Besaide mendizale elkartea: "Udalatx bereziki zaintzea eskatzen dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 16a, 14:50

Besaide mendizale elkarteak lanean jarraitzen du Arrasate eta inguruetako ondare naturala mantentzeko: "Udalatx, Arrasateko ondare naturalaren erreferentzia nagusietako bat izanik, bereziki zaintzea eskatzen dugu nahiko utzita dagoela uste dugulako. Atentzio berezi bat merezi duela uste dugu", adierazi digu Aitor Zubiaga elkarteko kideak.

Urtzi Mendizabal biologo arrasatearrak jakinarazi digunez, bestalde, 2012ko urriaren 16an Eusko Jaurlaritzak adostu zuen Europako Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 14 ibai eta itsasadar eta bost mendi eta naturgune: "Eremu horietan babes-neurri zehatzak ezarriko dira, hau da, natura babestu eta berreskuratzeko bidean aurrerapauso esanguratsuak dira. Horrek biodibertsitate, balio faunistiko, botaniko, geologiko, kultural eta ekosistema naturalen zerbitzuen aldetik, Arno, Ernio-Gazume eta Izarraitz mendien oso antzerakoa den beste euskal mendi bat babesteko ezinbesteko beharra dakarkigu burura: Udalatx".

(Udalatxen dagoen Aster Alpinus espezie babestua)

Finean, Udalatx Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eskatzen dute Mendizabalek zein Besaide elkarteak: "Legea betetzea, besterik ez da eskatzen", dio Mendizabalek.

Balio naturala zehaztea

Era berean, Arrasateko Udalak 2012ko urriko osokoan onartu zuen Biodibertsitatearen Aldeko Manifestua. Idatzi horretan jasotzen da, besteak beste, udalerrian biodibertsitatearen galera gelditzeko beharra: "Balio naturala non dagoen zehazki jakin behar da, kudeaketa egoki batera begira", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak