Galarrako kobazuloan indusketa lanetan ari dira Arrasateko altzairuaren bila

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urr. 3a, 15:49

Arrasateko Galarra koban arkeologi ikerketa egiten ari da Arrasate Zientzia Elkartea Arrasateko meatze gunearen garrantzia ulertzeko asmoarekin. Proiektuaren lan ildoak ezagutarazi dituzte gaur hedabideen aurrean, Donostian.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko udalaren laguntzari esker egiten dihardu hori. Arrasateko Galarra edo San Valerio koban egindako aurkikuntzak eta proiektuaren gaineko zehaztasunak ezagutarazteko prentsaurrekoan honako hauek izan dira: Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak, Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea eta Itxaso Egizabal Arrasate Zientzia Elkarteko kidea.

Kobazuloan galduta

Ikerketaren abiapuntua 2012. urtean kokatu behar da. Orduan espeleologian interesa zuten lau gazte Galarran galdu ziren eta giza-jardueraren aztarnak gordetzen dituen 4 kilometroko galeria multzo bat aurkitu baitzuten. Ordutik, Arrasate Zientzia Elkarteko diziplina anitzeko lan-talde batek ikertu ditu galeria berriak, Itxaso Egizabal arkeologoaren zuzendaritzapean. Eta haien ikergaia gaur arte ezezaguna zen burdin mehatzea zabala da.

XVI. eta XVIII. bendeetan bertan bizi

Bestalde koban zehar, modu anarkiko batean, tamaina guztietako ehunka oinatz eta hatz markak agertu dira. Eta, litekeena da, Galarran, gutxienez XVI. eta XVII. mendeetan zehar, gizon, emakumeak eta haurrak jardutea. Minerala lortzeko, pikatxoiak erabiltzen zituzten-eta, horien adibidea da koba barruan agertutakoa.

Gainera, galerien hainbat lekutan minerala kanpora ateratzeko erabili zituzten otarren arrastoa ikus daiteke. Mehatzeak ustiatzeko sistema hori Burdin Aroko Europako mehatzetan ere erabili ohi zen. Aipaturiko materialak ez dira ikertzaileek aurkitutako bakarrak, Galarra barruan hainbat pitxar azaldu baitira eta litekeena da emakumeek eta haurrek urketari lanak egitea.

Gurutze latindarrak

Gurutzeak ere aipatu behar dira. Galarrako hormetan bi gurutze latindar mota ezberdin aurkitu dira: trilobulatuak eta sinpleak. Adierazpen horiek oso ohikoak dira erdi aroko kantabriar erlaitzean. Azkenik, koba barruan ikerketa prozesuan dauden aztarna organikoak agertu dira caprinae familiako animalia baten hondakinekin batera.

Meatze ustiapenak

Galarrako meatze ustiapenak Gipuzkoan burdinaren industriari lotuta dauden ondare baliabideekin bat egiten du. Baliabide horiek Burdin Aroan, duela 2.200 urte hasi (Basagain eta Murugain) eta XVIII eta XIX. mendeetan amaitzen dira (Mustar eta Agorregi), Erdi Arotik pasa eta gero (Penadegi eta Arditurri).

(Galarran aurkitutako pitxar bat)

(Gurutze latindarra).

Gipuzkoaren garapena burdinaren industriari lotuta

Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dituen 25 arkeologia proiektuetatik zazpik burdinarekin lotura dute. Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuaren hitzetan, "Gipuzkoaren garapena burdinaren industriari lotuta dago" eta Galarrako esplotazioak "Gipuzkoan ekoizten zen burdina itsasontziz Europa osora zabaltzen hasi zen garaian kokatzen gaitu".

"Aurkikuntza honek eta beste batzuk gure historian gehiago sakontzeko aukera eskaintzen digute. Arkeologiak, gizarte bezala, gure iragana nolakoa zen ulertzen laguntzen digu. Gure historia ezagutzeko funtsezko tresna da: gizarte antolakuntza, aldaketak, ekonomia, bizimodua, teknologia… Eta gure helburua eta ardura da gure iragana ikertu, balioetsi eta ezagutaraztea", adierazi du Badiolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak