Baterien gaineko proiektu estrategikoa IK4-Ikerlanen

Leire Kortabarria 2013ko ira. 30a, 02:00

IK4-Ikerlan ikerkuntza zentroan, goi-mailako lan-jardunaldia egin zuten martitzenean, eta Europako Batasunaren babesa duen Batteries 2020 proiektua martxan jarri zuten gero. Arrasateko ikerkuntza zentroa da proiektu horren liderra.

Sistemas de almacenamiento eléctrico: visión estratégica delako lan-jardunaldian, elektrizitatea gordetzeko I+G-k ematen dituen aukerak aztertu zituzten hainbat punta-puntako enpresa eta ikerkuntza zentrok eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.Besteak beste, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernaez;  Leclanche, Abengoa, Umicore eta FIAT enpresetako ordezkariak; Europako bateria-ekoizleen Eurobat elkarteko ordezkariak; eta EnergiGUNE CICeko ordezkariak batu ziren Arrasaten.

Bateriak aprobetxatu

Lehenengo, energia gordetzeko baterien merkatuaren gaineko ezagutzak konpartitu zituzten adituek: balio-katea, materialak eta etorkizuneko aukerak. Energia-metatzearen gaineko ikerkuntzak energia berriztagarrietan eta automobil elektrikoetan eragiten du, besteak beste.

Ezagutzak elkarbanatzeaz gain, Batteries 2020 proiektua martxan jarri zuten. Helburua da automobil elektrikoen baztertutako bateriak, dagoeneko horretarako erabili ezin direnak, berriz erabili energia berriztagarriak metatzeko edo gordetzeko.

Izan ere, lan-jardunaldi horretan izan ziren erakunde gehienak Batteries 2020 proiektuko kideak dira. Europako Batasunak babesten du proiektua; batetik, automobil elektrikoa bultzatzeko, eta bestetik, automobilendako dagoeneko balio ez duten baterien potentziala aprobetxatzeko estrategiak diseinatzea beste inork baino lehenago. Batteries 2020 iniziatibak hiru urte iraungo du eta 8 milioi euroko aurrekontua izango du; zati baten, Europako Batasunak finantzatuko du, VII. Marko-Programaren bidez.

Zehazki, baztertutako bateriak hobetu nahi dira, gaur egungoak baino % 30-40 kapazitate gehiago emanaz duten bolumenarekiko, eta fidagarriak izango direla bermatu. Horrez gain, gaur egun merkatuan dauden bateriek baino bi aldiz gehiago irauteko gai egin nahi dituzte.

Energia berriztagarrietarako

Bestalde, energia berriztagarri instalazioetan baztertutako bateriak energia-metatzaile gisa erabiltzeko estrategiak ikertuko ditu Batteries 2020k. Gaur egun, aerosorgailu batek energia sortzen duenean, hura ez da pilatzen, zuzenean sare elektrikora irauli baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak