Kirolzaletasun euskaldunaren alde, kirol taldeak bat eginda

Jon Berezibar 2013ko ira. 28a, 18:12

Euskararen alde lanean aspalditik badihardute ere, kalera atera dira gaur –zapatua– Arrasateko kirol talde, klub eta elkarteak, 19 guztira. Hitzarmena sinatu dute, elkarlan eta konpromiso modura, eta familia argazkia atera dute eguerdian plazan. AED elkarteko Bultza taldeak sustatu du ekimena eta helburua da euskara kirolean gazteleraren pare jartzea gutxienez. 

Kirolak duen indar bateratzailea eta berezkoak dituen balioak euskara indartzeko erabili gura dituzte AED elkarteko Bultza taldetik. Herriko 19 kirol talde, klub eta elkartek hitzarmena egin dute konpromiso hori hartuta, eta asmo eta planen jendarteratze moduko bat egin dute gaur, kirol-jarduera eta euskararen aldarrikapena kalera ateraz. 

Asmoak handiak dira. Arrasaten kirolak mugiarazten dituen 5.000 lagunetik gora inplikatu eta, indar biderkatzailez, haien inguruko  senide eta lagunengana zabaldu gura dute hedapena. Hitzarmenaren sinadura ekitaldi publikoa egitearekin batera, norbanakoek ere atxikitzeko aukera izan dute.

Konpromisoa hartuta, galtza bete lan dute orain taldeetako kideek. Enpresa ala erakundeetan bezala, talde bakoitzak bere egoera eta helburuetara egokitutako euskara plana diseinatu du eta, bakoitza bere erritmoan, baina, zehaztu dituzte urratsak.

Helburu eta ekintza zehatzak 

AEDko Joxe Mari Muxika da Bultza taldeko kideetako bat eta hark garbi dio oztopo nagusia "ohitura falta" dela, "euskaraz dakigun askok uste gabe gazteleraz egiten dugulako eta seme-alabek ez dute ikusten euskaraz zergatik egin behar duten", alegia. Gaurko ekitaldian hartutako konpromisoek kirol taldeetan kontzientzia badagoela erakusten dutela dio Muxikak eta horren adierazgarri dela "elkarteek egin dituzten planak euskara gazteleraren parera jartzeko". Ekintza konkretuez dihardu Muxikak, "idatzietan, solasaldietan, harremanetan, entrenatzaileen saioetan..." euskararen erabilera areagotuko ala jadanik areagotzen dabiltzalako. "Ekintza zehatzak epe baten jarrita", nabarmentzen du. 

Sinadurarekin batera adierazpen publikoa ere irakurri dute taldeetako ordezkariek, azpimarratuz, "kirolean eroso aritzeko ariketa egunerokoan egin behar den bezala", "euskaldun moduan natural eta eroso bizitzeko egunerokoan" eman behar zaiola "arnasa euskarari", hain zuzen. Gaurkoa etorkizunaren iragarpena dela esanez, halaxe, amaitu dute adierazpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak