Elikadura subirotasunean emakumeen tokia aldarrikatu dute

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 11a, 21:47

Jende ugari erakarri du Kulturatera 'Feminismotik komunitatera, elikadura burujabetza helburu' berbaldiak. Gaurko nekazaritza ereduez eta horiek aldatzeko eman beharreko urratsez egin dute berba, besteen artean, Florencia Arostica txiletarrak eta Maite Aristegi eta Assumpta Ayerdi euskaldunek.

Txileko errealitateaz egin du berba aurrena Arosticak. Anamuri  (Emakume nekazari eta indigenen nazio erakundea) elkarteko lehendakaria da bera, eta oraingo nekazaritza eredua bertan behera geratu behar dela eman du aditzera. "Eredu industriala eta matxista nagusitzen da egun. Eta guk mundu justu baten alde diharduten emakume eraikitzaileak izan gura dugu. Nekazaritzan feminismoaren alde egiten dugu, nahiz eta feminismoari berari kutsu negatiboa eman gura izan zaion, horren apustu egiten dugu".

Bestalde, eta bide industriala ardatz hartuta, jasangarriagoa den beste bide batzuk bilatzearen aldekoa da. "Egun erabiltzen diren produktu toxikoek-eta kalte handiak eragiten diote lurrari eta oro har, jendearen osasunari".

Ez duela ezer asmatu behar esan du gonbidatu txiletarrak. "Antzinako ereduak berreskuratu beharko lirateke. Galdu egin da nekazaritzan lehen zegoen hartu-emana, jakinduria-eta partekatzeko. Esaterako, hazien elkar-trukaketak egiteko ohitura zegoen, esaterako".

Maite Aristegik (baserritarra eta EHNE eta Etxaldeko kideak) ere lehengotara bueltatzeko ideia defendatu du Kulturatera bertaratu direnen aurrean. "Izugarri aldatu da baserri eredua. Lehen bizia zen, ingurukoek zaintzen zuten, helburu nagusia jendeari jaten ematea zen, eta emakume baloreak zituen".

Nekazaritza industrialak horiek guztiak alboratu dituela eta eredu maskulinoak nagusitu dira Aristegiren esanetan. Berriz ere oreka bilatzearen alde azaldu da, "bakarrik ezingo dugu agian, baina elkarteetan bilduz, esaterako, bai".

Bestalde, Emaus, Elikadura Burujabetza ataleko arduradun Assupta Ayerdik elikadura burujabetzak feminismoarekin duen lotura handia ekarri du gogora. "Lurra banatzea edo legea aldatzea lortzen baldin bada, baina ez baldin badago genero ikuspunturik ez da benetako aldaketa emango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak