Beste era batera mugitzen ohitzeko aste bukaera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 20a, 10:30

Bihar eta etzi izango dira Mugikortasun Astearen barruan antolatutako ekintza potoloenak. Bihar, Birzikleta Azoka egingo da Seber Altube plazan eta emisio txikiko ibilgailuak probatzeko aukera egongo da Biteri plazan, baita horien gaineko erakusketa bat ikusteko ere. Zirkuitu bat egongo da oraindik ere gutxi erabiltzen ditugun ibilgailu horiek probatzeko. Bi ekintzotan parte hartzeko aukera 11:00etatik 15:00etara egongo da.

Domekan, berriz, bizikleta bira egingo dute Seber Altube plazatik irtenda (11:00). Eskoriatzara joango dira, Eskoriatzako Mugikortasun Astearekin bat egingo dute-eta. Beste urte batzuetan baino luzeagoa izango da ibilbidea, besteak beste, Garagartza auzoan geldialdia egin behar dutelako. 17 kilometro inguruko ibilbidea izango da.

Birzikleta Azokak, hamar urte

Birzikleta Azoka izan ohi da ekintzarik arrakastatsuena. Aurten, gainera, berezia izango da hamar urte beteko dituelako. Materiala uzteko aukera egon da atzo iluntzera arte eta, atzo bildu zena kontuan hartu gabe, 124 artikulu jaso dituzte. Errepideko bizikleta "askotxo" jaso dituztela esan digute Udaleko Ingurumen Saileko arduradunek. Beraz, 10. Birzikleta Azokan ere egongo da zer erosi.

Saltzen ez den materiala eta saldutakoaren zenbatekoa jabeari itzuliko zaio irailaren 26an udal azokan, 17:00etatik 19:00etara. Bestalde, Josu Pereda Ingurumen zinegotziak Mugikortasun Planaren barruan azken bi urteetan eman diren urratsen berri eman zuen Arrasate Irratian. Alde zaharraren peatonalizazioa eta TAO sistema jartzeko erabakia aipatu zituen, besteak beste. TAOren kasuan, gogora ekarri zuen asmoa dela abendurako  martxan jartzea proba modura, unibertsitate inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak