Xabier Zubizarreta: "Ordua iritsi da hemengo ordezkari instituzional guztiek nahikoa dela esateko"

Ubane Madera 2013ko urr. 1a, 22:34

Atzo ezkero Madrilen dago Ekain Zubizarreta arrasatearra, atxiloaldi komunikatuan, iturri ofizialen arabera; eguenean pasatuko da epailearen aurretik. Hala konfirmatu dio GOIENAri Xabier Zubizarreta aitak (Arrasateko alkate izana bi alditan: 1987-1997 eta 1999-2003). Baina beste ezer gutxi dakite semearen gainean; bakarrik atzo goizean (astelehena) atxilotu zutela kalez jantzitako poliziek, eta soinean zeraman etxeko arroparekin eraman zutela, gero jakin zuten moduan, Madrilera. Zubizarreta Txironek semearen atxiloketa Dena ETA da tesiaren barruan kokatzen du, eta halakoen aurrean euskaldunon batasun (ordezkariena zein herritarrena) beharra aldarrikatu du.

Zer moduz?
Gure Joxepa Arregik esaten zuena gogoratu zait: Ondo ez, baina gogor.

Eta ez da gutxi. Izan ere, iragarri dute atxiloaldi komunikatuan daudela, baina horrek ez du esan nahi haren berri zuzenik duzuenik, ezta?
Ez. Atzo egun osoa pasatu genuen atzera eta aurrera, baina ez genuen lortu inolako notiziarik eta berri zuzenik edukitzea. Atxiloaldi komunikatua esaten dutenean esan nahi du beste barik atxilotu duen guardia zibilak obligazioa duela 24 orduren buruan-edo jakinarazteko non dagoen. Eta aukera izango dutela, baita ere, dilijentziak egiterako orduan beraiek aukeratutako abokatu batekin egin ahal izateko. Baina besterik gabe. Guk ez daukagu aukerarik berarekin berba egiteko, eta ezertarako. Beraz, hortik aparte esan dezakegu guztiz atxiloaldi inkomunikatua dela.

Sikiera konfirmatu daiteke aste honetan bertan pasatuko diren epailearen aurretik?
Bai. 72 orduko atxiloaldia da, eta beraz, ostegunean zehar pasatuko dira epailearen aurretik. Abokatuek esan digutenez, 18 direnez, seguruenik egun osoa emango dute banaka-banaka epailearen aurretik pasatzen, eta ezer jakin orduko osteguna oso aurrera joango da.

Zuek joateko asmorik bai?
Bai, besterik ez bada ere, hantxe presentzia adierazteko.

Eta "inkomunikazio" honen barruan noiz izango duzue berarekin egoteko aukera?
Askatuko balute ostegunean. Baina seguruenik igandean izango dugu lehen eguna kartzelan bisita egin ahal izateko.

Zuk zeuk esan duzu askatuko balute ostegunean… baina atzo entzundakoek ez dakit ze punturaino ematen dizueten esperantzarako tarterik. Diot Herrira ETArekin lotzen dutelako…
Hori hipotesi zaharra da. Dena da ETA tesia aspalditik erabiltzen ari dira espainiar estatuko ordezkariek, bereziki, eskubitarrek, baina nik uste dut ordezkari guztiek ere. Eta oraingoan ere gauza bera egin dute.
Kolpea zuzenean jasan dugunok akaso gara gehien sentitzen dugunak, baina konturatzen gara ere, analisi minimo bat eginda, eraso hau Euskal Herri osoaren kontrako erasoa dela. Eta bereziki, gainera, une honetan bakegintza eta soluziobideak bilatzearen aldeko mugimendua geroago eta indar gehiago hartzen ari den une honetan; Estrasburgoko epailearen sententzia ere ateratzear dago, Kataluniako egoera, egoera ekonomikoa…Estatu espainiarra benetan ari da urak atera ezinik bere ontzitik, eta hauek guztiak gure (euskaldunon) kontra joateko eta aldi berean beraien gabezia guztiak ezkutatzeko erabiltzen ari dira, eta horrela uste dut ulertu behar dugula.

Hala ere, ezustean etorri da hau. Badirudi iraganeko kontuak direla hauek…
Bai, gero eta ulergaitzago egiten da horrelako aktuazio bat egitea gobernu batek, kontuan hartuta zenbat ahalegin egiten ari diren Euskal Herriko ordezkari desberdin askoren aldetik konponbidean sartzeko, eta bake egoera batera iritsi ahal izateko, eta gure bizitza sozial eta politikoa normalizatzeko. Geroago eta zailago egiten da ulertzea halako jokabide bat. Baina hemen gertatzen ari dena da oraindik estatu espainolean agintzen dutenak Francoren oinordekoak direla, Falangea eta haiek samintasunez oroitzen dituztenak; eta ez da haiek ETA ezin dutela ikusi, baizik eta ezin dutena ikusi Euskal Herria da. Euskal Herriaren aitortza ezin dute inolaz ere egin ,eta hori geroago eta hurbilago ikusten ari dira, eta horrek gero eta neurri zorrotzagoak edo ulertezinagoak hartzera bultzatzen ditu.

Hori esanda, gertuko erakunde edo politikoren bati mezuren bat helaraziko zenioke?
Atzo azpimarratzekoak dira bi mezu: bata PSE-EEko Jesus Egigurenek eman zuena, eta bestea Lakuako bozeramaile moduan Erkoreka jaunak eman zuena. Erkorekak esan zuen Espainiako gobernuak ez lituzkeela egin behar horrelako gauzak une honetan, ez dela ordua eta abar, baina aldi berean Herrira lotu egin zuen ETArekin, ETAri eskatzen hasi baitzen armak uztea.

Nik uste dut hori lehen aipatu dudan falangisten eta neofrankisten tesia berrindartzea baino ez dela, eta ez daukala inolako oinarririk eta ez hanka eta ez bururik horrelako gauza bat esatea politiko bartek gaur egunean. Gainera, uste dut ordua iritsi dela hemengo ordezkari instituzional guztiek nahikoa dela esateko, eta ez jarraitzeko behin eta berriro amore ematen Madrilen aurrean. Ze, alde batetik esaten dabiltza ez dela ordua hau egiteko, baina gero era berean Lakuaren menpe dagoen Ertzaintza ikusi genuen egun osoan han (Andoainen) eta gainera egurra ematen, zer eta senatari bati ere burua zabaldu zioten. Kontraesan hori gainditu beharra dago jadanik, eta nik dei berezi bat egingo nioke EAJri behingoz urrats bat eman dezan euskaldunon eskubideak errespetatzearen alde.

Atzo Euskal Herriko herri gehienetan izan ziren mobilizazioak. Zela ikusten duzue herrira kalera irtete hori?
Lehenik eta behin, aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko. Nik uste dut senide guztiak gaudela benetan eskertuta jendeak izan duen erantzunarekin, eta erakutsi diguten elkartasun eta animoekin. Hor garbi ikusten da, lehen esan dudan moduan, olatua gero eta handiagoa dela, herritarrak gero eta garbiago ikusten ari dira irtenbidea nondik datorren, eta bake bidean urrats horiek ematea eskatzen ari dira gero eta indartsuago. Hori da, nik uste dut, atera daitekeen konklusio nagusia. Zentzu horretan animatu egin behar gara denok pixka bat, eta ausartak izan une honetan, izan ere, momentu kritikoak izaten dira emankorrenak baldin eta behar diren inbertsioak eta esfortzuak egiten asmatzen badugu. Nik uste dut aukera ona dela une hau olatu bakar moduan denok ateratzeko. Zentzu horretan datozen egunotako mobilizazioetara ateratzeko eta parte hartzeko eskatuko nieke herritarrei.

Bukatu aurretik eta zure semearen egoera argitze aldera, Herrira-ren zuzendaritzarekin lotu dute Ekain, baina gaur egun, Emuneko langilea da, ezta?
Bai, Herrira-ren hasieran ibili zen pixkatxo bat kolaboratzen; ez dakit zenbaterainoko lotura zuen barruko egiturarekin, baina azken kasik bi urteotan Emunen ari zen lanean ia egun osoz, eta ez zuen beste aktibitaterik egiten. Tokatu egin zaio, beste askori tokatu zaien moduan, funtsean inolako arrazoirik gabe. Izan ere, gaur bertan komentario bat irakurri dut: hau bera egin zitekeen dei bat eginez Audientziara etortzeko, horrenbesteko nahas-mahas, eta horrenbeste polizia eta indarkeria erabili gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak