Josu Larreategi: "EBA maila daukagu buruan: igoera fasea jokatzeko sailkatzea da gure helburua"

Mireia Bikuña 2013ko urr. 8a, 02:00

Baskonian bide luzea egin ostean, 2010-11 denboraldian heldu zen Josu Larreategi Mondragon Unibertsitatearen aulkitxora. Gasteizen ikasitakoa –Iriarteren, Comasen, Lamasen eta Dusko Ivanovicen ondoan egin zuen lan– erakusteko asmoz heldu zen Arrasatera. Seniorrekin lanean hasi zen, eta urtez urte hazi egin den taldea da. Aurten goian egon gura dute: EBAra igotzeko ligaxkan sartu gura dute. Oraingoz, liga nahiko ondo hasi dute.

Liga txapelketa ondo hasi duzue. Zarautz aise menderatu zenuten eta etxeko lehenengoa ere irabazi egin duzue. Nola dago taldea?

Egia esan, hasteko gogoarekin geunden. Denboraldi-aurreak oso luzeak izaten dira. Oporren ostean gogotsu ekin genion denboraldi-aurreari, baina, egunak aurrera egin ahala, txapelketarekin hasteko gogoa pizten da.

Iturripeko kantxan egindako lanek hainbat buruhauste sortu dizkigu, eta ondo entrenatzeko arazoak izan ditugu. Zorua labainkor egon da, eta oraindik ere badago.

Hori horrela, gure prestaketa ez da guk gura genuen mailara heldu, baina, esfortzu berezia eginda, liga txapelketa gogotsu hasi dugu. Zarautzen lehia borobila jokatu genuen.

Entrenatzeko arazoak izan dituzue. Eta jokatzeko?

Iturripen jokatuko dugu. Zorua labainkor dago, eta arazoa konpontzeko hainbat produktu bota dituzte irailean. Oraingoz, ez dute ezer lortu. Zoru azpian hezetasun handia dago. Irailean Musakolan entrenatu gara. Badugu Iturripen ganorazko entrenamenduak egiteko gogoa. 

Entrenatzaile gehienok partiduz partidu antolatzen duzuen denboraldia. Edozelan ere, zuk izango duzu buruan helburu zehatzen bat.

Denboraldia hasten dugunean, beti egon gura dugu goiko postuetan. Hori izaten da helburu nagusia, baina gero, faktore askok dute zeresana sailkapena egiteko orduan. Emaitzez gain, beste hainbat gauza hartu behar dira kontuan; besteak beste, lesioak.

Dena den, hasi berri dugun denboraldirako ilusio berezia daukagu. Alegia, liga txapelketa ona egiteko esperantza. 

Jokalariek urtebete gehiagoko esperientzia daukate, eta, euren konpromisoarekin, goian egoteko ilusioa daukagu. EBAra begira egon gura dugu 

Bi baja garrantzitsu izan dituzue: Andoni Arantzabal eta Ander Atxa; baina bi jokalari indartsu fitxatu dituzue. Pozik?

Bai. Andoni Arantzabal eta Ander Atxa ikastera joan dira kanpora. Iaz, biek ala biek, denboraldi oso onak egin zituzten. Euren bajak inportanteak dira taldearendako. Baina Ointxeko harrobitik sortutako bi jokalari fitxatu ditugu: azken bi urteetan EBAn jokatu duten Gorka Kintana eta Imanol Zeziaga. Esperientzia handia duten bi jokalari dira, eta, gainera, etxekoak. Talde orekatua dugula esango nuke.

Ze ezaugarri ditu zure taldeak?

Talde gaztea da. Hiru urteko esperientzia duena, baina gaztea. Gainera, joko azkarra dugunez, kontraerasoak baliatzen ditugu puntuak sartzeko. Defentsan intentsitate handiarekin jokatzen dugu. Taldearen ardura hartu nuenetik, asko indartu dugu kanpoko jaurtiketa. Gure pibotak ez dira oso altuak, eta, hori horrela, kanpoko jaurtiketa hobetzeko beharra izan dugu.

Hainbat urte daramazue Lehen Nazional mailan, eta talde gehienok elkar ezagutzen duzue. Zaila da ezustekoak ematea?

Bai. Gurekin lehiatuko diren taldeek hainbat aldaketa izan dituzte jokalarien artean. Horien erantzuna zer-nolakoa den ikus beharko dugu.

Guk, zorionez, bloke osoarekin jarraitzen dugu, eta horrek nolabaiteko abantaila ematen digu. Horrez gainera, Kintanak eta Zeziagak ezagutzen dute elkartearen filosofia.

Etxeko jokalariz osatutako taldeak izan gura ditugu. Duela lau urte hasi ginen saskibaloi-eskolan harrobiko jokalariekin lanean. Eurak izango dira etorkizuneko jokalariak: etxekoak. Bide beretik jarraituko dugu.

Egun, 19 saskibaloi talde ditugu elkartean. Duela bi urte neskekin lanean hasi ginen, eta antolatzen ditugun ekintzetara geroz eta jende gehiago joaten da. Horrek guztiorrek erakusten digu bide onetik goazela.

Lehen Nazionalean aldaketak daude aurten.

Txapelketa erregularra lehen lekuan bukatzen duena EBAra igoko da zuzenean. Bigarrenetik laugarrenera sailkatzen direnek igoera fasea jokatuko dute.

Non ikusiko dugu MU?

Oraingo helburua EBArako igoera faserako sailkatzea da; hau da, lehen bosten artean sailkatzea. Lehenengo lekuan geratzen bagara, askoz hobeto.

Dena den, liga txapelketa oso luzea da, eta kanpoko faktoreek zeresan handia izaten dute sailkapenean; besteak beste, lesioak. Ea zortea daukagun lesioekin eta errespetatu egiten gaituzten.

EBAra igotzea sari potoloa litzateke zuendako!

Bai, horixe. Lehen lekuan egoteko aukerak baditugu, eta horren jakitun, zuzendaritza batzordeko kideak hasi dira lanean. EBArako igotzea lortuko bagenu, maila horretan jokatzeko ze aukera ditugun aztertzen dabil zuzendaritza, eta beharrezkoa den dirua lortu guran.

Udan Gasteizen entrenatzeko eskaintza jaso zenuen.

Bai. Eskaintza mahai gainean izan nuen. Ointxeko ordezkariekin eta jokalariekin berba egin, eta Arrasaten geratzeko eskatu zidaten. Eurengan konpromiso handia ikusi nuen, eta etxean geratzea erabaki genuen.

Hirugarren denboraldia dut eta taldeak beti izan du konfiantza nigan, eskertzekoa da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak