Xabier Mendizabal: "Lomce legeak sailkapena egiten du ikasleen artean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 7a, 13:04

Bigarren Hezkuntzako institutu publikoen zuzendarien artean koordinatzaile lanak egiten ditu Xabier Mendizabalek (Donostia, 1956). Bihar hitzaldia eskainiko du Kulturaten (18:00), Lomce legearen ondorioak azaltzeko.

Zein da hitzaldiaren helburua?
Benetako beharra ikusten genuen jendeari azaltzeko hezkuntza komunitatearen barruan nola eragiten duen halako lege organiko batek. Eskolaren eguneroko zereginean, gure misioan, zein ondorio kaltegarri izango dituen azalduko ditugu hitzaldian.

Zeintzuk dira, zure ustez, Lomce edo Wert legeak eragingo dituen kalte nabarmenenak?
Inklusibitatearen gaia dago, batetik. Askotan lantzen dugu hezkuntza inklusiboarena, hau da, ikasle guztiei bermatu behar zaie aukera berdinak ematea. Ikasteko eta pertsona moduan garatzeko aukera berdinak izan behar dituzte guztiek eta lege honek ikasleen arteko sailkapena egiten du nolabait. Hor arazo handi bat ikusten dugu, gure planteamenduaren aurka doa zuzenean. Gu inklusiboak izan gura dugu.

Nola egiten du lege honek aipatzen duzun ikasleen sailkapen hori?
Gure ustez tresna garrantzitsuenak dira etapen amaieran jartzen dituzten ebaluaketak. Kalte handia sortzen dute, hezkuntza jarduera froga horiek gainditzera bakarrik bideratzen dutelako. Gainera, froga horiek nolakoak izan behar diren Madrilek ezartzen ditu. Edukien gaia ere ezin dugu ahaztu, izan ere, edukiak oso garrantzitsuak dira ikasleen prestakuntzan. Bada, hor ere sekulako aldaketa dator: estatuak erreserbatzen ditu eduki horiek aukeratzeko portzentaia nagusia. Hori ere kalte izugarria da. Frogatuta daukagu gure hezkuntza jardueran irakasleei ez bazaie aukera ematen curriculum-a egiten joan eta edukien zentzuzko aukeraketa bat egiteko, eskolaren arrakasta oztopatzen dutela.

Hezkuntza sistema propioa izan ohi da lege honen aurka egiteaz batera datorren aldarrikapena. Zuek ere bat zatozte eskera horrekin?
Bai, zalantza barik. Aspalditik ari gara gure curriculum propioa garatzeko eskaera egiten. Eragile ezberdinekin ari gara hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen. Baina estatuak curriculumaren gainean erreserbatzen baditu eskumen guztiak, guk ulertzen dugu kontrol ideologiko bat dagoela. Eta hori oso larria iruditzen zaigu.

Zuzendariaren figurak botere handia hartzen duela diote lege honen aurkako eragileek. Hala da?
Frogatuta daukagu lan metodologia eraginkorrenak, ikasleen artean arrakasta maila handiena lortzen dutenak, eskola-komunitatea osatzen dugun guztion parte hartzean oinarritzen direnak direla.  Hau da, irakasle, ikasle eta gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da. Bada, lege honek planteatzen duena da zuzendariari ematea ia botere guztia. Beraz, guk horren barneratuta daukagun parte hartze demokratikoaren eredua bertan behera uzten du Lomce legeak. Eta beste hainbat gabezia ere baditu.

Amaitzeko, nola planteatzen duzu hitzaldia? Ikus-entzunezkoren bat egongo dela entzun dut...
Jendeari aukera emango diogu zalantzak argitzeko eta batez ere dituzten kezkei erantzuteko. Azalpena bi ataletan banatuko dugu: batetik, diapositiben laguntzaz mezu argi eta zehatzak helaraziko ditugu. Bestetik, konparaketak egingo ditugu egungo egoeraren eta Lomce legearekin izango denaren artean. Eta noski, zapaturako deituta dagoen Bilboko manifestazioaren gaineko informazioa ere emango dugu, bertaratzeko animatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak