Haurrasate: haurrak ardatz hartuta, Arrasate hobetzeko ibilbidea hastera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 20a, 10:00

Txatxilipurdik, Bagarak eta Huheziko Heldu ikerketa taldeak haurraren ikuspuntua kontuan hartzea aldarrikatzen dute herri arduratsuago bat eraikitzeko: "Haurrak baztertutako ikuspegi guztiak dira, eta euretatik hasi gura dugu hausnarketa. Hala ere, baztertutako kolektibo guztiak gonbidatu gura ditugu gogoeta komun honetara: emakumeak, ezinduak, langabetuak, autorik ez dutenak, etorkinak...". Haurrasate da proiektuaren izena eta irailaren 26an aurkeztuko dute Zaldibarren, 18:00etan.

"Haurrek ez dute ulertzen norbait kanpoan uzten duen hiri bat. Ez dute ulertzen aitona, anaia txikia, txakurra edo landareak baztertzen dituen hiria. Haurrak hiriaren ikuspuntu ekologiko bat dauka eta ikuspuntu hori bera zientziak gura duenarengandik oso gertu dago. Baina, era berean, azken urteetan eraiki dugun hiriarengandik oso urrun dago haurraren ikuspuntua. Haurrek aldaketa eskatzen dute". Francesco Tonucci Italiako ikerlari ospetsuak izan zituen hitzok martxoaren 9an, Haurren hiria liburua Arrasaten aurkeztu zuenean.

Oinezkoendako herri arriskutsua?

Haurrasate proiektuaren bultzatzaileek aspalditik ezagutzen dute Tonucciren obra eta bat datoz; helduen ikuspegitik bakarrik eraikia izan den Arrasate hobetu gura dute: "Gaurko herriek bizitasuna galdu dute eta pertsonen neurrira egindako espazioak beharrean, autoen eta asfaltoaren beharretara egokitu dira kale eta auzoak, gero eta leku arriskutsuagoak bihurtzen joan dira", diote. Oinezkoendako herri arriskutsua bihurtu denaren adierazletako bat da hurrengo datua: 2011n Arrasate izan zen, Usurbil eta Ubideren ostean, auto harrapaketa gehien gertatu ziren EAEko herria: 47,25 harrapaketa 10.000 biztanleko.

Hanka-kosko batez irudikatua

Proiektua haurren jolas gustukoenetako bat den hanka-koskoaz irudikatu dute: "Harria azken laukiraino bota gura dugu, hau da, zentzu guztietan pertsonak kontutan hartuko dituen herri baten ametsa dugu helburu. Badakigu prozesu luzea dela, urte askotakoa, hainbat esparrutatik sustatu beharko dena eta hainbat ikuspegi batuko dituena. Momentuz, laukiz lauki saltoka egin gura dugu". Orain lehen laukian dago Haurrasate, ibilbidearen abiapuntuan.

Gogoetarako fasea da oraingoa eta ume arrasatearrekin hainbat urtez lanean diharduen elkarteak horretara gonbidatu gura du herritarra.

Hainbat galdera planteatzen dituzte: "Zer da herri arduratsu bat? Zer egin dezakegu norbanako eta eragileok? Kolektibo eta taldeen banaketak mesederik egiten al digu? Espazio publikoa galtzen ari gara? Zein mugikortasun eredu du gure herriak? Auzo biziak al ditugu?". Hausnarketa dute bide, baina herritar eta eragileak antolatu eta egingarriak izango diren egitasmoak sortzea gura dute: "Antolatu eta elkarlanean jartzea izango da aterki ilusionagarri honi bide emateko modu bakarra. Eta horrela, Arrasate herri arduratsuagoa bihurtzeko bidean ahalik eta urrunen iristea da asmoa".

Hausnarketarako hiru talde

Txatxilipurdi, Bagara eta Huheziko Heldu ikerketa taldeko kideen arabera, helburua da berez hezkuntza, hirigintza edo gazteriarekin loturarik ez duten norbanako eta taldeak gaiaren gainean "dantzan" jartzera gonbidatzea. Hausnarketa kolektiboa bai, baina haurren ikuspegia ardatz hartuta. Hiru gogoeta talde aurreikusten dituzte: haurrena, gazteena eta helduena. Talde bakoitzean landutakoaren berri emango da besteetan, hau da, prozesua paraleloan joango da hiru gogoeta taldeen artean. Irailaren 26an izango da aurkezpena eta lehen fasea abenduan joko dute amaitutzat, jaialdi batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak