Interprete Desconocido eta The Convicts: "Teletetxo Records-ek diskoa Euskal Herritik kanpo zabalduko du"

Jagoba Domingo 2013ko urr. 9a, 02:00

Gaur egun ez da ohikoena bi taldek batera disko bat kaleratzea. Bada, Interprete Desconocido eta The Convicts taldeek hori bera egin dute; split edo partekaturiko diskoa argitaratu zuten duela hilabete. Musikan adiskidetasuna eta anaitasuna aldarrikatzeko formatu erabilia izan da; baten jarraitzaileek, besteen musika entzun dezaten eta alderantziz.

Kasuak kasu, disko berriak 12 kantu batzen ditu, talde bakoitzaren sei konposizio propio; punk-rock, punk-oi! eta hardcore zertzeladak. Okinak, The Convictseko bateria-joleak, eta Danik, Interprete Desconocidoko abeslariak kontatuko dizkigute diskoaren sekretuak.

Nola bururatu zitzaizuen split-a kaleratzea?

Dani: Aspaldi ezagutzen dugu elkar bi taldeok, eta betidanik harreman ona izan dugu. Duela urtebete sei kantu grabatu genituen eta split-aren ideia bueltaka izan dugu; beraz, aukera ezin hobea zen The Convictsekin batera egitea. Horrez gain, diskoaren kostuetan ere eragina izango zuela pentsatu genuen.

Okina: Bai, taldekide gehienak adin berekoak gara. Guk ere estudio berean grabatu genuen, Nekrosounds-en, eta, Karlotek Interprete Desconocidok lan partekatua kaleratu nahi zuela esan zigunean, ideia ona iruditu zitzaigun. Guk ere sei kantu grabatu genituen; horrenbestez, aukera paregabea zen. 

Izan ere, aspaldi ezagutzen duzue elkar.

D: Bai, aspalditik hainbat kontzertu jo ditugu batera. Denboraldi batean, gainera, bi taldeok Aretxabaletako gaztetxeko lokaletan entseatzen genuen; beraz, harreman handia zegoen.

O: Esan bezala, taldekide gehienak adin berekoak gara, eta, musika munduan egonez gero, ezinbestekoa da elkar ezagutzea. Gainera, musika mota antzekoa egiten dugu. 

Nolakoak izan ziren grabazioak?

D: Grabazioa Nekrosounds Aretxabaletako estudioan egin genuen, joan den udan. Grabazio oso azkarra izan zen, asteburu batean grabatu genuen dena; izan ere, orduan Jose gitarra-jolea Alemanian zegoen ikasketa kontuak zirela-eta, eta Ibai baxu-jolea Bartzelonan. Karloterengana jo genuen, teknikari eta musikari moduan esperientzia handia duelako, eta aukera egokia iruditu zitzaigun. Gainera, prezio ekonomikoa egin zigun.

O: Guk ere estudio berean grabatu genuen, baina, gure kasuan, hilabetez egon ginen bueltaka. Taldekideen ordutegia zela eta, askotan zaila izaten zen bat egitea. Edozelan ere, oso eroso sentitu ginen eta lan ona egin zuen Karlotek. Nahasketak, adibidez, bere kontu egin zituen eta ondoren entzun eta ukituak egin genituen. 

Banaketa Azpeitiko Teletetxo Records-ekin egin duzue.

D: Bai, Teletetxok eskaintzen duen zerbitzua oso ona iruditu zitzaigun. Haiek finantzatu dizkigute kopien gastuak eta guk 50 disko eman dizkiegu trukean. Hala ere, diskoak saldu ahala, kopien gastuak ordaindu behar dizkiegu. Gainera, Teletetxok Euskal Herritik kanpoko hainbat herrialdetara bidaltzen ditu diskoak. Azken finean, musika zabaltzen du.

O: Bai, hori oso garrantzitsua da, guk betiko tabernetan jarri ditugulako salgai diskoak, baina  berau zabaltzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Esaterako, dagoeneko diskoa Interneten deskargatzeko jarri dugu, edozeinek entzun dezan.

Diseinuan, taldekide ohiak ere agertzen dira; nolabait, haien tokia aldarrikatzeko da?

D: Bai; gehienbat, nik egindako diseinua da, eta denok genuen argi taldeen historiaren parte direla. Diskoaren zati bat ere eurena da. Gure kasuan, gainera, Josebaren irudia oso garrantzitsua da, Interprete Desconocidon izan zuen eraginagatik.

Aurkezpen kontzertuan 20 disko zozketatu zenituzten, ezta?

O: Ez, hasieran hori egin behar genuen, baina, desastre hutsak garenez, diskoak eramatea ahaztu zitzaigun. Beraz, Dat tabernan zeuden bost diskoak banatu genituen!

Diskoa non dago salgai?

O: Oraingoz, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Azpeitian, Beasainen eta Donostian jarri dugu salgai. Hala ere, diskoa erosi nahi izanez gero, gura duena taldeekin harremanetan jar daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak