Mugikortasun Astearen barruan, Birzikleta Azokak hamar urte

Jagoba Domingo 2013ko irailaren 17a

Mugikortasun Astea martxan da Arrasaten, hala ere, asteburura arte itxaron beharko dugu ekintza garrantzitsuez gozatzeko. Besteak beste, bizikleta martxa edo aurten 10 urte beteko dituen Birzikleta azoka egingo dituzte. Dagoeneko gainera, azokarako materiala batzen hasi dira.

Mugikortasun astean buru belarri sartuta daude Debagoieneko hainbat herri, bada Arrasaten ere, lanean ari dira autoari alternatiba bilatu eta herritarrengan garraio publikoa nahiz bizikletaren erabilera bultzatzeko.

Besteak beste, Hiribusa dohainekoa izango da aste osoan zehar, hala ere, ekintza nagusiak asteburuan antolatuko dituzte.

Bizikleta martxa, Birzikleta Azoka edo emisio txikiko ibilgailuen erakusketa

Bizikleta martxan, eskoriatzako mugikortasun astearekin bat egingo dute aurten, bi herriek 17 kilometrotako ibilbidea batera egingo dute-eta. Egun garrantzitsuena ordea, zapatua izango da. Zapatuan Biteri plazan eta Seber Altube plazan, emisio txikiko ibilgailuen erakusketa eta zirkuitua eta Birzikleta azoka egingo dituzte hurrenez hurren. Birzikleta azokak gainera aurten hamar urte beteko ditu, eta Mugikortasun Asteko hitzordu arrakastatsuena bilakatu da dagoeneko. Bertan, etxean gordeta ditugun bizikleta zein patinak jasotzen dituzte, gero horiek saltzeko; eta dagoeneko materiala jasotzeari ekin diote. Nerea Lazpiurren arabera, gutxi gora behera 60 artikulutik gora jaso dituzte.

Materiala eramateko aukera zabalik

Gaur goizean herritar dezente hurbildu da Arrasateko Udal azokan dagoen lokalera, gehienbat bizikletak eramatera. Materiala eramatea nahi izanez gero, arratsaldean 17:00ak eta 19:00ak artean bertan egongo dira, eta eguenean ere 11:00ak eta 13:00ak artean eta 17:00ak eta 19:00ak artean. Birzikleta azokak baina, bi helburu nagusi dituela esan digu Nerea Lazpiurrek. Lehena, mugikortasun jasangarriaren inguruko kontzientziazio kanpaina aurrera eramatea; eta bestea, materiala berrerabiltzeko ohitura areagotzea.

Beraz, zapatuan 11:00etatik aurrera zabalik egongo den 10. Birzikleta azokara joateko arrazoiak badaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak