Ia dena saldu da Birzikleta azokan

Leire Kortabarria 2013ko ira. 21a, 17:13

Hamargarren Birzikleta azoka arrakasta borobila izan da: material ia guztia saldu dute. Atzora arte utzi zuen jendeak salgai ipintzeko bizikletak, patinak, erruberak, kaskoak eta bestelako osagarriak, eta gaur 14:00etarako ia dena salduta zegoen. Beraz, pozik azaldu dira azoka atenditzen ibili diren Udaleko Ingurumen saileko kideak.

Batik bat, errepideko bizikleta batzuk geratu dira jabe berri gabe, bigarren eskukoak izanda ere, "garestiak" direlako, Nerea Lazpiur udal langilearen esanetan.

Mugikortasun Astearen barruan egin dute 10. Birzikleta azoka, eta, Nerea Lazpiurren hitzetan, kontzientzia gero eta zabalduago dago: "Garraio publikoa lehen baino gehiago erabiltzen da; bizikleta, beharbada, oraindik ez hainbeste", esan du. Hala ere, gaurko azokan garbi geratu da zaletasuna, behintzat, handia dela.

Saldu ez den materiala utzi duenari, jabeari bueltatuko dio Udalak hilaren 26an; eta saldu denaren zenbatekoa dagokionari emango dio ere, egun berean.

Seber Altuben azoka egiten zuten bitartean, Biteri plazan segwayak eta beste ibilgailu minoritario batzuk probatzeko zirkuitua egin dute.

Birzikleta Martxa eskoriatzarrekin

Bihar, domeka, bukatuko dira Birzikletarekin lotutako ekintzak, izan ere, Birzikleta Martxa egingo dute arrasatearrek eta eskoriatzarrek. 11:00etan batuko dira Seber Altuben; handik Torrebasora joko dute eta, bide batez, hantxe dagoen jolasparkea inauguratuko dute; handik, bakoitzak bere herrira joko du eta Arrasateko taldea Garagartzara joango da. Bukaera Seber Altuben izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak