Aldaketak Hondakinen Mahaian: PSE-EEk utzi egin du eta Arrasate Garbik parte hartuko du

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 11a, 21:28

Bi arrazoi nagusi aipatu ditu PSE-EEko Aritz Arrietak Hondakinen Mahaia uzteko: erabakiak hartzeko duen "gaitasun eza" eta mahairen beraren osaketa: "Mahaia ez da loteslea, eta proposamenak bozkatzerako orduan atez atekoaren aurka gaudenok gutxiengoan gaude".

Arrasate Garbik, bestalde, parte hartuko duela jakinarazi du: "Mahai horren osaketari buruzko irizpideekiko desadostasuna mantendu arren, Arrasate Garbik akordio batera heltzeko interes komunera batzea erabaki du, gure arteko ezberdintasunak konpondu eta horrela arrasatearron interes orokorren alde egiteko".

Alderdi sozialistaren ustez Hondakinen Mahaia "herritarrenganako iruzurra" da, bertan hartu beharreko erabakiak ez direlako lotesleak: "Erabakia hartuta dago eta alkateak erabaki hori atzera botatzen ez duen bitartean eta mahaiaren osaketa aldatzen ez bada, alderdi sozialista kanpoan geratuko da". Mahaian berriro esertzeko jarri duten baldintza da alkateak hondakinak biltzeko sistemaren erabakia berriro ere osokora eramatea.

Hori bai, "helburuetan bat" datozela dio Arrasateko PSE-EEren bozeramaileak: "Birziklatzeko helburuetan ados egongo gara eta fiskalitatean ere seguruenik adostasun batera hel gaitezke. Funtsean, ez gaude ados zabor bilketa atez atekoa izatearekin, eta Udal Gobernuak erabakia hartuta duenez, alderdi sozialistak ez du ezer gehiago esateko mahai horretan".

Lurpeko edukiontzien gaia ere aipatu du PSE-EEko bozeramaileak: "Bere garaian diru mordoa erabili zen hori martxan jartzeko eta uste dugu Udal Gobernuak diru partida hori beste zerbaitetarako erabiliko duela. Suposatzen dugu Mankomunitatera emango diola diru hori beste proiektu batzuk aurrera eramateko. Sistema horrek ez du usainaren arazorik eta zaborra ez du kalean uzten. Ondo kudeatu beharrean itxi egin dituzte eta beste batzuk apurtuta utzi dituzte".

Arrietaren esanetan, bestalde, Mankomunitateko aurrekontu-sailean atez atekoa martxan jartzeko dirua aurreikusita dago. Dioenez, sistema berria zaharrak baino gastu gehiago izango ditu eta, besteak beste, kamioiak aldatu beharko dira eta ontziak erosi beharko dira. Arrietaren arabera, gastu horiei guztiei herritarrek egin beharko diete aurre.

"Badakigu gehienak atez atekoaren aurka daudela"

Arrietak "neurriak hartzeko ordua" dela uste du: "Egongo dira atez atekoaren aldekoak, baina guk badakigu Arrasateko gehiengoa aurka dagoela. Uste dugu neurriak hartu behar direla eta herritarrek nolabait adierazi behar dutela aurka daudela"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak