Alberto Garai: "Kirola egiten hasi aurretik osasun azterketa egitea oso garrantzitsua da, arazorik ez izateko"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 11a, 02:00

Oporren ostean jende asko hasten da kirola egiten. Athloneko kirol medikuak kirola egiten hasi aurretik egin beharreko urratsez egin du berba, baita debagoiendarrek kirola egiteko duten ohitura eta moduez ere.

Garai honetan, urteko beste hilabete batzuetan baino mugimendu handiagoa igartzen duzue Athlonen?

Urtero bezala. Udazkenean beti izaten dugu lan handiagoa; elkarteekin aritzen gara, gehienbat, kirol taldeekin. Esango nuke asmo berriak direla-eta kirola egiten hasten direnak ez direla askorik gerturatzen gurera. 

Eta zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue, zehazki?

Nahiko zerbitzu osatua eskaintzen dugu. Gure helburu nagusia prebentzioa da. Pertsona batekin nagoenean, pertsona hori ondo aztertzen dut, kirola egiteko inongo arazorik ez duela izango jakin arte. Elementu garrantzitsuena osasun azterketa da, baina, horrez gain, lesioak tratatzen ditugu, eta lesioak saihestu. Aholkularitzak ere garrantzia dauka, eta baita kirol kultura sortzeak ere. Formazioa ere eskaintzen dugu, entrenamendu plangintza egiten laguntzen dugu...

Zenbateraino da garrantzitsua kirola egiten hasi aurretik osasun azterketa egitea?

Oso garrantzitsua da; izan ere, kirola egitea ez da beti ona. Bat-bateko heriotza gerta daiteke, arazo kardiobaskularrak izan daitezke... Dena ongi aztertu, baloratu eta jendea aholkatu behar da, arriskurik ez dagoela ziurtatzeko. Kirolak gure gorputzean aldaketak sortzen ditu eta maiz ez dira onak izaten. Gainera, osasun azterketa eginda, sarri ez da nahikoa izaten, jarraipena egin behar da. 

Eta zer egiten duzue osasun azterketa baten?

Gauza asko. Lehenengo elkarrizketa beti da garrantzitsua, informazioa elkartrukatzea. Beraz, aurreneko urratsa elkarrizketa pertsonala da, familiako aurrekariak aztertzea, eragin zuzena dute-eta norberagan. Baita bakoitzaren aurrekariak ezagutzea ere: nolako gaixotasunak izan dituen, ebakuntzarik egin dioten, zenbat kirol egin duen, zer-nolako ohiturak dituen... Horren ostean, osasun azterketa etorriko litzateke, lokomozio-aparatua eta aparatu kardiobaskularra begiratu, eta esfortzu proba ere egiten dugu. Guztiarekin txosten bat idatzi eta aholkularitza pertsonala egiten dugu. Gutxi gorabehera, ordubete ingurukoa izaten da eta emaitzen arabera zein kirol ez den komeni eta zein bai ikus  daiteke. 

Eta derrigorrezkoa da esfrotzu proba egitea? 

Oso garrantzitsua da. Kirola egiten denean, normalean, mugaraino eramaten da gorputza. Gu saiatzen gara laborategian makina batzuekin, elektrokardiograma batekin eta tentsio aparailuekin egoera horretara iristen, progresiboki, betiere. Nekatu egin behar da eta bihotzaren erritmoa aztertzen eta egon daitezkeen arazoak ikertzen ditugu, nola erantzuten duen... Eta bakoitzarentzako entrenamendu erritmo pertsonalizatuak ateratzen dira praktikatzen den kirolaren arabera.

Albiste onez gain, txarrak ematea ere egokituko zaizue...

Egia da momentuan berri txarrak izaten direla, baina epe luzera on bilakatzen direnak. Esan bezala, gure lana prebenitzea da eta zerbait arraroa ikusiz gero eta konponbiderik ez badauka, kirola kentzen dugu; urtero bi pertsonari, behintzat, debekatzen diegu kirola egitea. Konponbidea edukiz gero, ostera, ebakuntza baten ostean kirola egiten hasi ahal izango da berriro. Kasu horretan, urte bakoitzean bospaseik egiten dute bihotzeko ebakuntza, kirola praktikatu ahal izateaz gainera, bizi kalitatea ere hobetzeko.

Kasu batzuetan kirolez aldatzea ere aholkatzen duzu. Nola hartzen du jendeak?

Saiatzen gara ongi aholkatzen, eta haserreak egoten dira, noski. Baina zergatiak azaltzen dizkiegu eta beste kirol batzuk bilatzen ditugu, intentsitate ezberdinekoak. Kosta egiten den arren, ohitu egiten dira egoerara. Kirola hainbat arrazoirengatik praktika daiteke: ongi pasatzeko, disfrutatzeko, ondo egoteko... Beste kirol bat egin arren, helburu horiek ere lor daitezke. 

Sarritan, horrelako zerbitzu bat kirolarientzako bakarrik dela pentsatzen dugu, baina edonork erabil dezake, ezta?

Askok eta askok uste dute profesionalek bakarrik egin behar dutela horrelako osasun azterketa bat, eta ez da hala. Aurretik azaldu dudana proba arrunta da, profesionalentzako esfortzu probak ordubete baino luzeagoak dira, esaterako. Guk edozeini zuzendutako zerbitzua eskaintzen dugu, umeak direla, hirugarren adinekoak... Gero eta jende gehiago dator, galdetzera bada ere.

Eta zer-nolako aholkuak eskatzen dituzte? 

Denetarik, baina, gehienbat, egin gura duten kirola zein intentsitatetan egin galdetzen dute, nola entrenatu eta zenbat denboran... Eta elikaduraren, hidratazioaren zein kirol arropen inguruko zalantzak ere izaten dituzte eta aholkuak ematen dizkiegu. 

Uste duzu ongi informatuta gaudela?

Informazio asko jasotzen dugu  eta, sarritan, desinformatzeko balio du. "Hau esan didate" edo "interneten irakurri dut"... 

Orokorrean, Debagoienean kirola ondo egiten dugu?

Orokorrean, ondo egiten dela esango nuke. Janzkera aldetik jendea kirola egitera nola joaten den, nola berotzen duen eta progresiboki aritzen ote den begiratzen dut askotan, eta hobetzen goazela esango nuke. 

Nola komeni da antolatzea kirola egiteko? Nola planifikatu?

Oso kontu pertsonala da eta helburu bakoitzaren arabera modu batera edo bestera antolatu beharko genuke: bi egunean, hirutan... Garrantzitsuena kirolarekin ongi pasatzea da, dela taldean arituz, edo bakarka. Bestalde, oso helburu konkretuak izanda, hobeto izaten da entrenatzaile pertsonal bat izatea. Denboraldi baten horrela arituta, entrenatzen, norberaren ezaugarriak ezagutzen eta entrenamendua nola aldatzen joan ikasten da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak