Luis Mari Apraiz: "Zinegotzi izanda, tokiko administrazioa eta dauden presio eta interesak ezagutu ditut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 17a, 02:00

Bizkaiako Murueta herrian jaio bazen ere (1946), Arrasaten bizi da 1970. urtetik. Hirigintza, Ogasuna, Pertsonal eta Kultura sailetan parte hartu zuen eta baita AUKEAn ere. Portu, Ubide eta Bidetako ingeniaria da eta, besteak beste, Lankide Aurrezkia, LKS Ingenieria eta Ekimen Ingenieria izan ditu lantoki; egun erretiratua da.

2007-2011 legealdian izan zinen Udalean, ze oroitzapen dituzu?

Ahazteko zailak diren gertakari mingarriak izan ziren arren, orokorrean legealdiaren oroitzapen onak ditut. Beste alderdietako ordezkariekin errespetuzko harremana genuen ezberdintasun ideologikoak bagenituen ere. Uste dut ez naizela oker ibiliko nire taldeko kideek ere sentsazio bera dutela esatean. 

Zelako lan-esfortzua eskatzen zizun zinegotzi karguak?

Duda barik, oposizioko zinegotzia izan edo gobernuko taldeko kidea izan ez da gauza bera; hala ere, lan ordu asko nituen bulegoan, batzordetan eta osoko bilkuretan eta baita kalean ere, herritarrei entzuten. Zinegotzi lana Foru Aldundiko Errepide zuzendari karguarekin bateratzea egokitu zitzaidan. Ez zitzaidan zaila egin; are gehiago esango nuke, akaso erraztu egin zidala bi tokietan egoteak, hainbat gairen gaineko erabakiak hartzeko orduan. Goizetan Foru Aldundian izaten nintzen eta arratsalde eta iluntzetan, berriz, Udaletxean.

Zerk bultzatu zintuen EAJko zerrendatan izatera?

Urte batzuk baneramatzan tokiko politikan lanean: Arrasateko EAJko idazkaria izan nintzen, batzordetako kide ere bai, eta baita Erki Batzarreko Ahalduna ere. Azken horretan, egun ere parte hartzen dut. Interesgarria iruditu zitzaidan, atzeko lanetatik aurrekoetara pasatzea eta baiezkoa eman nuen; nahiz eta gero, ez genituen hauteskundeak irabazi.

Hainbat batzordetako kide izan zinen. Zer moduz moldatu zinen?

Alderdiak, kide bakoitzak zuen perfilaren araberako banaketa egin zuen eta nire kasuan, batzorde horietako batzuk, bereziki, Hirigintza eta Ogasuna, formazio eta lanbidearekin bat zetozen. Batzorde larregi zeudela iruditzen zitzaidan. Batzordetako buru eta teknikariek garatzen zituzten bereziki gaiak eta nire ustetan, orokorrean modu egokian, nahiz eta sarritan gure alderdiak egindako proposamenak ez zituzten behar beste kontuan hartzen.

Olandixoko tunela izan zen legealdiko proiektu nagusienetako bat. Zeintzuk gehiago azpimarratuko zenituzke?

Proiektu gehienak, aurreko legealditik eratorritakoak ziren; horien artean, Etxaluzeko eraikina, ospitalea eta Zerrajera. Ferixalekuko igogailua jartzea bereziki nabarmenduko nuke eta baita Olandixoko saihesbidea ere, nola ez. Burukomin handienak eman zizkigunak gune publikoetako aparkalekuen arautzeak izan zirela esango nuke, ospitale ingurukoak, bereziki.

Isaias Carrasco, PSE-EEko zinegotzi oiha hil zuten legealdi horretan eta ondorioz, Ino Galparsoro orduko alkatea kartzelaratu zuten.

Garai mingarriak izan ziren, ekintza gaitzesgarria eta alferrikakoa izan zen; legealdi osoan izan zen Carrascoren oroimena. Inoren kartzelaratzea bidegabekoa iruditu zitzaigun eta haren askatasuna eskatu genuen, ezin justifikatuzko neurria izan zen.

Zer eman diote Apraizi, zinegotzi karguko lau urteek?

Tokiko administrazioa eta baita erabakiak hartzeko orduan dauden presio eta interesak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman zidaten, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak