Udal Gobernuaren mozioa onartu du Arrasateko Udalbatzak

Imanol Gallego 2013ko urr. 3a, 11:25

Arrasateko Udalak ez ohizko plenoa egin zuen atzo –eguaztena– iluntzean, Herrira mugimenduko 18 atxilotuei, bereziki Ekain Zubizarretari, babesa helarazteko. EAJk bere mozioa aurkeztu zuen, eta PSE-EE ez zen plenora joan. Azkenean Udal Gobernuak aurkeztutako mozioa onartu zen.

Herrira-ren kontrako operazioa Euskal Herriaren aurkako erasotzat jo du Bilduk, eta neurri horren kontra atzorako ez-ohizko plenoa deitu zuen Udal Gobernuak. Bildu eta Aralarrek adostutako mozio bat aurkeztu zuten, eta EAJk berea.

PSE-EE ez zen plenora joan

Sozialistek azaldu dutenez "ez dute ulertzen" urgentziaz deitutako osoko hau, hurrengo martitzenerako, urriak 8, beste bat deituta dagoenean.

EAJk, bere mozioa

Bilduk aurkeztutako mozioarekin "antzekotasun ugari" izan arren, jeltzaleek euren mozioa aurkeztu zuten. Euren ustez, Herrira plataformako kideen atxiloketak  "dena ETA da" tesiari eutsiz egin dituzte eta horrek "Euskal Herrian bakea finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen du".

Bigarren mozio horren ostean, Inazio Azkarragaurizar alkateak PSE-EE eta EAJri erantzun nahi izan zien. "Gaiaren larritasuna ikusirik, ez zait ez zilegi ez serioa iruditzen PSE-EEk plenora ez etortzeko hartu duen erabakia" esan zuen eta, horren ostean, EAJren idatzia ere baloratu zuen alkateak: "EAJk bere gaurko irakurketan adierazten duenaz ados nago eta esandakoaz kontsekuente izanez gero, aurrera begira elkarrekin pausoak emateko aukerak egon daitezke".

Herritarren hitza

Udalbatzan parte hartu zuen herritar batek adierazi zuen Herrira-k "ongi-etorriak egin" dituela, bere esanetan horixe zelako mugimenduaren xedea, "gartzelak bete baino, hustea". Herritar horrek berak Ekain Zubizarreta gogora ekarri, eta herri guztiaren izenean bere familiari elkartasuna adierazi nahi izan zion.

Aldeko 12 boturekin onartu dute

Pleno aretora hurbildu ziren eragile guztiek hitz egin eta gero, bozkatzeko garaia iritsi zen. Gobernu Taldeak aurkeztutako mozioak taldeko kideen 12 botuak eskuratu zituen. Ez zuen kontrako boturik jaso eta EAJ abstenitu egin zen. Gauzak horrela, udalbatzak Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak