina sozialisten eta EAJren arteko itun fiskala, soilik Bizkaiko Batzar Nagusietan aplikatu ahalko litzateke, besteetan ez dutelako zenbakiek ematen eta horregatik bilatu dute PPren babesa.

EH Bildu baztertuta edo jokoz kanpo geratu da?

Bederatzi hilabete daroatzat Legebiltzarrean eta ikusi dut EAJk gurekin hitzartu beharrean nahiago duela beste edozeinekin egin akordioak. Eskola txikiekin edo euskararekin lotutako gaietan ere bai. EAJk beldurra dio abertzaletasunaren nagusitasuna galtzeari. Eta hori gerta ez dadin tresna politikoak darabil esanez akordiotara heltzeko gaitasuna hark duela eta EH Bilduk, berriz, ez.

Zeharkako itunen aldeko agertu da?

Bai eta guretako akatsa da hori. Alderdi Egunean Ortuzarrek egin zuen berbaldia edozein jeltzale ikaratzeko modukoa izan zen. 15 urte egin dugu atzera. Ibarretxeren garaian-eta ereindako guztia baztertu du EAJk, justu Katalunian egiten dabiltzanaren aurka.

EAJ, PSE-EE-PP itunarekin arazoa du Bilduk Foru Aldundian, Batzar Nagusietan gutxiengoan dagoelako?

Sozialistek azaldu beharko dute zergatik egin zuten duela urtebete itun fiskal aurreratua Bildurekin eta orain beste planteamendu batekin datozen. Sozialistek Gipuzkoako Batzar Nagusietan darabilten jokabidea da edozein nahasteko modukoa. Ulergaitza da. Tokia aurkitu nahian dabiltza, baina goitik datorkie aginduak…

Baina ze gerta daiteke Gipuzkoako Diputazioarekin?

Ikusi behar. Badirudi, orain, PPk beti esan izan duena gauzatzeko bidean egon daitekeela, hau da, oposizio guztia batera aritzea gobernuaren aurka, ez proiektu konkretuen inguruan, baizik eta helburu politiko batekin. Bildu albo batera utzi nahi dute, bai edo bai. Aurrekontuen inguruan ahalegin txikiena egiteko prest ez badaude, egoera berri honekin kudeatu beharko dugu Diputazioa. Ez da egoerarik onena, baina… Ez dezagun ahaztu, halere, azkeneko bi urteotan aurrekontuak onartzeko gauza izan den bakarra, erakunde nagusietan, Bildu izan dela. Bestalde, erakundeak garrantzitsuak dira, baina Herria ez da erakundeetan edo alderdi politikoekin bakarrik egiten.

Eta datozen urteko aurrekontuak?

Proiektu konkretuen gainean adosteko prest badaude akordiotara helduko gara; erabaki politiko baten ondorioz, kontra egin nahi badute, ez. Tamalez, nire ustez, Gipuzkoan zer gertatuko den gorago erabakiko dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, akordio politiko zabal baten baitan.

Estrasburgoren erabakiaren gaineko filtrazioak edota Herrira-ren aurkako operazioa kanpaina baten parte dira?

Espainiako gobernuen jokabidea izan da une konkretuetan oihartzun handiko sarekadak-eta egitea. Argi dago, bestalde, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatziko duela Parot dotrinak ez daukala ez hankarik eta ez bururik. Presoek ere badituzte eskubideak. Galindo jeneral izandakoa joan zen astean atera zen kartzelatik. Bistan da justiziak ezberdin epaitzen duela.

Herrira-ren aurkako polizia operazioa ze klabetan ulertu behar dugu?

2011ko udazkenetik, nahita eta guztiz blokeatuta dago bake prozesua; eta, kasu batzuetan, atzeraka egin dugu. Aieten erabakitakoaren arabera, gatazka erabat konpontzeko, azkenean, muinera jo beharko da, arrazoi politikoak aztertu eta soluzioak eman. Baina hori ez dute inondik inora onartu nahi. Kataluniarekin daukate orain arazoa. Saiatuko dira berriro ere Herrira ETArekin nahasten, dena ETA delakoan… Baina Herrira-k ondo lan egin du azkeneko urteotan, eragile eta norbanako ezberdin askorekin bilduz, lan eginez…

Herrira-ren aurkako polizia operazioan Guardia zibilak Bilboko EAren egoitzara sartu izana kasualitatea da?

Ez dakit. Haiek esan dute akatsa izan zela. Gure ustez ez zen akatsa izan. Alderdi demokratiko baten egoitzan sartu ziren moduan sartzea, epailearen agindu barik, abusua da eta aztertzen gabiltza salaketa jarri edo ez.

EH Bilduk hartuko du Herrira-k egiten zuen lana egitearen ardura aurrerantzean?

Ez. Baina bai erabaki da Bilboko manifestazioan batu ginen eragile ezberdinen artean eta hainbat norbanakoren artean jarraitzea lanarekin. Gure konpromisoa ezin da amaitu manifestazio batekin. Presoen giza eskubideen aldeko lana egiten ziharduen Herrira-k eta horri heldu behar zaio. Erakunde politiko, sindikal eta bestelakoen ordezkariek helduko diote lan horri aurrerantzean. Herri bezala lan egin behar dugu.

Bake prozesua ez atzera eta ez aurrera dago. Zela aska daiteke korapiloa?

Aieten erabakitakoaren bigarren puntuan ataskatu gara. ETAk armak noiz, nola eta non utzi behar dituen erabakitzea erabaki teknikoa da eta komeni da ondo egitea hori, bermeekin. Baina ez dute egin nahi. PPk baditu beste arazo batzuk eta haiei heldu nahi die, babes soziala galtzen doalako, krisiagatik, ustelkeriagatik…

ETAK zergatik ez ditu armak uzten?

Prozesu baten baitan eta bermeekin egiten ez bada eta ETAk bere kabuz, aldebakarreko erabakiz, armak han edo hemen uzten baditu, norbaitendako ez da nahikoa izango eta hurrengo beste zerbait eskatuko diote.

Udan espekulatu zen bake prozesuaren gainean aurrerapausoak ematen lagunduko lukeen berriak iragarriko dituela Sortuk edo EPKK-k. Hala espero duzu?

Borondatea badagoela uste dut eta emango dira. Esaterako, ETAren azken komunikatua leitzen badugu, badaude hainbat kontu interesgarri. Ulertu behar da noiz atera zen, irailaren 27an, Gudari Egunean, eta zeini zuzenduta zegoen. Baina hori alde batera utzita, badaude elementu interesgarriak kontuan hartu beharrekoak. ETAk berresten du bukatu duela, beste aro baten gaudela eta elkarbizitzarako dei egiten du. Hortaz, Espainiako gobernuak armak uzteko egiaztapena egiten ez badu beste erakunde batek egin beharko du, berme guztiekin.

Bakearen Aldeko Alkateen Kongresutik zerbait etor daiteke?

Era honetako foroak aprobetxatu behar ditugu benetako egoera eta hemen gertatzen ari denaren benetako irudia zein den jakin dezan jendeak gure mugetatik kanpo.

Ia urtebete da Legebiltzarrean zaudetela. EH Bildu egiten ari da aurreikusitakoa?

Legebiltzarren gertatzen den guztiak dauka oihartzun handia hedabideetan eta alderdi bakoitzak bere interesen arabera erabiltzen ditu hedabideok. Orain hurrengo, Borja Semperrekin gertatu zena da horren adibide. Han dauden guztiek, izan legebiltzarkide edo ez, merezi dute errespetu osoa eta astero gertatzen dira joan zen astekoaren antzekoak, baina inoiz ez da halako iskanbilarik sortu. Brazo politiko de ETA, Fascista, Terrorista…, halakoak astero deitzen digute.

Zela begiratzen dio Urizarrek Katalunian bizi den egoerari?

Inbidiaz. Eta guk ere badaukagu aukerarik, guk ere egin genezake haiek lortu dutena. Ez dago zertan egin hango moduan, baina egin dezakegu. Arazo ekonomiko latzak dituzte eta gurea baino egoera zailagoa da, hori egia da, ze nahi duten aurrekontuak eginda ere, dirua eman behar duenak ematen ez badu, ez dago ezer egiterik. Katalanek onartutako Estatutu berriari Espainiako Estatuak egin ziona eta krisia erabakigarriak izan dira CIU ere mugiarazteko.

Katalanak badoaz?

Herri galdeketa 2014an egiten ez badute, uzten ez diotelako, plebiszitarioak izango diren hauteskundeak egingo dituzte eta independentziaren edo erabakitzeko eskubidearen aldekoak sigla eta zerrenda bakarrean aurkeztuko direla uste dut eta sigla izango da Bai. Asmo horiekin dabiltza. Oso inteligentea iruditzen zait.

Artur Mas ere gertu ikusten duzu horretarako?

Bai. Presio handienak Convergencia-tik datorkio Masi. EAJren beldurra da ikusten duela ERC hasi dela boto asmoetan CIUren aurretik jartzen. Baina ikuspegi motza izatea da. Izan ere, hauteskunde plebiszitarioaren ostean etorriko dira beste batzuk eta kokatuko du herriak alderdi bakoitza bere tokian. EAJk badauka ahalmena eta indarra.

EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlanik ikusten duzu alor konkretuetan?

Urkullu geometria aldakorraren aldekoa zen hasieran, hau da, gaiaren arabera, batekin edo bestearekin hitzartzearen aldekoa. Baina ez dio funtzionatu. Bestalde, Bake Ponentziarekin ikusi dugu ez duela gurekin aurrera egin nahi. Aurreko agintaldian PPk eta PSE-EEk ere onartu zuten testua, orain Lurzoru etiko moduan deitua izan dena, Bake Ponentziara eroan zen eta PPk esan zuen hasieratik ez zuela parte hartuko. Bestetik, PSE-EE egon da hasieratik jendea nahasten: orain bai, orain ez. Argi dago, EAJk, autodeterminazioaren eta burujabetzaren alde aurrera jarraitu nahi badu, beti izango ditu aurka PSE-EE eta PP, ez bada Estatutua berritzeko. Gure prestasuna agertu diogu EAJri bai Bake ponentzian eta baita beste alor batzuetan. Ikusiko dugu EAJren borondatea noraino heltzen den.

Zela baloratzen duzu Bildu eta Garitano Gipuzkoako Diputazioan egiten diharduen lana?

Bildu koalizio berria da, ezberdinen arteko akordio estrategikoa lortu zuena. Gure bokazioa da herritarrak, eragileak, biltzea eta geroago eta gehiago izatea. Prozesu bat da, hastapenetan dagoena. EH Bilduk aukera handiak dauzka.

Ze nota jarriko zenioke Garitanoren gobernuari?

7 bat. Kontuan izan behar dugu ze egoeretan sortu zen Bildu. Kudeaketa publikoari dagokionez, esperientzia txikia dauka Gipuzkoako Foru gobernuak. Baina oinarri batzuk finkatu dira, herritarren eta eragileen parte hartzea bultzatu da…

Hiri hondakinak eta errepide nagusien ordainsariak dira gai izartsuenak, baina aurka du gobernuak oposizio osoa. Ze espero genezake bi urteotan?

Hiri hondakinen gainean, hasierako urratsak ez ziren egokiak, gai tekniko bat politiko bihurtu zelako. Baina, argi daukagu hurrengo agintaldian guk oraingoan egindako lanak ez duela atzera bueltarik izango. Garrantzitsuena da ahalik eta gehien berrerabili behar dela, kontzeptu hori argi edukitzea, ze guretako beharrezkoa da hori, ez daukagulako aberastasun edo ondasun naturalik. Dena erosi behar dugu kanpoan., Hortaz, zenbat eta gehiago berrerabili eta birziklatu hobeto. Eta ingurumen ikuspuntutik ere komeni zaigu.

Eta errepide nagusiak?

Bidegik dauka 900 milioiko zuloa eta 2015ean zor hori ordaintzen ez bada, karga hori Diputazioaren gainera etorriko da. Foru gobernuak dauka 600 milioi euroko aurrekontua urtean eta urtero errepideetan egindako zorra ordaintzeko 100 milioi euro ordaindu behar badira, ze zerbitzu eskaini behar dugu, ze politika egin behar dugu? Bestetik, eskualdeen arteko orekari eusteko planteatzen da biñeta moduko bat. Egia da kamiolariek arazo larria dutela, baina ezinbestekoa da errepide nagusiak ordaintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak