"Hemen gauden eragileok Herrira mugimenduaren aurkako sarekada politikoa gaitzesten dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 2a, 21:19

Arrasateko eragile ezberdinek aurkeztuko duten mozioak honakoa dio, besteak beste: "Hemen gauden eragileok, Herrira mugimenduaren aurkako sarekada politikoa gaitzesten dugu. Adierazpen askatasunaren urraketa larri bat egiten dela kontsideratzen dugu eta mugimendu sozial baten jarduna kriminalizatzera bideratuta dagoela".


"ARRASATEKO UDAL PLENOAN AURKEZTEKO MOZIOA, MOBILIZAZIO SOZIALEN KRIMINALIZAZIOAREN AURKAKOA.

Ehun mila pertsonatik gorako olatu sozialak egin zuen bat joan zen urtarrileko manifestaziorako Herrirak luzatutako gonbidapenarekin.  Bostehun eragile baino gehiago atxiki ziren “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” lemara eta nazioartetik ere babes sendoa jaso zuen aldarrikapen jendetsu hark; Saharatik, Argentinatik eta Mexikotik, besteak beste.

Urtarrileko argazki horrek deskribatzen du, ezin hobeto, Herriraren jardunak duen babes politiko eta sozial esanguratsua. Sortu zenetik urte eta erdi besterik pasa ez den arren, honez gero lortu du Euskal Herriko sentsibilitate ezberdinak batzea euskal preso eta iheslarien eskubideen alde  eta bake prozesuaren bidean.

Herritarrez osatutako mugimendu irekia, bere lana publikoki egiten duena eta, gainera, bai Euskal Herrian, bai Europan euskal jendartearen aldarrikapenak mahai gainean jartzen jakin duena babes zabala lortuz. Gaur arte ez du Espainiako justiziak zirkinik egin Herriraren kontra eta, bat batean, borroka armatuaren parte izateaz akusatuta atxilotu ditu, hain justu, konponbide politikoaren bidean lanean ari zirenak. Zergatik orain?

Eraldaketa sozial eta politikoaren aldeko mugimendua indarra hartzen hasi denean dator, hain zuzen, sarekada hau. Espainiar gobernuak errepresio politikaz erantzun dio, ostera, eskubideekiko errespetua oinarri duen prozesuari eta euskal jendartea bide horretan egiten ari den lanari.

Herri mugimenduak alderdi politiko asko heltzen ez diren lekuetara heltzen dira, herritarren sinergiez funtzionatzen dutelako. Hemen bertan ere halako hainbat mugimenduk jarduten du egunero, xede ezberdinak lortze aldera lanean, Herrira bera tarteko; euskal presoen eta iheslarien eskubideak defendatuz, arrasatearren babes zabalarekin. Jendartean eman den edozein aldaketaren oinarrian mugimendu soziala egon da beti eta Herriraren aurkako operazio honek agerian uzten du Euskal Herrian, momentu honetan ere, funtzio garrantzitsua betetzen ari dela.

Hemen gauden eragileok, Herrira mugimenduaren aurkako sarekada politikoa gaitzesten dugu. Adierazpen askatasunaren urraketa larri bat egiten dela kontsideratzen dugu eta mugimendu sozial baten jarduna kriminalizatzera bideratuta dagoela.

Bada garaia Espainiar gobernuak herritarron adierazteko askatasuna eta eskubideak errespeta ditzan. Bada garaia konponbiderako bidea bakean egiten utz gaitzaten.

Operazio honetan atxilotutako guztiei, eta bereziki Ekain Zubizarreta arrasatearrari eta bere familiari gure elkartasun osoa adierazten diegu. Aurrekariak ikusirik, jasotzen aritu daitezkeen tratuaz ere kezkatuta gaude; guztiak aska ditzatela eskatzen dugu. 

Espero dugu Herriraren aurkako operazio hau izan dadila euskal jendartearen eskubideen kontrako azken neurri errepresiboa. Eta arrasatearrak animatzen ditugu politika errepresiboaren aurka, Herriraren alde eta mugimendu sozialen kriminalizazioaren aurka mobilizatzera. 

Operazioaren harira izango deitu diren mobilizazioak:

o    Urriak 2, asteazkena: Pleno berezia udaletxean, 18:00etan.
o    Urriak 3, osteguna: manifestazioa 19:30etan, Seberotik abiatuta.
o    Urriak 4, ostirala: Kontzentrazioa herriko plazan, 12:30etan, gehiengo sindikalak konbokatuta.
o    Urriak 5, larunbata: Manifestazioa, 17:30etan La Casillatik abiatuta. Arrasatetik autobusa antolatu da bertara joateko; 16:00etan irtengo da Garibaitik. Txartelak Ttukunen egongo dira salgai ostiral arratsaldera arte eta oraindik txartelak geratuz gero, zapatuan bertan autobusean egongo dira eskuragarri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak